Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gipuzkoako Ondarearen gaineko Zerga beste lurraldetakoarekin lerrokatzeko prozesua osatzen dugu”

“Gipuzkoako Ondarearen gaineko Zerga beste lurraldetakoarekin lerrokatzeko prozesua osatzen dugu”

Zerga honen erreforma aurkeztu du Ogasuneko diputatuak Batzar Nagusietan. Izena aldatu eta ezkutu fiskala berreskuratzen dira

2018/03/01

 

“Neurri hauekin, Gipuzkoak osatu egiten du bere Ondarearen gaineko Zerga inguruko lurraldeekin lerrokatzea”. Hitz hauekin azaldu du gaur Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, zerga honen moldaketa. “Aldaketak 2015 urtean urgentziaz egin genuen erreformaren jarraipena dira”, gogoratu du foru arduradunak. Bigarren zati honetan aurreikusten diren neurrien artean, hiru nabarmentzen dira: muga ezartzen da, pertsona batek urtebetean PFEZ eta Ondarearen gaineko Zergatik ordaintzen duenaren baturak ez gainditzeko urte horretan izan dituen irabazien %65; zergaren izendapena aldatzen da, Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zergatik Ondarearen gaineko Zergara; eta, azkenik, tarifak eguneratzen dira. 
Larrañaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean agertu da gaur, batzarkideekin partekatzeko EAJ/PNV, PSE-EE et PP alderdiek udazkenean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerga araudiak eguneratzeko onartutako neurriak. Berarekin izan da Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendaria. Mahai gainean bi Foru Arau proiektu izan dira: alde batetik, aipatutako Ondarearen gaineko Zergaren erreforma eta, bestetik, beste zergetan aldaketak txertatzen dituen testua, batez ere PFEZ eta Sozietatearen gaineko Zergari eragiten diona, eta Gipuzkoako araudia Euskal zuzenbide zibil berriarekin lerrokatzea xede duena. 
Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, Larrañagak azaldu du proposatutako neurriek 12,9 milioi euroko eragin negatiboa izango dutela, eta 7,4 milioi euro gutxiago 2018ko araudia aplikatu balitz 2014koaren ordez. Hori bai, aldaketa hauei esker, Gipuzkoaren egoera “normalizatuko” egingo da inguruko lurraldeekin alderatuta. “Ondarearen gaineko zerga Aberastasuna eta Fortuna Handien Zerga bilakatu zenean, jarduera ekonomikoari oztopo bat jarri zitzaiola esan genuen eta, beraz, gure ongizate mailari eusteko bidean, oztopo bat gehiago genuela. Gobernura iristean, Ondarearen gaineko zerga berri bat onartzeko asmoa genuela esan genuen, gaur egungo garaira egokitua eta, ahal zen neurrian, beste lurralde historikoekin harmonizatua. Eta gaur mahai gainean dugun proiektu honekin, emandako hitza betetzera gatoz”, gehitu du.

Zerga alorreko aldaketen Foru Arau proiektua
Zerga alorreko aldaketa ezberdinak jasotzen dituen Foru Arau proiektuari dagokionez, Larrañagak araudi proposamena osatzen duten neurriak mahaigaineratu ditu. Guztira, 64 dira. PFEZean 23 aldaketa egitea proposatzen da eta, hauen artean, nabarmenena ekintzailetasuna bultzatu eta start-up berritzailetara kapitala erakarri nahi duen pizgarria dira, eta baita tamaina ertaineko enpresen nazioartekotzea sustatzea helburu duena ere. Zerga honetan, gainera, atzerriko talentua erakartzea xede duen erregimen berezia kolektibo ezberdinetara zabaltzen da. Neurri hauen eragina negatiboa izango da zerga bilketari dagokionean, 760.000 euro gehiago gutxiago baitira.
Sozietateen gaineko Zergaren alorrean, berriz, 35 neurri aurreikusten dira. Tartean, muga berriak ezartzen dira hainbat kenkarietan. Hauen eraginez zerga bilketa hazi egingo da 62,8 milioi eurotan. Atal honetan kokatzen dira finantza gastuen muga, berrikuntzarena, aplika daitezkeen kenkarien muga edota oinarri ezargarri negatiboen konpentsazioa. Bestalde, aldaketak aurreikusten dira zerga honen tipoetan: tipo nominalak jaitsi egiten dira, eta minimoak igo. Honenbestez, zerga bilketa jaitsi egingo da 32,5 milioi eurotan. Azkenik, konturako ordainketei dagokionean, sarrerak 32 milioi eurotan haziko dira lehenengo urtean. 
“Neurri hauetariko gehienak hiru lurralde historikoen artean adostu dira, eta gure lehiakortasuna hobetzea dute helburu, gure zerga araudiak egungo agertoki sozioekonomikora egokituz”, azaldu du Larrañagak. Zentzu honetan, ekintzailetasuna sustatzea helburu duten neurrietan jarri du azpimarra, bat baitatoz ekonomia sustapena bultzatzeko Aldundiak martxan dituen lan lerroekin. “Foru arau honen xedea da gure lurraldeko jarduera ekonomikoa suspertzen eta enpresa-sarea indartzen laguntzea, eta, era horretan, aberastasunaren eta enpleguaren sorrera bultzatzea, inbertsiorako erakargarriak diren neurriak ezarriz, start-up enpresetarako batik bat, betiere jarduera ekintzailea sustatzeko eta enpresa proiektu berriak gauzatzea errazteko”, adierazi du Larrañagak.

  

2630