Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ainhoa Aizpuru: “Lehen sektorea herritarrengana zabaltzea da sektorea indartzeko modurik eraginkorrena”

Ainhoa Aizpuru: “Lehen sektorea herritarrengana zabaltzea da sektorea indartzeko modurik eraginkorrena”

Asteburuan Aian ospatuko den Landare Berezien azokaren garrantzia azpimarratu du aurkezpenean Aizpuru Diputatuak

Aiako Landare Berezien Azokaren garrantzia azpimarratu du Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde orekako diputatuak Aiako Iturraran Parketxean egin duten azokaren 14. edizioaren aurkezpenean.

“Ekonomia sustatzeko bestelako modu bat da azokena, baina aldi berean oso kontuan hartu beharrekoa eta gure kulturan oso errotuta dagoena. Azoka bezala erreferente bilakatu da Aiakoa eta Estatuan/Europan,  maila honetan egiten den bakarrenetakoa da”, azaldu du Aizpuruk. Gogoratu du asteburuan Aian egingo den azokan kontinente guztietako lore eta landareak izango direla ikusgai eta salgai, eta saltzaileen artean,  bertakoak ez ezik Frantzia edo Italiakoak ere egongo direla argitu du Aizpuruk.  

Baina azokaren nazioarteko proiekzioaz haratago, azoka beraren garrantzia ere gogoratu du Landa Garapenerako diputatuak: “Lehen sektorea herritar ororengana zabaldu eta gerturatzea ahalbidetzen du azoka honek eta hori da, sektoreari hauspoa emateko modurik eraginkorrena”. Azokaz gain, parkea bera ere Aldundiarentzat oso garrantzitsua dela adierazi du Aizpuruk, horregatik egin nahi izan dute aurkezpena bertan.

Prentsaurrekoan, Aizpuru diputatuarekin batera Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea eta Jon Zulaika, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landare Babestuen arduraduna izan dira. Azokara gerturatuz, azokaz gozatzeko deia luzatu du Aiako alkateak, eta azpimarratu du, azoka Iturrarango Lorategi Botanikoan izango dela, eta bertaratzen direnek azokarekin batera ingurune paregabeaz gozatu ahal izango dutela. Era berean, azokaren antolakuntzan dauden boluntarioen lana goraipatu egin nahi izan du Aiako alkateak.

Azokan 48 postu egongo dira; 4 euro kostako da sarrera eta sarreraren barne daude aparkalekutik azokarainoko garraio zerbitzua eta egindako erosketen kontsigna zerbitzua ere. Jatekoa edo edatekoa erosteko postuak ere jarriko dituzte, eta baita jolaslekua etxeko txikienentzat ere.  

Bertan ikusiko diren berrikuntzen artean aipagarrienak, aurten lehendabizikoz ikusiko dira Bite Me Plants postuko landare haragijaleak edo fruitudun landare exotikoak.

Larunbatean “Botanikaren espedizioa Zelanda Berrian” hitzaldia eskainiko du Coello Verak eta Biodibertsitatearen lorategira bisitak ere antolatu dituzte. Igandean landareen inguruko azoka osagarria ere jarriko dute Aiako plazan, bertan beste 18 postu egongo dira. 

  

1510