Breadcrumb

Asset Publisher

Back KMK 2016 jaialdian parte hartzeko deia egin die Foru Aldundiak gipuzkoarrei

KMK 2016 jaialdian parte hartzeko deia egin die Foru Aldundiak gipuzkoarrei

Urriaren 2an Bergaran izango den festaren antolatzaileei harrera egin die Markel Olanok diputatu nagusiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera egin dio gaur goizean KMK 2016ko antolatzaileek osatutako ordezkaritzari. Urriaren 2an izango da aurten ikastolen aldeko jaialdi handia, Bergaran, Demasa lelopean. Aitziber Lopez de Aretxaga Aranzadi ikastolako presidenteak, Ane Barruso zuzendariak, eta  Igor Elortza, Arantxa Manterola, eta Nekane Artola antolatzaileek xehetasunen eta antolakuntza lanen berri eman diete Markel Olano diputatu nagusiari eta Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariari, festarako gonbidapena luzatzeaz gain gain.

Olanok, berriz, babes eta atxikimendu osoa adierazi dizkio euskararen eta ikastolen aldeko ekimenari, eta bat egin du jaialdiak duen helburu sozialarekin. Aurten, aniztasunari pisu berezia eman diote antolatzaileek. Azken urtean zehar eta jaian bertan, erronkatzat hartu dute ikastolako 712 ikasleengan eta haien familiengan dauden “adimen, adin, pentsaera, sentimendu, joera, jatorri, hizkuntza, gaitasun desberdin horiek guztiak batzea eta elkarrekin lanean jartzea kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan”. Aurreko kilometroetarako jarritako helburuei ere jarraipena emango diete: jasangarritasuna eta parekidetasuna, esaterako.

Diputatu Nagusiak dei egin die gipuzkoarrei KMK 2016 jaialdian zein jaialdiari lotuta antolatzen ari diren ekimenetan parte hartzeko, eta euskararen eta aniztasunaren alde “egunero” dihardutenen lana goraipatu du. “Egun handia eta polita izango da, eta gipuzkoar eta euskaldun guztiak animatu nahiko nituzke euren ekarpena egitera”, amaitu du.

  

1699