Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Haurren Erabakia” egitasmoaren baitan, aurrekontu parte hartzaileen tailerrak abiarazi dituzte Ataunen

“Haurren Erabakia” egitasmoaren baitan, aurrekontu parte hartzaileen tailerrak abiarazi dituzte Ataunen

Foru Aldundiaren aurrekontu irekietan aurkezteko proposamenak landu zituzten Joxemiel Barandiaran Eskolako haurrek

2018/03/13

Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Haurren Erabakia’ proiektua abiarazi zuen UNICEFekin elkarlanean haurren eta nerabeen parte hartzea sustatzeko eta horien iritzi, ekarpen eta proposamenak politika publikoen diseinuan txertatzeko. Gauzak horrela, parte hartze prozesu honetan gazteek herri mailako zein lurralde mailako lanketa egin dute. Joxemiel Barandiaran Eskolako haurren kasuan, herriaren inguruko hausnarketa egin zuten eta proposamen horietatik abiatuta, aurrekontu parte hartzaileen tailerren bitartez Foru Aldundiaren aurrekontu irekietan parte hartu eta proposamenak eta ekarpenak egin zituzten haurrek.

Proiektu pilotuan parte hartzen ari diren 5 ikastetxeetan egingo dira aipatu tailerrak, lehena, joan den astean, Joxemiel Barandiaran Eskolan, Ataunen. Saioan parte hartu zuten Gizartearekiko Gobernantza eta Komunikazioko Diputatuak, Imanol Lasak eta Ataungo alkateak, Asier Rodriguezek.

Atzoko saioan, beraz, herri mailako proposamenetatik abiatuta, horiek landu eta Gipuzkoa mailara eraman zituzten haurrek eta aurrekontu partehartzailetarako zirriborroa ere osatu zuten horiekin. Lehenik eta behin Aldundiko kideek ongi etorria eman zieten haurrei eta ondoren, Imanol Lasa diputatuak aurrekontu parte hartzaileak zer diren eta nola funtzionatzen duten azaldu zien.

Taldeetan banatuta, herri mailako tailerrean landutako proposamen zehatzak gogorarazi zituzten eta horien berri eman zioten Asier Rodriguez alkateari, izan ere, gehienak udal eskumenekoak baitira.  Proposamen zehatz horiek Gipuzkoa mailan izan dezaketen eragina aztertuz, etorkizunera begira, Gipuzkoak izan ditzakeen erronkei erantzuteko proposamenak landu zituzten eta horiek karteletan aurkeztu zituzten.

Imanol Lasa diputatuak jaso zituen proposamen guztiak, eta hauxe adierazi zuen: “Haurrek egindako ekarpen guztiak bildu, aztertu eta bideragarriak diren guztiak txertatuko ditugu Foru Aldundiaren aurrekontu proiektuan. Izan ere, gure nahia da politika publikoen diseinuan haur eta nerabeen parte hartze eskubidea bermatzea eta sustatzea, eta ariketa hori lurralde osora zabaltzen joatea”. 

Atzoko saioan landutako gaiak

Ataun mendian kokatuta dagoen herria izanik natura izan zen landu zuten gaietako bat. Haurrek natura zaindu beharra dagoela adierazi zuten eta horretarako birziklatzea nahitaezkotzat jo zuten. Horren harira, Foru Aldundiak birziklapenean lagundu dezakeela aipatu zuten, gaiaren inguruan kontzientziazioa sustatzen eta ongi birziklatzen ez dakiten herritarrei nola egin irakasten.

Landu zuten beste gaietako bat euskara izan zen. Hizkuntza ez dakitenei  euskara irakasteko, adibidez, euskal-etxeak eraikitzea proposatu zuten, euskaraz bizitzeko aukera eskaintzeko.  Beste proposamenetako bat izan zen euskara Nafarroan zabaltzen eta indartzen laguntzea.

Aisialdiaren inguruan ere egin zituzten proposamenak. Horietako bat helduen onurarako litzateke, izan ere, kolektibo horrek bere denbora libreaz gozatzeko leku eta baliabide gehiago izatea proposatu zuten. Gainera, adin desberdineko pertsonek elkarrekin jolasteko espazioak sortzea ere proposatu zuten, hau da; parkeak haurrentzat soilik izan beharrean herritar ororentzat pentsatuta eraikitzea, familian ere jolastu ahal izateko. Ildo horretatik, ibiltzeko bide eta bidegorri gehiago egitea ere proposatu zuten. Bestalde, liburutegi batzuk handitzea ere proposatu zuten, horrela, eskaintza handitu dadin.

Osasunaren inguruan hausnartzean, proposatu zuten ospitaleak toki gehiagotan ezartzea. Haur ataundarrek ospitaleak herritik urrun daudela pentsatzen dute eta eskuragarriago egotea gustatuko litzaieke.

Nahiz eta oraindik urteak falta lan munduan murgiltzeko, gai hori ere landu zuten. Egindako eskaeren artean zeuden soldatak eta lan baldintzak hobetzea. Azken honen inguruan aipatu zuten kaltegarriak edo arriskutsuak izan daitezkeen makinak alde batera uztea lanbide batzuen egoera hobetzeko. 

Familiaren eta lan munduaren uztartzearen inguruan Foru Aldundiari eskatu zioten familietako giroa egokia eta atsegina ziurtatzea eta elkartasuna sustatzea. Geroz eta gizarte zaharrago batean bizi gara eta haurrek egindako beste proposamenetako bat adinekoei laguntza eskaintzea izan zen, guztiak ondo egon daitezen. Halaber, haurrei dagokienez, guztiek familia bateko kide izateko aukera izan behar dutela aldarrikatu zuten.

Berdintasunaren inguruan hausnartuta, haur ataundarrek esan zuten pertsona guztiek, genero baldintza, arraza edo zailtasun desberdinak izanagatik, eskubide berak dituztela; bai osasun zerbitzua jasotzeko eta lan munduan sartzeko.

Kasuren batean, haurrek bi gai nagusi uztartu zituzten. Horrela, lanik gabe dauden pertsonek adinekoei lagunduz lan egitea proposatu zuten, adibidez.
  

1150