Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoa osoan 90km baserri bide eraberritu dira Foru Aldundiaren Landagipuzkoa+ egitasmoari esker

Gipuzkoa osoan 90km baserri bide eraberritu dira Foru Aldundiaren Landagipuzkoa+ egitasmoari esker

Baserri Bideen Berritze plangintzako 2016ko deialdiari esker 148 proiektu gauzatuko dira lurraldeko eskualde guztietan

Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan, landa inguruneari lotutako Landagipuzkoa+ egitasmoaren lau ardatzetako baten garapena aurkeztu du gaur Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Baserri Bideen Berritze plangintzari dagokion atala, alegia. 2016an abian jarritako deialdiari esker Tolosako Auzotxiki auzoan eraberritzen ari diren baserri bide bateko obrak bisitatu ditu Aizpuruk, Tolosako alkatea den Olatz Peon eta eraberritze-lanen onuradun batekin batera.

Gipuzkoako landa eremuetan eta herri txikietan jasaten duten desorekari aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurralde Orekako zuzendaritza sortu zuen legealdi honen hasieran. Landa ingurunean hiri ingurunearen antzeko zerbitzuak eta gizarte ongizatea lortzeko helburuarekin, zuzendaritza honek Landagipuzkoa+ plana diseinatu eta ekainean aurkeztu zuen Albizturren. Egitasmo honek lau lan-ildo ditu bere baitan. Gaur, landa eremuetara bideratutako proiektu nagusienetako bat aurkeztu da, Baserri Bideen Berriztatze proiektua.

Landagipuzkoa+ planaren aurkezpenerako egin zen azterketaren arabera, Gipuzkoan 3.360 kilometro baserri bide daude. Bide horietan egoera txarrean aurkitzen diren eremuak berritu asmoz, aurtengo deialdirako, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2 milioi euroko ekarpena bideratu du inbertsioak finantzatzeko. Guztira, 74 herri eta toki-erakunderen eskutik, eta Landagipuzkoa+ planari esker, 148 proiektu gauzatuko dira deialdi honi esker, hain zuzen ere. Proiektu hauek aurrera eramateko, udalek egindako ekarpenarekin, guztira 3.815.242 euroko inbertsioa bideratuko da eta lurraldeko eskualde guztietara iritsiko dira laguntza horiek. Ainhoa Aizpuruk adierazi duen bezala, aurten 90km baserri bide berriztatuko dira ondorengo lan motak aurrera eramanez: hormigonaketa, asfaltatzeak, seinalizazioa, harri-lubetak, ur bideak eta biondak jarri dira nagusiki.

Ainhoa Aizpuruk balioan jarri ditu lurraldeko herri txikiak eta baita landa eremuak ere, bere ustetan, “Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat direlako”. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa pertsonen arteko ezberdintasun maila gutxien duen Europako lurraldea izatea jarri du helburu, eta horretarako “lurralde oreka mantentzea, herri txiki eta eskualde indartsuez osatutako lurraldea izatea” ezinbestekoa dela azpimarratu du jarraian. Zentzu horretan, Landagipuzkoa+ planaren garrantzia gogora ekarri du Aizpuruk eta Aldundiaren apustua irmoa dela gailendu du, “gure baserritarren bizi kalitatea bermatzeko eta herri txikietako garapena sustatzeko, azpiegitura lan hauetarako urtero deialdi ezberdinak jarriko dira martxan”.

Lurralde Orekako diputatuaren ustetan, lan hauek aurrera eramateaz gain, gizarte sentsibilizazio lan bat ere martxan jartzea ezinbestekoa da. Baserri bide hauen erabilera oso anitza da, bertan bizi direnen erabileraz gain, jarduera ezberdinetarako erabiltzen diren garraio motak pisu handikoak dira, eta askotan “gizartea ez da ohartzen horrek eragiten duen kalteaz” gehitu du Aizpuruk. Arazo honen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak irekia izango den batzorde iraunkor bat osatzea erabaki du aste honetan. Batzorde honek, gaia sakondu ostean, aholkuak emango dizkie udalerriei kontzientziazio lan horretan. Era berean, foru diputatuak iragarri duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak baserri bideen inbentarioa kartografia digital batean jasoko du, uneoro, egoeraren berri modu ireki batean edonork eskura izan dezan.

  

1371