Breadcrumb

Asset Publisher

Back Markel Olano: “Elkar-EKIN planarekin, abian jartzen da gizarteratzearen agenda Gipuzkoa”

Markel Olano: “Elkar-EKIN planarekin, abian jartzen da gizarteratzearen agenda Gipuzkoa”

Diputazioak aurkezten duen gizarteratze planak, aurten bertan, eragin zuzena izango du 1.500 onuradunengan

Gipuzkoako Foru Aldundiak Elkar-EKIN 2016-2020 Gipuzkoako Gizarteratze Plan berria aurkeztu du gaur. Unibertsitate, elkarte eta hirugarren sektoreko entitateen eskutik plan honek, onuradunei, gizarteratze eta lan munduan barneratzeko aukerak sortuko dizkie, bakoitzarentzat egokituak izango diren programekin. Urte honetan bertan 1.500 onuradun zuzen izango ditu Elkar-EKINek. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok adierazi du plan honek hasiera ematen diola gizarteratzearen agendari Gipuzkoan: “Gipuzkoa gizarte ezberdintasun txikiena duen lurraldea izatea nahi dugu. Eta hori da, hain zuzen ere, plan honek bilatzen duena” azpimarratu du Olanok.

Plana jendaurrean aurkeztu aurretik, Foru Gobernuaren ordezkariek lankidetza protokolo bat sinatu dute hirugarren sektoreko hainbat eragile, elkarte eta entitaterekin, eta baita ere erakundeekin, Gipuzkoan gizarteratzeko plan hau garatzeko xedez. Protokoloa sinatu dutenen artean daude Lanbide eta Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritzaren izenean, eta Donostiako Udala, Caritas, Emaus, Gureak, Gurutze Gorria, Peñascal, Sartu eta Fundación Secretariado Gitano, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Deustuko Unibertsitateak. Aurten 1,8 milioi euroko aurrekontua izango duen plan honi bere babesa adierazi diote agente guzti horiek. Diputatu nagusiak azpimarratu du plan bizia dela hau, eta protokoloa atxikimendu berrietara irekita egongo dela uneoro, elkarte desberdinek batera garatuko baitute.

  Olanok ekimen honen nondik norakoak azaldu ditu: "Plan honi esker, bazterketa egoeran nahiz baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonek esku-hartze pertsonal eta espezifikoa jasoko dute, aktibazio laboralerako plan bat, prebentzioa ere landuko duena, gizarte kohesionatuagoa lortzeko”.

5 HELBURU ETA 6 JARDUKETA LERRO

Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak bere kezka azaldu du, datuek erakusten dutelako bazterketa larria kronifikatzeko joera dagoela. Horregatik, Peñak nahi du “plan hau pizgarri bat izatea, une honetan baztertuta dauden pertsona horiei laguntzeko”<0}

Planaren bost helburu zehatzak aipatu ditu Gizarte Politikako diputatuak: gizartetik baztertuta dauden pertsonen arreta hobetzea; pertsona horien enplegagarritasuna handitzea; kohesio eta aktibazio inklusiboko proiektuak sustatzea; gizarte babeserako sarea osatzen duten gainerako eragileekiko koordinazioa sendotzea, arreta berezia jarriz gizarte eta osasun arloan; eta gizarte gipuzkoarraren babesa lortzea, sentsibilizazioaren bidez komunikazioa ere indartuz.

Diputatuak azaldu duen lehenengo jarduketa lerroa dela gizarte bazterketaren balorazio zerbitzua abian jartzea, pertsona bakoitzak indibidualki jaso behar duen arreta zehazteko oinarri gisa.  Lerro horren barruan, gainera, buruko gaixotasunen bat duten pertsonei laguntzeko unitate berezi bat sortuko da eta Housing First proiektua garatuko da. Proiektu pilotu hori Donostiako Udalarekin elkarlanean garatuko da, bazterketa larrian dauden pertsonei bizitoki bat bermatzeko.

Bigarren jarduketa lerroaren xedea da planean sartu diren pertsonek lana bilatzeko aukera gehiago izatea. Horretarako, prestakuntza eskainiko zaie, eta lan munduarekiko harreman erreala –tutoretzapean bada ere-, lurraldeko enpresa desberdinetan. Esparru honetan kokatzen dira Sendotu Aldi Berean prestakuntza proiektua, Gureak lantegietan garatuko den Landu proiektua edo Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin sinatu den lankidetza hitzarmena. Hain zuzen ere, Ostalaritza Elkarteko Jon Zulaikak azaldu du: "Gipuzkoako ekonomian enplegua sortzen duen motorretako bat baliatu nahi da, sektorearen lehiakortasuna mantenduz turismoa izan dadin bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratzea ahalbidetzeko beste esparru bat".

Hirugarren jarduketa lerroaren barruan lurraldearen aktibazio inklusiboa eta kohesioa ahalbidetuko duten proiektuak garatuko dira. Hartuko diren neurrien artean dago benetan inklusio prozesuetan daudela egiaztatzen duten pertsonentzako prestazio bat. Apartatu honetan sartzen da, baita ere, Emaus fundazio sozialarekin garatuko den proiektua. Asunta Ayerdik eman ditu proiektu horren inguruko xehetasunak: “pertsona desberdinen arteko topaketak ahalbidetzeko laborategiak sortuko dira, ezagutzak trukatzeko, eta, horrela, lurraldea kohesionatzeko. Gainera, topaketa hauei esker, normalean bazterketa egoeran dauden pertsonek izan ohi ez dituzten harremanak sortu eta berreraiki daitezke”.

Laugarren jarduketa lerroarekin gizarte babeseko beste sistemekiko koordinazioa sendotu nahi da, arreta berezia jarriz gizarte eta osasun arloan. Azkenik, planaren bosgarren lerroak xedetzat du jardunbide egokien inguruko ikerketa eta berrikuntza sustatzea. Azkenik, jarduketa lerro horiek guztiak osatzeko, komunikazio plan bat diseinatuko da, gizartea sentsibilizatzeko eta herritarren laguntza izateko. Izan ere, Peña diputatuak esan duenez "gizartearen babesa ezinbestekoa da, babes horrek bermatzen baitu arrakasta gizarteratze prozesuetan dauden pertsonentzat”.

  

1354