Back

Udalek eta Aldundiak indarrak batuko dituzte herritarren partaidetza herri mailan sustatzeko

Foto Udalek eta Aldundiak indarrak batuko dituzte herritarren partaidetza herri mailan sustatzeko

Udalek eta Aldundiak indarrak batuko dituzte herritarren partaidetza herri mailan sustatzeko

Urtea amaitu aurretik, Euskadi eta estatu mailan aitzindaria izango den erakundeen arteko gune bat sortuko dute, baliabideak eta jardunbide egokiak partekatzeko xedez

Horrela, Foru Aldundiko  eta  Gipuzkoako 47 udaletako 70 alkate, zinegotzi, teknikari eta ordezkari, gutxi gorabehera, elkartuko dira Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunea abian jartzeko; izan ere, udal guztiek eta foru erakundeak osatuko dute gune hori eta baita atxikitzeko nahia azaltzen duten beste toki erakunde guztiek ere. Gune horren helburua izango da herritarren partaidetzarako politikak herri mailan sendotzea, baliabideak partekatuta, jardunbide egokiak eta arrakasta izan duten ereduak identifikatu eta konpartituta, eta sarea osatzen duten erakundeen artean aplikatuta.

Gaurko bileran, Gunea sortzeko baliagarriak izango diren udalen proposamenak eta iradokizunak jaso dira, eta urtea amaitu aurretik formalizatuko dira, foru dekretua argitaratu ondoren. Ondoren, udal bakoitza atxiki behar zaio, osoko bilkuran onartu ondoren. Imanol Lasak, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko diputatuak, eta Joseba Muxikak, Herritarren Partaidetzarako zuzendariak, azaldu dutenez, gune hori aitzindaria izango da Euskadi eta estatu mailan, eta “lankidetzan eta herritarrei zabaltzeko asmoan oinarritutako gobernantza eredu baten alde Gipuzkoak egin duen apustuaren” barruan kokatzen da. 

Gune horrek modu autonomo eta independentean funtzionatuko du eta eskumen garrantzitsuak izango ditu -aurrekontuen ondorioetarako bakarrik atxikiko zaio Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuari-.  Tokiko erakundeetarako diru laguntzak zehaztuko ditu, lehentasunezko ekintza motak identifikatuta; herritarren partaidetzarako programa zehatzak bultzatuko ditu; hainbat programa diseinatu eta sustatuko ditu, prestakuntza, jardunaldi, topaketa, foro, mintegi eta tailerrak gauzatzera zuzenduta; eta gida metodologikoak jarriko ditu praktikan. 

Zeregin nagusienetako bat baliabide gutxieneko udalei, bereziki 5.000 biztanle baino gutxiagokoei, “era guztietako laguntza, aholkularitza eta baliabide” eskaintzea izango da, entzute aktiboen eta herritarren partaidetzaren politikak modu eraginkorrean gauzatu ahal izateko. Laguntza hori ekintza hauetarako erabiliko da, besteak beste: herritarren partaidetzako erakundeen erregistroak egiteko; udal araudiak edo ordenantzak prestatzeko,  elkarlaneko gardentasun programak garatzeko, eta datu irekiak eskaintzeko.

Gunearen ezaugarri nagusiena sarean lan egitea eta ezagutza nahiz esperientzia praktikoak trukatzea izango da, betiere herritarren partaidetzaren esparruan, non “etengabeko ikasketa eta irizpide-baterakuntza" funtsezkoak baitira gizartearen aldaketetara eta eskaeretara modu arrakastatsuan egokitzeko, eta prozesuak hobetzeko, Lasaren iritziz: “Konpromisoak eta joko-arauak definitzeko orduan, zer definitzen den bezain garrantzitsua da nola definitzen diren“.   Oso garrantzitsua da berritzea eta besteek egiten dutenetik ikastea”. 

Horrela, udalen sareak herritarren partaidetzako metodologia eta instrumentu jakin batzuk garatuko ditu, bereziki,  herri kontsultak egiteko behar direnean, eta, halaber, informazioaren teknologiari eta baliabide telematikoei lotutako laguntza teknikoa emango du, batez ere udalerri txikienei. Halaber, estrategia komunak jarriko ditu martxan partaidetzazko aurrekontuen esparruan; eta parte hartze prozesuen eta eztabaida parte-hartzaileari lotutako erabakien ereduak zehaztuko ditu.

Aldaketa arauemaileetara egokitzea

Duela gutxi indarrean sartu zen Euskadiko Tokiko Erakundeen Legera arrakastaz egokitzeko asmoz landu da Gune berri hori; izan ere, lege horrek udalei aplikatu beharreko herritarren partaidetzari buruzko arauketa zehatz eta zorrotza jasotzen du, alor horretan “erantzukizun berriak eta ugariak” planteatuta.  “Legeak ezartzen duenez, ezinbestekoa da herritarren partaidetzako bitartekoetan sakontzea Euskadiko toki esparruan gobernu ona finkatzeko. Politika egiteko modu berri baten aurrean gaude, politikak eta legeak herri mailan sustatu, diseinatu, gauzatu eta ebaluatzeko zereginetan herritarrek izan behar duten protagonismoan oinarrituta. Eta Aldundiak bere gain hartzen du udalerriei laguntza eta lankidetza emateko konpromisoa” azaldu du.

Erakunde arteko Gunearen osaketari dagokionez, hiru organo izango ditu: Gune Orokor edo Plenarioa, Gune Exekutiboa, eta foro teknikoak, eta horien bitartez tamaina guztietako udalerrien ordezkaritza bermatuko da, eta kontuan hartuko dira sentsibilitate politiko guztiak. Egitura “arrunt” baten aldeko apustua egin da, Kontseiluetan oinarritutako egituren ohiko formatuak baztertuta, eta antolaketa malgua, dinamikoa eta agindu aldakorrei erantzuteko modukoa izango du.  “Partaidetzaren alorra tradizionalki instituzionalizatzen duten organoen funtzionamenduaren ohiko logikak agintzen duena baino urrutiago joan nahi dugu”. 

Ekimen horrek EUDELen interesa eta babesa jaso ditu. Horrela, herritarren partaidetzako politikak koordinatzeko batzorde politiko-tekniko bat sortuko da Foru Aldundiaren eta Euskal Udalen Elkartearen artean, Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunearen funtzionamendu eraginkor baten alde lan egiteko, eta partaidetzako lurralde politikak euskal udaletan behar bezala koordinatzeko EUDELek egin beharreko lana sustatu edo errazteko. Halaber, baliagarri izango da alor horretan garatutako ekimen eta jarduerei buruzko informazioa trukatzeko.

Osoko Bilkura eta jarduera egokien sariak otsailean 

Gunearen lehen osoko bilkura otsailean egingo da. Bertan onartuko dira urteko plangintza, diru laguntzak eta organoaren aurrekontua. Osoko Bilkurak, gainera, toki mailan herritarren partaidetzari lotutako bost esperientzia edo proiektu aitortuko ditu, eta horietatik hiru hautatuko dira sariak jasotzeko. Alor horretan ospea duten hiru pertsonek osatutako batzordeari dagokio botoaren erdia, eta beste erdia Osoko Bilkurako kideei. Urteko sari horren helburua da ekimen berritzaileak sustatzea eta zabaltzea, eta herritarren partaidetzako jardunbide egokien banku bat sortzea.