Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Arazoak identifikatu eta aztertu behar ditugu jakiteko nola aurrera egin lanaren eta familiaren arteko kontziliazioan”

“Arazoak identifikatu eta aztertu behar ditugu jakiteko nola aurrera egin lanaren eta familiaren arteko kontziliazioan”

Enpresek berdintasunaren arloan pausoak emateko dituzten arazoak ikertzen ari den Aldazank taldeari babesa eman dio Foru Aldundiak

2016/06/12

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aldazank kolektiboari babesa erakutsi dio gaur, enpresek berdintasunaren arloan pausoak emateko garaian aurkitzen dituzten arazoen inguruko ikerketa egin dezan. Berdintasuneko zuzendaria, Miren Elgarresta, mugimendu honetako hiru ordezkarirekin batu da gaur eta foru erakundeak Berdintasunaren arloan martxan dituen ekimenen berri eman die. Izan ere, elkarte honen helburua da berdintasunaren arloan aldaketa positiboa lortzea Gipuzkoan.
Ekintzaile gazte talde batek bultzatutako proiektua da Aldazank. Mondragon Unibertsitateko ikasleak dira guztiak eta egitasmo honekin lortu nahi dute “gainditutzat” jotzen zuten errealitate bat, genero arrazoiengatik gertatzen den berdintasun-eza, eraldatzea. Gaurtik, bion artean eraikiz lemapean, gai honen garrantzia zabaldu nahi dute gizartean. Horretarako, alde batetik, eskumuturreko bat garatu eta salmentan jarri dute, zeinekin gipuzkoarrek ekimen hau babes dezaketen, berdintasuna aldarrikatzen duten aldi berean. Dagoeneko hilabete batean 1.500 pultsera edo eskumuturreko saldu dituzte; Eroskiko dendetan jarri dituzte salgai, oraingoz.
Momentuz, Aldazankeko kideak hiru arlotan dihardu lanean, kontzientzia eta kohesio soziala sor dezaketen proiektuak martxan jarriz: hezkuntza, nazioartea eta enpresak. Azken eremu honetan, hain justu, erakunde hauei transmititu nahi diete “zeinen garrantzitsua den gender friendly enpresa bilakatzea, ez bakarrik euren langileekin duten konpromisoagatik, baizik eta eredu izan daitezkeelako beren arloetan”. Lan-lerro honetan lehen pausoa izan da ikerketa bat bultzatzea helburu jakin batekin: informazioa biltzea, “enpresetan berdintasuna bultzatzeko garaian erakundeok aurkitu ohi dituzten ohiko arazoak” identifikatu ahal izateko.
Ikerketa honek, hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dauka. Berdintasuneko zuzendari Miren Elgarrestak gogorarazi duen moduan, Aldundiaren helburu nagusietako bat da gizon-emakumeen arteko berdintasuna bultzatzea, eta horretarako ezinbestekoa da “gainerako erakundeekin, emakume elkarteekin eta Aldazank bezalako mugimenduekin” elkarlana gauzatzea. Gaineratu duenez, Aldazank egitasmoa erabat uztartzen da Etorkizuna Eraikiz proiektuaren baitan jarriko den programa pilotuetako batekin, zeinetan landuko den kontziliazioaren gaia. Hain justu ere hamar enpresetan beste hainbeste esperientzia martxan jarriko dira kontziliazioari bultzada bat emateko, eta 500 langileri eragingo die ekimen honek, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren testuinguruan.
“Aldazanken egitasmoak erabat egiten du bat Foru Aldunditik kontziliazioaren arloko politikei eman nahi diogun bultzadari. Lan munduan, emakumeek zailtasun handiagoak dituzte lana lortzeko garaian, postu okerragoak izaten dituzte eta lan-sari baxuagoak ere bai. Horren aurrean, arazoak non dauden aztertu eta jakin behar dugu zer gertatzen den zehazki enpresetan, gero erantzun eraginkor bat eman ahal izateko”, esan du Elgarrestak.
Azterlanaz eta gizarte-kontzientzia bultzatzeko ahaleginaz gain, Aldazankek ez ditu ahaztu nahi garapen bidean dauden herrialdeak, non berdintasun-eza oraindik eta nabarmenagoa den askotan. Horregatik lanean ari dira nazioarte mailako zenbait elkarterekin, proiektu bateratua sortu eta Gipuzkoako gizarteak parte hartu dezan Guatemala, India eta Afrikako hainbat errealitate aldatzeko lanetan. 
Bestalde, mugimendu honen ezaugarri nagusietakoa, gizartetik datozen iritzi eta ideiak entzuteko elkarrizketa foroak. Parte hartu nahi dutenek #gaurtikbionarteaneraikiz traola erabili dezakete edo @Aldazank kontua erabili, www.aldazank.eus webgunera nahiz info@aldazank.eus helbidera joaz.

  

1358