Haurtxoko eta gaztelekuetan euskararen erabilera sustatzen

GFAko Gazteria eta Kirol Zuzendaritza eta Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza elkarlanean ari dira, lurraldeko haurtxoko eta gaztelekuetan euskararen erabilera sustatzeko xedez

Foto de 
 Haurtxoko eta gaztelekuetan euskararen erabilera sustatzen

Haurtxokoetan eta gaztelekuetan euskararen erabilera sustatzeko oinarriak finkatu eta tresnak lantzeko asmoz, GFAko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak eta Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak elkarlana hasi dute, EBETEren laguntzarekin. Horretarako, hainbat prestakuntza saio eskaini zaizkie haur, nerabe eta gazteen alorreko teknikari eta hezitzaileei  eta euskara teknikariei.

Hezitzaileak izan dira proiektu honen lehentasunezko hartzaileak eta proposamen osoan zehar praktikotasuna bilatu nahi izan da. Honela, zerbitzuen errealitatetik abiatuz, baliagarri izango diren baliabide eta tresnak eskaintzea izan da helburua. 

Gidak. Elkarlan honen emaitza haurtxokoetan eta gaztelekuetan aritzen diren hezitzaileentzako eta haur, nerabe eta gazteen alorreko teknikarientzako hainbat material eta gida izan dira; guztiak profil bakoitzari egokituak. Praktikotasunaren bilaketa horretan, garrantzi handia hartu du materialaren prestaketak, teoria hutsean geratu beharrean, helburua material erabilgarria izatea baitzen. Hala, prestaketa prozesu horretan haurtxoko eta gazteleku batzuetara jo dute zuzenean, gertuko errealitatea ezagutu eta proposamenak benetako egoeretara egokitzeko. Modu horretara, jardueretan sortzen diren harreman eta egoera desberdinak jasotzeko aukera izan dute eta, ondorioz, errealitate horietara egokitutako gidak sortzekoa.

Gida horiekin tresna praktikoak eskaini nahi izan zaizkie Gaztelekuetako eta Haurtxokoetako hezitzaileei eta jardueretan euskararen erabilera sustatzeko erabil ditzaketen hainbat baliabide praktiko jasotzen dira. Hala, haur, nerabe eta gazteen alorreko teknikariei eta euskara teknikariei zuzendutako dokumentu bat ere sortu da hezitzaileen lanari jarraipena egiteko.

Material horren helburu nagusia da gure herrietako zerbitzuetan haurrek eta nerabeek euskara erabili dezaten sustatzea, bakoitzak bere testuinguruaren eta egoeraren mailan. Esan gabe doa zeregin horretan hezitzaileak izan direla ardatza. 

Materialak eskuragarri daude www.gipuzkoangazte.eus webgunean, Gaztematika, profesionalentzako atalean. Gidak jaisteko hemen sakatu.

Elkarlana bultzatuz. Aurrerantzean ere bi zuzendaritzek (Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusia / Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusia) hasitako lankidetza sendotu eta elkarlanean jarraitzeko asmoa dago, haurrei eta nerabeei euskara eskolaz kanpo erabiltzeko benetako aukerak emanez eta hizkuntzarekiko harremana zainduz.