Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Suediak eta Gipuzkoak berrikuntza etorkizunerako bermea denaren ikuspegia partekatzen dugu”

“Suediak eta Gipuzkoak berrikuntza etorkizunerako bermea denaren ikuspegia partekatzen dugu”

Vinnova, Suediako berrikuntza agentziaren zuzendari den Charlotte Brogrenek berrikuntza eredu suediar eta gipuzkoarraren antzekotasunak nabarmendu ditu

Charlotte Brogren Etorkizuna Eraikiz Orona

Charlotte Brogren, Suediako berrikuntza agentziako zuzendari nagusiak, Suedia eta Gipuzkoako berrikuntza ereduan antzekotasunak azpimarratu ditu. Azaldu duenez, biek partekatzen dute berrikuntza etorkizunerako bermea denaren garrantzia: “Suedian, beste hainbat konturen artean, sektore artean eta nazioartean dugun elkarlanerako joeragatik nabarmentzen gara, erronka handiek irtenbide integralak behar baitituzte. Eta uste dut, puntu honetan, Gipuzkoa eta Euskal Herria ere adibide azpimarragarriak direla. Guri bezala, zuei ere zuen txikitasunak bultzatzen dizue elkarlanera”, azaldu du.  

Gainera, Brogrenek erakundeetatik gai honi ematen zaion bultzadan ere jarri du arreta. “Suedian oso kontu garrantzitsua da, Gobernuak berrikuntza herrialdearen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa denaren txipa dauka” esan du. Agentzia suediarraren zuzendariaren iritziz, herrialde aurreratuenak orain “berrikuntzaren hirugarren belaunaldian” daude, erronkak erdigunean jarri eta ahalik eta eragile gehienen parte hartzearekin irtenbide integralak ematearen fasean hain zuzen. “Erronkak aukera bihur daitezke, guk hala ikusten dugu”, esan du, ingurumena edota gizartearen zahartzea bezalako gaiak aipatuz.

Brogrenek berrikuntza alorreko eragileen egindako lan topaketa batetan hartu du parte gaur arratsaldean Hernanin, Orona Fundazioaren eraikinean. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Soziologian doktore den Alfonso Uncetak ere hartu dute hitza ekitaldi berean. Vinnovako zuzendari nagusia Gipuzkoan da egunotan, lurralde batez ere berrikuntza eta zahartzearen esparruetan garatzen ari den proiektuak lehen eskutik ezagutzen. Bisita Etorkizuna Eraikiz programaren baitan Foru Aldundiak sustatzen duen nazioartekotze sarearen baitan kokatzen da, mundu mailan esperientzia arrakastatsuak aurkitu eta inportatzea, alde batetik, eta Gipuzkoak martxan dituen proiektu eta erronkak kontrastatzea, bestetik, xede dituena.

Testuinguru honetan, egunean zehar Brogrenek bertatik ezagutu ditu Biodonostiak, Foru Aldundiaren babesarekin, zahartzaroaren inguruan martxan dituen ikerketak, eta baita Pasaian eraikiko den eta zahartzaroaren esparruan erreferente izango den zentroaren proiektuan, Etorkizuna Eraikiz programaren baitan gauzatzen ari dena. Gero, arratsaldean, aipatutako topaketan hartu du parte sektoreko eragile aipagarriekin, hala nola, lurraldeko enpresa, ikerketa zentro eta unibertsitateen ordezkariak.

Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, mota honetako dinamiken garrantzia nabarmendu du. “Nazioarteko adituen eta lurraldeko eragileen artean sarea osatzen bilatzen dugu, denboran jarraipena izango duena”, azaldu du. Olanoren arabera, “helburua Gipuzkoako errealitatera egokitu daitezkeen esperientzia arrakastatsuak identifikatzea da, hemen ezarri daitezkeenak. Eta aldi berean, lurraldeak nazioartean duen kokapena hobetu”. Brogrenen bisitari buruz, zehazki, diputatu nagusiak lurraldeak duen “erronka demografikoari” egin dio erreferentzia, 2013 eta 2026 artean biztanleria zaharkitua %25 haziko baita, hau da, 35.500 pertsona gehiago. “Gipuzkoa errealitate honetara egokitu nahi dugu, eta horretarako Pasaiako zentro aurreratua bezalako proiektuak sustatzen ari gara”, aipatu du.

  

1539