Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak herritarrekiko komunikazioa indartuko du, horretarako bideak eta lengoaiak modernizatuz

Aldundiak herritarrekiko komunikazioa indartuko du, horretarako bideak eta lengoaiak modernizatuz

Sare sozialetako eta web orrietako profilak bateratzearekin informazio baliagarriagoa eskaini ahal izango du, interakzioa sustatuz.

2016/12/28

Markel Olano diputatu nagusiak eta Imanol Lasa foru bozeramaileak komunikazio arloan garatuko dituzten ekimen berriak azaldu dituzte gaur. Ekimen horiekin bilatzen dutena da, batetik, Gipuzkoako herritarrak Aldundiaren egunerokotasunera hurbiltzea, eta, bestetik, herritar horien galde eta eskaerak era aktiboan entzutea, "konfiantzan" eta "bi noranzkoetan" oinarritutako harremana sendotuz.  “Ezin dugu hitz egin gobernantza onaz, gertuko gobernantzaz edo gardentasunaz, herritarrekin komunikatzeko modua modernizatzen eta bizkortzen ez badugu, komunikatzeko bideak eta estrategiak egungo gizartera eta teknologietara egokitzen ez baditugu", azaldu dute.  

Aldundiko bi ordezkariak kazetariekin bildu dira gaur, eta foru jauregiko prentsa areto berritua aurkezteko aprobetxatu dute. Olanok eta Lasak diotenez, sare sozialek eta mugikorren erabilerak errotik aldatu dute herritarrekiko komunikazioa, eta Aldundia eszenatoki berri horretara egokitzeko neurriak hartzen ari da. Twitter eta facebook sareetako profil kopurua murriztu egin da, kontuak bateratuz. Horrela, aurrerantzean, 5 kontu nagusi (OrainGipuzkoa, GipuzkoaKultura, SanSebastianRegion, GipuzkoaKirolak eta GipuzkoanGazte) eta 4 espezifiko (Gaztematika, Udaltop, Gipuzkoa 1:5000, Lurraldebus) izango ditu. 

Lehen independenteak ziren eta orain kontu nagusietan integratu diren profilek gaiaren araberako traolak erabiliko dituzte –adibidez, #berdintasuna-. Horrela, eta irudi homogeneo baten laguntzaz, herritarrek errazago identifikatuko dute Aldundia.  Helburua da “informazio baliagarria, garrantzizkoa, osoa eta kalitatezkoa eskaintzea, zerbitzu hobea emateko”, baina baita erabiltzaileekiko interakzioa sustatzea ere: “erabiltzaileek planteatutako zalantzei eta kontsultei erantzuten saiatzeko konpromisoa hartu dugu, zuzenean, ahalik eta azkarren, eta iritziak  bildu eta trukatzekoa, horretarako askotarik tresnak erabiliz, hala nola inprimakiak eta inkestak”.

Beste neurri bat ere hartu da arlo honetan: gaikako eta sektorekako web orri ugariak, legealdi hau hasterako jada bazeudenak, zentralizatzea. Aldundiaren web orri guztiak aztertu ondoren, ikusi zen 230 bat webgune zeudela, elkarrekin zerikusirik ez zuten diseinu eta egiturekin, baita zerbitzari desberdinekin ere:  “Dispertsio horrek nahasketa izugarria sortzen zuen”. Horregatik, webgune bakarrean bateratu dira –www.gipuzkoa.eus- intereseko eduki guztiak, diseinua eta nabigagarritasuna hobetuz, edozein gailu motatatik irisgarriak izan daitezen, eta iruzkinak egiteko aukera ere emanez.

  

1247