Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Unea iritsi da Gipuzkoak agenda politiko berria mahai gainean jartzeko”

“Unea iritsi da Gipuzkoak agenda politiko berria mahai gainean jartzeko”

Diputatu nagusiak Etorkizuna Eraikiz foru ekimena aldeztu du, etorkizuneko Gipuzkoa “herritarrekin elkarlanean” eraikitzeko funtsezko erreminta bezala

 

“Unea iritsi da Gipuzkoak agenda politiko berria mahai gainean jartzeko”. Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez, ordua heldu da hondakinen kudeaketa edota bidesariak bezalako iraganeko eztabaidak gainditu eta buru belarri jarri “gure ongizaterako baldintza eta aldagai handiei garaiz eta ondo erantzutera”. “Enpresen lehiakortasuna bermatu, gizarte zahartzeari aurre egin, kontziliazioa, kalitatezko enplegua sustatu… Horiek dira mahai gainean ditugun erronka nagusiak”, azaldu du. Gehitu duenez, norabide honetan ari dira lanean bai Aldundia zein lurraldeko beste erakunde publikoak, jakintza-sareak, enpresak, gizarte zibila eta herritarrak, Etorkizuna Eraikiz foru egitasmoaren testuinguruan. 
Diputatu nagusiak Gobernantza irekia eta lankidetzazkoa: Etorkizuna Eraikiz kasua uda ikastaroaren irekiera ekitaldian egin ditu adierazpen hauek. Ikastaroak Etorkizuna Eraikiz egitasmoa du ardatz, biharko Gipuzkoa diseinatu eta eraikitzea xede duen ekimena. Horretarako, gobernantza eredu berria jarri da abian, gizartearekin harremanak estutu eta elkarlana hauspotuz. Uda ikastaroaren helburua, alde batetik, nazioarteko esperientziak ezagutzea da eta, bestetik, Etorkizuna Eraikiz mundu mailako aditu eta egitasmoa aurreratuenekin kontrastatzea.
Hitzorduak berebiziko interesa piztu du eta Miramar jauregiko aretoa txiki geratu da. Bertan izan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailburua; Imanol Lasa, Aldundiko bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua; Ainhoa Aizpuru, Maite Peña eta Aintzane Oiarbide foru diputatuak; Beasain, Tolosa edota Zumarragako alkateak; eta lurraldeko eragileetako ordezkariak, esaterako, Kutxabank, Aspace, UPV/EHU, Gureak edota Indar Ingeteamekoak.  

