Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 17 plaza berri Victoria Enean buru nahasmen larria duten pertsonentzat

17 plaza berri Victoria Enean buru nahasmen larria duten pertsonentzat

Foru ereduak orain URTMS 111 plaza eskaintzen ditu lurralde osoan banatuta, gaixotasun mentalen handitzea dela eta, baita gazteen artean ere

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua Victoria Enea zentroan (Donostia) izan dira gaur goizean, Foru Aldundiak egoitza unitateko 17 plaza berri hitzartu baititu bertan, buru nahasmendu larria duten pertsonentzako. Plaza berri horiekin, Aldundiak URTMS 111 plaza eskaintzen ditu guztira, lurralde osoan, honela banatuta: 24 plaza Caser Betharram zentroan (Hondarribia); 13 plaza Egogainen (Eibar); 24 plaza Uzturre Zentroan (Tolosa); 24 plaza Gurutze Gorrian (Donostia); 9 plaza Petra Lekuonan (Oiartzun); eta 17 Victoria Enean, Donostiako Intxaurrondo auzoan. Lehen adineko jendearentzako egoitza zen Victoria Enea, eta, 2017ko urriaz geroztik, izaera soziosanitarioko egoitza baliabide bihurtu da, buru nahasmendu larria duten pertsonei arreta eta laguntza emateko. Izan ere, pertsona horiek, gaixotasun larria dutenez, tratamendu espezializatuak eta errehabilitaziokoak behar dituzte, funtzionamendu psikosozialerako desgaitasunak konpentsatzeko. Horrez gain, GSR kooperatibak kudeatutako Victoria Enearen berezitasuna da lurraldeko lehenengo egoitza dela bakarrik buru nahasmendu larria duten pertsonentzako, beste URTMS guztiak adineko pertsonentzako egoitzetan edo balio anitzeko egoitzetan baitaude.

Gaurkoan, diputatu nagusiak, ondoan zuela Alberto Gorroñogoitia Mondragon Korporazioko presidenteordea, azpimarratu du URTMS ereduak Gipuzkoako herritarren «eskari bati» erantzuten diola. «Azken urteotan, gaixotasun mentalen prebalentzia nabarmen handitu da, eta kezkagarriena da gehikuntza hori gazteengan ere ematen ari dela.  Ikerketek erakusten dute joera hori mantendu egingo dela», esan du Olanok. Horrela, gogorarazi du Gipuzkoan, besteak beste, «buru nahaste larria duten pertsonentzako egoitza unitateak ditugula, arreta pertsonalizatua eskaintzen dutenak, kalitatezkoa, komunitatean integratu daitezen sustatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Arreta Soziosanitarioko sarearen barruan dago baliabide hau, eta errehabilitazio psikosozialeko baliabideen sarea osatzen du, hainbat elementuk osatua, hala nola errehabilitazio psikosozialeko zentroak (EPSZ), norberaren etxearen ordezko alojamenduen sarea (laguntza intentsitate txiki, ertain eta handiko pisuak eta egoitza unitate soziosanitarioak), eta etxeko laguntza psikosozial komunitarioko programak.

 

Errehabilitazioa helburu

Maite Peñaren hitzetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren errehabilitazio psikosozialeko ereduak «autonomiaren eta independentziaren» printzipioak ditu oinarri. «Errehabilitazioaren xedea da pertsona horiek gaitasunak berreskuratu eta eskuratzea, ingurune egoki batean autonomia handiagoz moldatzeko eskubidea baliatu ahal izateko», esan du Peñak. Adierazi du, baita ere, erabiltzaile horiek Osakidetzaren osasun komunitarioko saretik jasotzen dutela osasun arreta, bai lehen mailako osasun zentroetatik, bai buruko osasun saretik, baliabide horietara «bakarrik edo lagunduta jotzen baitute, norberaren premien arabera».

Victoria Enea zentroaren kasuan, une honetan dauden 17 erabiltzaileetatik 15 zentrotik kanpo aritzen dira egunez, gehienak enplegu zentro berezian, eta baita ere errehabilitazio psikosozialeko eguneko zentroan eta zentro okupazionaletan. 33 eta 62 urte bitarte dituzten erabiltzaile horien ezaugarri nagusia patologia mentala da, gehienak eskizofrenia paranoideak.

 

Lantegiak eta etxeko lanak

Hala, erabiltzaileen profilak kontuan hartuta, unitatea honela antolatzen da: goizetan jardueraren bat egiten da, etxean dauden horientzat, edo okupaziorik ez dutelako, edo bestelako egoeraren bat eman delako (adibidez, egun horretan gaixo egoteagatik). Horrela, prentsa lantegiak, arteterapia, eskulanak, jolasak eta denbora pasak antolatzen ditugu. Arratsaldetan, berriz, etxeko lanak antolatzen dira. Hasi bazkaritik, non banatu egiten baitira zereginak (mahaia jarri, platerak jaso eta garbitu, erratza pasa,...), eta lantegiak hasten diren unera arte. Horrela, lisaketa egiten erakutsiko zaie, arropa tolesten, arropa garbitzen, komunak garbitzek, kristalak garbitzen, lorategia zaintzen,... eta beste edozein etxeko lan egiten.

Lantegiei dagokienez, jarduera ludikoak egiten dira, hala nola mimika jokoak, karta jokoak, dominoa, karaokea, eta abar, pertsonen arteko harremanak eta gaitasun kognitiboak sustatzeko. Victoria Enean sukaldaritza eta gozogintza lantegiak ere egiten dira, erabiltzaileek elikadurarekin eta jakien prestaketarekin lotutako oinarrizko nozioak ikas ditzaten. Hain zuzen ere, lantegi horiek dira, musikakoekin batera, arrakasta gehien dutenak. Eztabaidak ere antolatzen dira, eta beren intereseko gaiak mahairatzen dira (drogak, sexualitatea, gaixotasun mentalak, eta abar). Eztabaida horietan, erabiltzaileek iritzia ematen dute, gaiari lotutako filmak ikusten dituzte, zalantzak argitu, eztabaidatu, eta rol playingak ere egiten dituzte.

Amaitzeko, diputatu nagusiak nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren errehabilitazio psikosozialeko sarearen helburua dela buruko nahaste larria duten pertsonei laguntzea, «bizitza duin bat izan dezaten, kide diren komunitatearen barruan, beren errehabilitazio prozesuko protagonista bilakatuz»; eta gaineratu du horretarako, «bizitza proiektua garatzen» laguntzen zaiela, autonomia, bizi kalitatea, ongizatea, integrazioa eta parte-hartze soziala sustatuz; «izan ere, erabiltzaile gehienek tresnarik onenetakoa dute gizarteratu daitezen: enplegu bat».

  

2244