Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 259 milioi euro itzultzea espero du Gipuzkoako foru Ogasunak 2017ko Errenta kanpainan

259 milioi euro itzultzea espero du Gipuzkoako foru Ogasunak 2017ko Errenta kanpainan

249.000 autolikidazio proposamen bidali ditu foru erakundeak, eta gaurtik eta ekainaren 30a bitartean onartu ditzakete zergadunek

2018/04/16

259 milioi euro itzuli eta 224 milioi euro jaso. Horiek dira Gipuzkoako foru Ogasunak gaur aurkeztu duen 2017ko Errenta kanpainarako aurreikusten dituen zenbakiak. Horrela, eta betiere aurreikuspenen arabera, 35 milioi euroko saldo negatiboa izango luke kanpainak, pasa den urteko zenbatekoa 17 milioitan hobetuz. Ekonomiaren suspertzean jarri du azpimarra Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, hazkundearen zergatia azaltzerako orduan. “Enplegua eta soldatak %4 inguru hazi ziren pasa den urtean, eta hau zerga bilketan islatzen da”, azaldu du. Aberastasuna eta Fortuna Handien Zergaren kasuan, berriz, gora egitea espero da bai aitortzaile kopurua zein kanpainaren emaitzak.
Larrañaga hedabideen aurrean agertu da gaur goizean kanpainaren nondik norakoak azaltzeko, Jokin Perona Ogasuneko zuzendaria eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera. Foru erakundeko arduradunek adierazi dutenez, pasa den astean hasi zen autolikidazio proposamenen bidalketa eta gaurtik aurrera onartu daitezke, telefonoz edo Internet bidez. Errenta mekanizatuari dagokionez, Ogasuneko bulegoetan egiten diren aitorpenak, apirilaren 20an irekiko da hitzordua hartzeko epea, eta 23an hasiko dira aitorpenak aurkezten. Aitorpena jaso eta onartu ez dutenek, berriz, apirilaren 26tik aurrera eska dezakete mekanizaturako hitzordua. Ekainaren 30ean itxiko da Errenta kanpaina.
Foru diputatuak, bere hitzaldian, eskerrak eman dizkie herritarrei zerga betebeharrak zuzentasun osoz betetzeagatik, eta gogoratu du zergen bitartez egiten diren ekarpenak daukagun ongizate mailari eusteko ezinbesteko baliabideak direla. “Honela finantzatzen ditugu gure zerbitzu publikoak, gure ongizatearen oinarria direnak”, esan du Larrañagak. Esker oneko hitzak izan ditu baita ere kanpaina honetan lanean ari diren foru Ogasuneko 120 langileentzat, urtez-urte egiten duten lan ona goraipatuz.  
Aurtengo berritasunen artean, Larrañaga diputatuak ZergaBidea plataforma nabarmendu du, Errenta aitorpena aurkezteko laguntza programa berria. “Orain arteko aplikazioa online erreminta bihurtu da eta, gainera, hobetu egin da eskaintzen duen zerbitzua”, azaldu du. Euskarri berriak autolikidazio proposamena deskargatzeko aukera ematen du, eta baita aitorpena bertan egin eta aurkezteko ere. “Helburua zergadunei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzean joatea da, ahalik eta erraztasun gehien izan dezaten, eta norabide honetan doa ZergaBidearen hobekuntza”, esan du.
Azkenik, aitorpena euskaraz aurkezteko gonbita egin die Ogasuneko diputatuak herritarrei. Azaldu duenez, azken hamarkadan bikoiztu egin da aitorpena euskaraz aurkezten dutenen zenbatekoa baina, hala ere, oraindik aurkezten diren guztien %15 bakarrik dira. “2017an 70.328 herritarren aukeratu zuten euskara Ogasunarekiko harremanetan”, azaldu du Larrañagak, “eta helburua da datozen lau edo bost urteetan 100.000ra iristea. Egingarria da, eta erakundea prest dago jauzi hori emateko”.  

Errenta
Araudiaren ikuspegitik, Larrañagak adierazi du aurtengo kanpainan ez dela aparteko berritasunak izango, oro har, “jarraipeneko kanpaina” izango baita. Autolikidazio proposamenei dagokionez, 249.122 egin dira eta, aipatu bezala, pasa den astean hasi ziren bidalketak. Hauetatik 167.416 itzultzera dira, eta beste 81.706 ordaintzera. 296.460 zergadun gipuzkoarri eragiten diete edo, beste era batera esanda, aitorpen guztien %66,3 dira. Foru arduradunek gogoratu dute proposamena jaso ostean onartu egin behar dela, eta horretarako bi bide daudela: 902 100 040 telefonoan edota www.gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta web orrian. Proposamena zenbait aldaketekin ere onartu daiteke: etxebizitzen alokairuen etekinak, lokalen alokairuen etekinak, ohiko etxebizitzaren alokairuagatik kenkaria, dohaintzen kenkaria eta sindikatuen kuoten kenkaria. 
Aurreikuspenen arabera, 380.000 aitorpen espero dira, pasa den urtean baino 5.500 gehiago. “Bigarren urtez jarraian hazten da aitorpen kopurua eta hau ere ekonomiaren susperraldiaren isla da”, azaldu du Larrañagak. Hauetatik gehienak autolikidazio proposamen bitartez aurkeztuko dira (216.000). 74.000 aurkezpen mekanizatu jasotzea aurreikusten ditu foru Ogasunak, 70.000 aholkulariek Internet bidez aurkeztuko dituzte eta beste 20.000 norbanakoek bide beretik. Batez beste, 1.005 euro itzuliko dizkio Ogasunak aitorpena itzultzera duen zergadun bakoitzari, eta ordaintzera dutenek, bere aldetik, 1.838 euro ordaindu beharko dituzte. 

Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zerga
Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zergari dagokionez, pasa den urteko emaitzak hobetzea espero du foru Ogasunak. 67 milioi euro biltzea aurreikusten du, aurreko urtean baino 1,6 milioi euro gehiago. 7.650 pertsonek ordainduko dute zerga hau, 2015ean baino 133 gehiagok. Perona zuzendariak azaldu duenez, zerga honetan aitorpena aurkezteko modu bakarra dago (internet), eta epea apirilaren 23an hasi eta ekainaren 30 arte luzatuko da.

  

1877