Atzealdea

“Aldundia gipuzkoar guztion etxea da, eta ate irekiekin erakundea herritarrei gerturatu nahi diegu”

Foto “Aldundia gipuzkoar guztion etxea da, eta ate irekiekin erakundea herritarrei gerturatu nahi diegu”

“Aldundia gipuzkoar guztion etxea da, eta ate irekiekin erakundea herritarrei gerturatu nahi diegu”

170 lagunek ezagutu dute foru jauregia gaurko ate irekien jardunaldian eta, bisita hauek egiten hasi zirenetik, 1.350 bisitarik hartu dute parte

“Aldundia gipuzkoar guztion etxea da, eta ate irekiekin erakundea herritarrei gerturatu nahi diegu”

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, nabarmendu du Foru Aldundia “gipuzkoar guztion etxea dela” eta, zentzu honetan, azpimarratu du gaur egiten ari den ate irekien jardunaldia bezalako ekimenen xedea “erakundea ezagutarazi eta herritarrei gerturatzea” dela. Egunean zehar, 170 herritar inguruk izango dute aukera foru jauregiak dituen altxorrak ezagutu eta lurraldeko erakundeen historia, eskumen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jasotzeko. Guztira, jada, 1.350 pertsona inguruk ezagutu dute Aldundia ate irekien jardunaldi hauetan.

Foru erakundeak antolatzen duen hirugarren ate irekien jardunaldi berezia da gaurkoa, joan den urteko abuztuan -273 bisitarirekin- eta abenduan -127- egindakoen ondoren. Orduan bezala, gaurkoan ere harrera egin die diputatu nagusiak eguneko lehen bisitariei bere bulegoan, eta eraikinaren zenbait xehetasun eta artelani buruzko azalpenak eskaini. Olanok azaldu duenez, foru jauregia leku benetan interesgarria da historia, artea edota arkitekturaren ikuspuntutik, “altxor ugari gordetzen baititu”.

Hala ere, gogoratu du deialdiaren xedea Aldundia herritarri eta bisitariei gerturatzea dela. “Gardentasunaren aldeko apustua egiten ari gara legealdiaren lehen egunetik eta, zentzu honetan, ariketa praktiko benetan eraginkorra da ate irekien jardunaldia hauena”, adierazi du. Lurraldeko erakunde nagusiak ezagutzearen garrantzian ere jarri du azpimarra foru arduradunak. Historia, eskumenak, antolaketa administratiboa… “Bisitan zehar, gure iragana markatu duten gertaera eta pertsonak ezagutzeaz gain, egungo Batzar Nagusi eta Foru Aldundiaren eskumen eta erabakitzeko gaitasunaren berri ere ematen da. Gure erakundeek bost mende luzeko historia dute, baina hala ere herritar askok ez dute beraien berri. Ondare hau ezagutarazteko erreminta ezin hobeak dira ate irekien jardunaldia hauek”, azaldu du.

Gaurkoa bezalako jardunaldi berezi hauetatik harago, aurrerantzean ere izango da Aldundia barrutik ezagutzeko beste hainbat aukera nahi duenarentzat. Izan ere, iazko apirilaz geroztik, Aldundiak bisita gidatuen zerbitzua eskaini ohi du, norbanakoei, zein kolektibo ezberdinei zuzendua: Bigarren Hezkuntzako ikasleak, Zientzia Politikoak eta Soziologia, Zuzenbidea, Komunikazioa, Artea, Turismoa edota Arkitektura ikasleak, erretiratuak, eta bestelako elkarteak (ikusi ordutegiak). Modulu didaktikoa prestatu da ikasleentzat, bisita dibertigarriagoa eginez, eta ikasgelan gaia irakaslearekin batera lantzeko aukera emanez.  Kasu guztietan, aurretik hitzordua eskatuz egin daiteke erreserba, astebeteko gutxieneko epearekin, aipatutako helbide eta telefonoan. Hileko azken larunbatean ere eskaintzen dira bisitak, 10 laguneko gutxieneko taldea osatzen baldin bada. Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidean, 943-112111 telefonoan, edo foru jauregiko harreran bertan eman daiteke izena.

Foru jauregian zehar, ibilbidea egin daiteke Gipuzkoaren, eta lurraldeko pertsona esanguratsuen historian barrena. Hauek dira kontuan hartzeko moduko elementuetako batzuk: Gaztelako Alfontso VIII.a irudikatzen duen beiratea, 1200. urtean foruen zina eginez; Alejandro Iruretaren kupula; Gipuzkoako paisaia eta ohiturak irudikatzen dituen horma-dekorazioa; Julio Urquijoren erretratua (Erwal) eta liburutegia, non Aldundiak argitaratutako obra guztiak gordetzen diren; Elkanok munduari egindako itzuliaren omenez egindako tapiza, eta getariarrari Zuloagak egindako margolana; Albizuren Lekuona eta Barandiaran margolanak; Uztapide eta Basarri bertsolarienak; Orixek egindako eskuizkribu zaharrak; edota Leizaola Lehendakariaren eskultura, beste hainbat artelan aipagarriren artean.   

Hitzordua eskatzeko: Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidean, 943 112111 telefonoan, edo foru jauregiko harreran bertan