Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Gipuzkoan Eginak’ Legazpira iritsiko da

‘Gipuzkoan Eginak’ Legazpira iritsiko da

Hilaren 30ean estreinatuko da, Chillida Lantoki museoan, ikus-entzunezko sail horren bigarren atala, gaitzat hartzen dituena herri horretako industriaren oraina eta bilakaera

Gipuzkoan Eginak Legazpi

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak Gipuzkoan Eginak ekimenaren bitartez azpimarratu nahi du Gipuzkoako gizarteak belaunaldiz belaunaldiz erakutsi duen gaitasuna, baita ezagutzaren alde egin dituen ahaleginak eta apustuak ere. Ekimen hori ikus-entzunezko sail bat da, gaitzat hartzen dituena Lurraldeko industriaren iragana, oraina eta geroa. Gipuzkoako gizon-emakumeek funtsezko lana egin izan dute gure ekonomiaren garapenean. Haiek dira lurralde honek duen baliorik garrantzitsuena, eta Foru Aldundiak lan hori aitortu eta sustatu nahi du.

Sail horren bigarren atala Legazpiko herrira joango da, Urola Garaia eskualdera, zeinak oso lotura zuzena baitu metalurgiarekin, antzina-antzinatik. Askotariko enpresek eratu dute herri horren izaera eta lagundu dute haren identitate soziala, hiritarra eta ekonomikoa tankeratzen.

Azken urteotan, oso aldaketa sakonak gertatu dira gizarteko arlo guztietan, eta industria ez da izan inolako salbuespenik. “Gure enpresa-ehunak beharrezkoa du etorkizunak jotzen dizkien erronkei aurre egitea; enpresek gaitasuna izan behar dute lehiatzeko eta dibertsifikatzeko; eraldaketaren eredu izan behar dute. Merkatu globalizatu batean, 4.0. Industrian lehiatzen jakin behar dute; beren internazionalizazioa eta lankidetza indartu behar dituzte; eta, aldi berean, kalitatezko enplegua bultzatu behar dute, eta langileak beren enpresa-proiektuaren parte bihurtu”, azaldu du Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatuak.

Diputatuak gehitu duenez, Gipuzkoak baditu enpresa asko, adibide gisa, apustu egiten dutenak, krisi globaleko testuinguru batean, berrikuntzaren eta internazionalizazioaren alde, eta lortu dutenak beren enpresa-jarduerei norabide berri bat ematea. “Egindako ahaleginagatik, gizon-emakume horiek erakundeen aitorpen publikoa merezi dute; beraz, orain arte egin izan dugun bezala, haien lana ikusarazi nahi dugu, eta lan horren balioa azpimarratu, Gipuzkoan Eginak sailaren bitartez, hain zuzen ere”, laburbildu du.

Legazpiko industria-ehunaren iragana, oraina eta geroa ezagutuko ditugu, bai herrian sakon errotutako zenbait enpresaren eskutik, hala nola Bellota eta Zorrotz, bai zenbait proiektu ekintzaile eta berritzaileren eskutik, hala nola ISAE Ingeniería, zeina baita enpresa berritzaile bat, sarbide adimentsuen mundua iraultzen ari dena. Hori dena jasotzen da Gipuzkoan Eginak ikus-entzunezko sailaren bigarren kapituluan: Chillida Lantoki museoan proiektatuko da (Lenbur Fundazioa), datorren ostegunean, martxoak 30, arratsaldeko 19:00etan. 

Sarrera libre eta doan izango da, baina parte hartzea egiaztatu beharra dago, dela posta elektronikoko   gipuzkoaneginak@gipuzkoa.eus helbidearen bidez, dela 943215177 telefono zenbakira deituz.

  

1283