Etorkizuna eraiki, baina elkarlanean 
Olanok, bere hitzaldian, aldarrikatu du gaur egungo munduak politikaren beharra duela. “Politikak desprestigio handia jasan du azken urteetan”, azaldu du, baina aldeztu du politika dela hain zuzen gizarte hobe, aske eta oparoagoa lortzeko gizarteak duen berme nagusia. “Gaur egun, erraz antzeman ditzakegu politika erabat ezabatu nahi duten korronte neoliberal populistak, edo ustez politika berrindartuz demokrazia ahuldu asmo duten ideia totalitario eta populistak”, ohartarazi du. 
Onartu du, hori bai, politikak beharrezkoak dituela doikuntzak. “Mundua azkar, sakon eta asko ari da aldatzen”, esan du, eta bide honetatik arazo, kezka eta beharrak ere aldatzen ari dira. Gizartearen zahartzea, ekonomiaren lehiakortasuna, ekologia, Europar Batasunaren etorkizuna, energiaren gaia… bezalako erronkak aipatu ditu, agertoki berri honetan gero eta protagonismo gehiago baitute. “Desafio berri hauei ezin diegu eskema zaharrekin erantzun”, azaldu du. Horregatik, politikaren berrikuntzan jarri du azpimarra, agertoki berrira egokitzeko bide bakarra baita. “Sakonean aldatu behar dugu politikagintza”, esan du, “baina betiere sistema demokratikoan sakonduz eta hau indartuz”. 
Aldaketa hau gauzatzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz egitasmoa jarri du abian: “gizartearekin, elkarteekin, enpresekin, ezagutza sarearekin eta herritarrekin erlazionatu eta batez ere elkarlanean aritzeko gobernantza sistema berria”. Olanoren ustez, etorkizuneko erronka berriei “elkarrekin” eman behar diegu erantzuna, eta bide horretan Etorkizuna Eraikiz programak hausnarketa eta esperimentazio aktiborako plataforma lanak egitea du jomuga. “Ez da ohiko programa edo plan bat, baizik eta etorkizuneko erronkei aurre hartu, erantzuna eman eta horretarako Foru Aldundia transformatu nahi duen ekimen zabala eta anbiziotsua”, esan du. 
Diputatu nagusiaren ustetan, zaborren kudeaketa edota bidesariak ez dira lurraldeak dituen etorkizuneko erronka nagusiak, baizik eta “gure ongizaterako baldintza eta aldagai handiei garaiz eta ondo erantzutean” jarri du arreta. Esaterako, enpresen lehiakortasuna bermatzea, gizarte zahartzeari aurre egitea, gizon eta emakumeen berdintasuna, kontziliazioa… Arazo hauei irtenbidea emateko ari dira lanean, elkarlanean, lurralde erakunde publiko, jakintza-sare, enpresa, gizarte zibil eta herritarrak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren aterpean. 
Aldundiaren kudeaketari dagokionez, diputatu nagusiak berretsi du erakundearen lehentasunak ez direla aldatu: etorkizuna eraiki eta ekonomia sustatu. Zerumugan, Gipuzkoa gizarte desberdintasun gutxieneko munduko lurralde bilakatzea. “Legealdiaren lehen egunetik ari gara errepikatzen garapen eta lehiakortasun ekonomikoa direla gure lurraldearen eta gipuzkoarren ongizatearen bermea, eta ideia horri tinko eusten diogu”, aldeztu du Olanok.
Ekonomia indartu eta etorkizuna eraikitzeko apustuak uztartzeko prozesu horretan, Aldundiak esku artean dituen bost erreferentziazko zentroen garapena mahaigaineratu du: zibersegurtasun zentroa, energia biltegiratze eta mugikortasun jasangarriarena, Pasaiako zahartze eta mendekotasuneko zentro aurreratua, gastronomia digitalarena eta euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena helburu izango duena. “Baikorra naiz etorkizunera begira”, adierazi du diputatu nagusiak.

Nazioarteko adituak
Jardunaldia berean, Olanoren ostean, John Donahue Harvard-eko irakasleak eta Manuel Arenillak INAPeko zuzendaria gobernantzaren anatomia eta egoeran sakondu dute. Hiru izan dira uda ikastaroaren lehen egun honetan mahaigaineratuko diren kasuak: Kolonbiako Antiokia hiria, Laura Gallego Medellineko Analisi Politikoaren Zentroko zuzendariaren eskutik; Txileko Santiago, Ariel Ramirez INAPeko Gobernu eta Kudeaketa Publikoaren Eskolako zuzendariarekin; eta Mexikoko Nuevo Leon erregioa, Lorena Pulido Nuevo Leon eta Monterreyko TEC barrutiko Planifikazio Estrategikoaren Kontseiluko ordezkaria.
Biharko hitzorduan, berriz, Etorkizuna Eraikiz izango da ardatza, Xabier Barandiaran berak xehatuko baitu Gipuzkoako etorkizuna eraikitzea helburu duen programa hau. Jardunaldi berean hartuko du parte, baita ere, Matt Ryan-ek, Australia Hegoaldeko Lehen Ministroaren Bulegoko kabinete buru ohia, eta gobernuetatik egindako demokrazia erreformak izango ditu hizpide. Julien Defait berrikuntzan adituaren eskutik, berriz, Parisko kasua aztertuko da. Gainera, egun berean hartuko du parte baita ere David Van Slyke Siracusako Unibertsitateko Herritartasun eta Gai Publikoen Maxwell Eskolako dekanoak, eta harreman publiko-pribatuaren inguruan arituko da.

  

2061