Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 20 milioitik gorako irabaziekin itxiko ditu Bidegik 2016ko kontuak

20 milioitik gorako irabaziekin itxiko ditu Bidegik 2016ko kontuak

Aintzane Oiarbide: “Datu on horiek agerian uzten dute aurreko legealdian Bilduren gobernuak eginiko aurreikuspen katastrofistak faltsuak zirela”

2016/11/10
Bide Azpiegituretarako diputatu Aintzane Oiarbidek eta Bidegiko zuzendari nagusi Alfredo Etxeberriak legealdiko lehen urteko Bidegiren balantze ekonomiko finantzarioa aurkeztu dute. Oiarbidek adierazi duenez, 2016rako Bilduren gobernuak egiten zituen “iragarpen katastrofistak” ez dira inolaz bete. “Bidegiren kontuen irakurketa interesatua egin zuten gure kudeaketa desitxuratu nahian. 2016an Bidegi kiebra egoeran egongo zela iragartzen zuen Larraitz Ugartek, baina datuek garbi uzten dute ez dela horrelakorik gertatuko. Are gehiago, aurreikuspenen arabera, aurtengo urtea 20 milioitik gorako irabaziekin itxiko ditu”, gehitu du Diputatuak. Sarrera horiek berrikuntzak egiteko, mantenurako eta egindako errepideak ordaintzeko direla zehaztu du Oiarbidek.
Legealdiko lehendabiziko urtearen egoera ekonomiko finantzarioa aurkezterakoan, kudeaketa ona azpimarratu du Bide Azpiegitura diputatuak: “Lehendabizi egin genuena, egoeraren diagnosia izan zen. Beraien auditoriak aztertu, eta ondorioztatu genuen Bidegik ez zuela inolako arazo ekonomiko finantzariorik zorrari aurre egiteko. Ondoren etorri zen bankuekin harremana berreskuratzea eta CAPEXa uniformatzea, urtetik urtera alde handiegirik izan ez dezan”. Alfredo Etxeberria, Bidegiko zuzendari nagusiak gehitu duenez “bankuek ezarrita zuten zorraren zerbitzuaren ratio estaldura beti bete da. 1’1en gainetik egotea eskatzen dute eta kreditua eskatu zen urtetik, baldintza hori bete da. Aurten adibidez, 1,39an gaude eta datozen urteetako aurreikuspenak ere maila horretatik oso gorakoak dira”. Trafiko datuei dagokionez, 2015arekin alderatuta, eta iraileko datuak kontuan hartua, urtea amaitzerako, gutxienez, %3,8ko igoera aurreikusten da. “Datu horiek garbi uzten dute ez dugula zorrari aurre egiteko inolako laguntzarik behar, ez bankuetatik eta gutxiago Aldundiaren aldetik”, gehitu du Bidegiko zuzendariak.
Oiarbidek azpimarratu duenez, “Bidegi gaitasun handiko errepideak egin eta kudeatzeko sortu zen, eta Foru Sozietate honi esker, errepide sare moderno eta eredugarria dauka egun Gipuzkoak. Aldundiak ezingo zukeen sare hori egin bere baliabideekin. Beraz, Bidegi oso garrantzitsua da Aldundiarentzat, eta erakutsi du errepideak kudeatzeko sistema eredugarria dela, Europa mailan”.

Sistema horren baitan sartu behar da gipuzkoarrentzat Bidegik duen deskontuen sistema. Iaz, Abiatu zeukaten gipuzkoarrei 18,5 milioi euro itzuli bazitzaien, 2016an aurreikusten da 21 milioitik gora itzuliko zaiela, Abiaturen erabiltzaileek ordaintzen dutenaren %67.

 

“Bidegi ereduan sinesten dugu; eta horren erakusgarri da gure departamentuak proiektu estrategikoak bere esku utzi dituela”

Datorren urtean, Bidegiren kudeaketa alorra eta eskumenak zabaldu egingo dira eta N-1 errepideko ibilgailu astunen ordain-saria kudeatzeaz eta GI-632 errepideko obra eraikitzeaz  arduratuko da sozietate publikoa. “Bidegi ereduan sinesten dugu; eta horren erakusgarri da gure departamentuak proiektu estrategikoak bere esku utzi dituela”, azpimarratu du Bide Azpiegituretarako arduradunak. Amaitu du esanez, Bidegik erakutsi dituen emaitzek argi uzten dutela “Bilduk aurreko legealdian behin eta berriz egiten zuen kontaketak ez daukala oinarri sinesgarririk. Kontaketa interesatua eta manipulatua izan da. Gainera, errealitateak eta datuek argi utzi dute kaltetu egin nahi zutela Gipuzkoako Foru Aldundiak duen sozietate publiko bideragarriena eta errentagarriena”.

  

1509