Atzealdea

'Bizilagun Sarea' proiektu berritzailea aurkeztu du Aldundiak

Foto

'Bizilagun Sarea' proiektu berritzailea aurkeztu du Aldundiak

Gaur jardunaldia egin dute, Euskal Herria eta Kataluniako proiektu komunitario arrakastatsuak aztertuta, besteak beste

'Bizilagun Sarea' proiektu berritzailea aurkeztu du Aldundiak

Aldundiak Etorkizuna Eraikizen baitako Bizilagun Sarea proiektu berritzailea aurkeztu du gaur goizean, hirugarren sektorearekin egindako jardunaldian, Oronan, SiiS (Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa) eta Deustoko Unibertsitatearen partaidetzarekin. Gipuzkoa Lab esperimentazio laborategiko Bizilagun Sarea proiektuaren helburua da herritar/bizilagunen artean elkartasun sareak sortzea gehien behar dutenen gizarte premiak antzeman eta laguntzeko (adinekoak, haur eta gazteak, eta familiak). Proiektua, beraz, hiru sektoretara zuzentzen da: zaharrak, bazterkeria arriskuan dauden gazte eta nerabeak eta mendekotasuna daukaten pertsonak. Gaur Gobernu Kontseiluak onartu du 600.000 euroko diru-laguntza Etorkizuna Eraikizen helburuekin bat datozen proiektuak laguntzeko, eta horietatik 120.000 bideratuko dira bereziki Bizilagun Sarea proiektuan parte hartuko duten hirugarren sektoreko eragileen proiektu pilotuentzako.

 

Diputatu nagusiak adierazi duenez, Etorkizuna Eraikiz Foru Aldundiaren lidergorako eta gobernu jardueraren orientaziorako tresna nagusia izango da datozen urteetan, eta tresna “bizi, dinamiko eta parte-hartzailea da eta izan nahi du”. Plan honen bitartez, herritarrekin eta beraien etorkizun hurbileko kezka eta ardurekin konektatu nahi du Aldundiak (lana, familia, arreta, ekonomia….). “Herritarron eta gizarte antolatuaren etorkizun hurbileko beharrei erantzuteko gai garen heinean, biharko Gipuzkoak izango dituen erronkei aurre hartzeko gai izango garelako”, azaldu du Foru arduradunak. 

 

Bakarrik bizi diren adinekoen isolamenduari aurre egiteko, 2005ean Gurutze Gorriak Portal Solidario izeneko proiektua abiarazi zuen, bizilagunen artean gizarte premiak antzemateko eta auzoterian boluntarioak lortzeko. Ba orain, izpiritu berarekin Bizilagun Sarearekin segida eta garapena emango diogu proiektu horri. Helburu nagusia xinplea da: herritar arruntak inplikaztea gizarte ekintzan. Nola? Sarea sortuta. Olanok azaldu duenez: “herritarrok gure egunerokotasunean zerbait egitea. Adibidez, nire portaleko adineko jendeari erreparatu eta zerbait arraroa ikusten badut, abisatzea. Edo Kioskeroa, egunkariak banatzen ari dela, ziurtatzea jendea ondo dagoen. Protokoloa jarriko da martxan elkarte baten bidez eta guk diru laguntza emango dugu hori ahalbidetzeko”. 

 

Auzolan esperientzien laburpena

 

Halaber, gaurko topaketan, Joan Subiratsek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Gobernu eta Politika Publikoen Institutuko zuzendariak, eta Fernando Fantova Gizarte aholkulariak hitzaldi-solasaldia egin dute. Ondoren, Deustuko Unibertsitateko Mabel Segúk eta SiiS elkarteko Imanol Ilarrazek Bizilagun Sarea proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte. Halaber, Gipuzkoa Lab-en  helburua izanik ekonomia, gizarte eta kultura arloetako esperientzia pilotuak martxan jartzea, hiru proiektu komunitario arrakastatsu ezagutarazi dituzte, bat Euskal Herrikoa eta bi Kataluniakoak:  Izeba proiektua (Baketik Fundazioaren Kristina Soaresen eskutik), Radars proiektua (Radars programako Rosa María Rubio Giner-ek aurkeztua) eta Rossinyol proiektua (Gironako Unibertsitateko Oscar Prieto-Floresen eskutik).  

 

Izeba proiektua

 

Izeba proiektua sortu zen hainbat arrazoi tarteko beren jatorrizko familiengandik bereizita Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden ume eta gazteekin izeba edo osaba rola betetzea onartzen duten familia edo pertsonen (etxeen) sarea eratzeko.  Elkartasunezko proiektu bat da, xedetzat duena adingabearen bizi kalitatea hobetzea, garapen pertsonalean lagunduko dion erreferentziazko familia edo pertsona boluntarioari esker. 

 

Radars proiektua

 

Bartzelonako Udalaren programa bat da, xedetzat duena bakarrik bizi edo sentitzen diren adineko pertsonei beren etxeetan bizitzen jarraitu dezaten laguntzea, ingurukoen konplizitatea baliatuz eta gizarte ongizatea bermatuz. Ekintza eta prebentzio sare komunitario bat da, herritar, merkatari, boluntario eta elkarte eta zerbitzu publikoetako profesionalez osatutakoa. Herritar ahulenak zaintzen dituzte, eta harremanak ehuntzen dituzte, hiria espazio gizatiar eta solidarioagoa bilakatuz. Izan ere, horrela errazagoa da isolamendu arriskuan dauden pertsonak kuantifikatu eta identifikatzea, antzematen diren premien arabera esku hartzea, eta ingurua egoera horiekiko sentsibilizatzea.

 

Rossinyol proiektua

 

             Rossinyol proiektuaren bidez, harreman-, praktika- eta dinamika-sare berritzaile eta integratu bat sustatu da, Gironako Unibertsitateko ikasleen (mentoreak) eta atzerriko jatorria duten eskola-umeen artean, helburu honekin: indartzea herritar iritsi berriei arreta emateko eta kohesio soziala bultzatzeko lan egiten duten entitate eta administrazioen ahalegina.  Hori horrela, aldian behin, mentoreek hiriko espazioak ezagutzera eramaten dituzte eskola-umeak: aisialdirako eta olgetarako lekuak, kultur ekoizpenerako espazioak, eta abar. Gizarteratze eta integrazio prozesua sustatzeko asmoz egiten da. 

 

 

Amaitzeko, Olanok nabarmendu du Etorkizuna Eraikiz ekimen “berritzaile” eta “anbiziozkoa” dela, eta “erronka bat jarri diogula gure buruari: “Gipuzkoa izatea Europan desberdintasun gutxien duen lurraldea, gizarte, ekonomia, genero eta hizkuntza arloan”. “Eta Bizilagun Sarea proiektuak gehien behar dutenei lagunduko die, adineko, haur,  gazte edo familia izan, inor bazterrean ezin dugulako utzi”.