Breadcrumb

Asset Publisher

Back Itxasok organo bat proposatzen du kongresu eta feriak modu orekatuan banatzeko

Itxasok organo bat proposatzen du kongresu eta feriak modu orekatuan banatzeko

Itxasok Turismo Legeari buruzko Eusko Legebiltzarraren ponentzian parte hartu du.

  • Gipuzkoarentzat, enpleguaren kalitatea, lurralde oreka, masifikazio arriskua eta erakunde arteko lankidetza dira turismoak Euskadin dituen erronka nagusiak.
  • "Lege proiektuak ez du behar behar bezala aitortzen ostalaritzak duen pisua eta kulturak eta euskarak izan dezaketena erakargarritasun faktore desberdintzaile gisa".

Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatua gaur agertu da Legebiltzarraren Garapen Ekonomikoaren Batzordean. Batzorde hori Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidalitako Turismo Legearen proiektua aztertzen ari da.

Itxasok esan du une erabakigarri batean gaudela zein turismo mota nahi dugun definitzeko eta fenomeno hori behar bezala planifikatzeko, une honetan turismoa gorakada nabarmena izaten ari baita, Euskadiko ekoizpen sistemaren erdigunean jarri duena. Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldean sustatu duen proiektu berritik abiatuta, "helmuga sortzeko" eta hiriburuak sortzen dituen "poltsa turistikoak" kudeatzeko, esan du arauren proiektua ez dela nahikoa ausarta, eta uneaz baliatu behar dugula Euskadin dauden gai eta erronka zehatz guztiei heltzeko.

Bereziki, Itxasok foru aldundiek duten rol garrantzitsua aldarrikatu du hiriburuek biltzen duten fluxu turistikoak banatzeko orduan, hartara aberastasun hori balizko hazkunde handiko eskualdeetara iritsi dadin. "Ez dugu beldurrik izan behar Donostia, Gasteiz edo Bilboko hiri-marken eta Basque Country marka osoaren arteko bizikidetzan, begien bistakoa baita hiriko turismoetan garrantzi handiena hiriek dutela".  Kultura eta Turismo diputatuak Euskadiko Kontseilu Ekonomiko Sozialean adierazitakoak aipatu ditu. Bertan, turismoaren alorrean foru aldundiek eta udalek duten rola modu egokian artikulatzeko modua dugula esaten da. "Lege honetaz baliatu behar dugu lankidetza mekanismoak artikulatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta aldundi eta udalen artean, eta arauaren oraingo testuak ez ditu aipatzen administrazio horiek...", esan du lehen diputatuordeak.

Feria eta kongresu turismoa

Aurrekoari dagokionez eta erakunde arteko organo bat sortu beharrari dagokionez, zeinetan aldundiak eta udalak egongo baitira, Denis Itxasok esan du organo horren funtzio nagusietako bat izan behar duela batera eta modu koordinatuan sustatzea Euskadiko kongresuen turismoa, baterako eskaintzetatik abiatuta eta lurraldeen artean banaketa orekatuak izan daitezen sustatuz, bereziki Eusko Jaurlaritzak eta sozietate publikoek sustatzen dituen kongresu eta feriei dagokienez, egun gehienak Bizkaian izaten baitira. Kongresuen turismoa gure estrategiaren gakoetako bat da, tresnarik garrantzitsuena baita turismo fluxuak urtaroetan banatzeko, oporraldietatik kanpora.

Arauaren testuaren gai oinarrizkoei dagokienez, Itxasok batez ere hiru gai bota ditu faltan, lurralderako estrategikoak direlakoan; lehenik, arauaren konpromiso handiago bat lurraldearen gizartearen kohesioaren alde, turismo benetan iraunkorraren zati bat denez. "Ezin dugu onartu gure eskaintza turistikoak lan prekarioetan oinarritzea, lubaki soziala handiagoa eginez. Horretarako, beharrezkoa da gizarte eragileen artean lankidetza eta elkarrizketa jarraitua izatea –arauak hori ere ez du aipatzen–, baita unibertsitateekin eta lanbide prestakuntza zentroekin ere, hartara zerbitzuaren profesionaltasunean eta enpleguaren kalitatean oinarritutako turismo bat bermatzeko".

Bigarrenik, Itxaso kulturari pisu handiagoa ematearen alde agertu da, bereziki euskarari, proiektatzen jakin behar ditugun balioak diren aldetik esperientziako turismo baten eskaintza erakargarri eta berezi bat osatzeko orduan. Zentzu honetan, Itxasok gogorarazi du turismoa kultur trukatzen bat ere badela, kultura desberdinen arteko elkarrizketa bat, erabiltzen jakin behar duguna gure gizarteak eta bisitariek elkar aberastu dezaten.  Hori dela eta, Itxasok esan du harrituta dagoela euskarak duen presentzia eskasarekin. Izan ere, lege proiektuak aipatzen duen gauza bakarra da euskara erabili beharrekoa dela zerbitzu turistikoen faktura eta prezioetan. Itxasok esan du hizkuntza gizarte, kultura eta bizimodu ororen aktiborik garrantzitsuena dela.

Azkenik, Itxasok esan du ezen, kontuan izanik gastronomia izan dela helmuga turistikoen mapan jarri gaituena, ez dela ulertzen hain aipamen gutxi izatea. "Ostalaritza establezimenduak dira aurkezpen onena, eta balio kate baten erakusleihoak, non beste prozesu eta aurretiazko jarduera batzuk ere sartzen baitira, turismoa ere badirenak. Zentzu horretan, Itxaso gastronomiaren aldeko apustua egiten duen araudi bat defendatzen du, apustua egiten duena gure banatzaileei eta tokiko ekoizleen eta lehen mailako alorrari eta maila gorenari mesede egiten dieten ostalaritza establezimendu jakin batzuen alde.    

 

 

  

1259