Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Lehiakortasun ekonomikoa da etorkizuneko Gipuzkoako ongizatea berma dezakeen oinarri bakarra”

“Lehiakortasun ekonomikoa da etorkizuneko Gipuzkoako ongizatea berma dezakeen oinarri bakarra”

UPV/EHUko Udako Ikastaroetan lurraldeko ekonomia estrategiaren berri eman du Gipuzkoako diputatu nagusiak

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Gure ekonomiaren etorkizuna: Lurraldearen garapen ekonomikorako erronkak eta aukerak titulupean egindako ikastaroa zabaldu du gaur UPV/EHUko Udako Ikastaroetan.  Egungo testuinguru ekonomikoaren irakurketa egiteaz gain, datozen urteetan Gipuzkoako ekonomiak izango dituen desafioei buruz mintzatu da diputatu nagusia.

Olanok gogorarazi duenez, bilakaera ekonomiko positiboaren ondorioz, “egoera hobe batean” egotearen sentimendua zabaldua dago gipuzkoarren artean. Horrela erakusten du berriki Foru Aldundiak egindako ikerketa batek, zeinetan sei gipuzkoarretik hamarrek baieztatzen duten testuinguruaren hobekuntza. Ildo berean lerrokatzen dira bederatzi enpresatik hamar, esaten dutenean normaltasunera itzultzen ari direla edo susperraldi egoera bizi dutela dagoeneko.

“Aurrera begirako aurreikuspenak ere bide onean doaz. Eta lanean jarraituko dugu hala izan dadin. Industriaren lehiakortasuna eta aktibitatea sendotuz eta bultzatuz, batetik, eta zailtasun gehien dituzten pertsonen gizarteratzeko estrategia martxan jarriz”, adierazi du diputatu nagusiak. “Bi esparru horiek landuz” lanpostu berrien sorreran eragin nahi du Aldundiak, eta gisa horretan Gipuzkoa %8ko langabezia tasara iritsi daiteke 2019an, Olanok aurreikusi duenez. .

Helburu hori lortze aldera, Ekonomia Suspertzeko Planak dagoeneko 3.000 enpresen lana bultzatu du. Bide beretik jarraituz, Gipuzkoako enpresen eta, orokorrean, ekonomia ehunaren lehiakortasuna sendotzen jarraitzeko deia egin du lurraldeko ordezkari nagusiak. “Gure oraingo lehiakortasun ekonomikoa ez da nahikoa etorkizuneko ongizatea bermatzeko. Baina gure egungo lehiakortasun ekonomikoa da etorkizuneko Gipuzkoako ongizatea berma dezakeen oinarri bakarra”, adierazi du.

Helburu hori lortze aldera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz programa jarri du abian, “etorkizuneko erronkei aurre hartu eta erantzuna eman” nahi dien “ekimen zabal eta anbisiotsua”. Diputatu nagusiaren esanetan, lurraldeko “desafio nagusia” da “gure ongizaterako baldintza eta aldagai handiei garaiz eta ondo erantzutea”. “Gure enpresen lehiakortasunerako beharrezko diren transformazioak gauzatzea, gure gizartearen zahartzeari ikuspegi integralarekin erantzutea, gizon eta emakumeen berdintasunean sakontzea, pertsonaren garapen osorako kontziliazio politikak sustatzea, jaiotza tasak handitzea, kalitatezko enplegua sortzea, gure hizkuntza bultzatzea, gure identitate eta kultura garatzea, hezkuntza eta formazioan sakontzea, talentua sortu eta erakartzea, desberdintasun sozialak jaisteko gizarte politikak sustatzea, bazterkeria egoerak gutxitzea”, aipatu ditu.

Ekonomiaren ikuspegitik, berriz, eragile ezberdinen arteko “elkarlana gauzatzeko eremu berriak” sortzeko beharra azpimarratu du Olanok. “Eragile, enpresa eta erakundeok proiektu berritzaileak gauzatu eta sustatzeko guneak behar ditugu. Eta hori egin behar dugu, gainera, gure ekonomia ehunaren gaitasunak, ezagutza eta aukerak modu ausartean eta adimentsuan baliatuz”, gaineratu du. Hori dela eta, bost erreferentziazko zentro diseinatzeko lanean buru-belarri dihartu Foru Aldundiak, hain zuzen ere “etorkizunera begira potentzial” izugarria duten sektoreetan. 4.0 industria eta zibersegurtasuna, mugikortasun jasangarria, biozientziak eta osasuna, gastronomiaren digitalizazioa eta ikus-entzunezkoen produkzioa dira, hain justu, zentro horiek sortzeko kontuan hartu diren eremuak.

  

3336