Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 3,5 milioi transito baino gehiago erregistratu ditu sistemak lehendabiziko hilabetean

3,5 milioi transito baino gehiago erregistratu ditu sistemak lehendabiziko hilabetean

Via T sistemarik ez duten garraiolariek beren datuak sartu ahal izango dituzte Bidegiren web orrian edo Foru Agentziak errepide sarean jarriko dituen bost kioskoetakoren batean.

2017/12/04
Bide Azpiegituretako diputatu eta Bidegiko lehendakari Aintzane Oiarbidek aurkeztu berri ditu AT sistemaren portikoak ikuskatzeko eta kontrolatzeko kontrol zentro berria eta Zarauzko instalazioetan kokatutako back officea. Horien bidez kudeatuko da N-1 errepideko bidesaria. Diputatuak aurreratu duenez, sistemaren lehendabiziko hilabetean 3,5 transito baino gehiago erregistratu dira.
Peaje berria martxan jartzearen data gerturatzen ari dela eta, Oiarbidek garraiolariei gogoratu nahi die erregistratu egin behar direla. “Via T sistemarekin bateragarri den gailurik ez badute, ibilbidea N-I eta A-15 errepideetan barrena egiten duten garraiolariek erregistratu beharra izango dute, Bidegiren web orria (www.bidegi.eus) erabiliz edo abendu erdialdera errepide sarean horretarako jarriko diren bost kioskoetakoren batean". 
Kioskoak puntu hauetan kokatuko dira: Oiartzungo zerbitzugunean (AP-8), bi noranzkoetan; Aritzetako bezeroaren arretarako gunean (GI-20); Alegiako zerbitzugunean, Vitoria-Gasteizerako noranzkoan (N-I), eta Etzegarateko zerbitzugunean. Garraiolariak bere datuak eta ordaintzeko modua sartu beharko ditu, eta erregistratuta geratuko da momentuan. AP-8 eta AP-1 errepideetarako Via T sistema duten garraiolariek ez dute tramiterik egin beharko, gailu hori bateragarria izango baita sistema berriarekin.
Tarifak ibilbidearen araberakoak izango dira: Andoaingo arkua pasatzeko, esaterako, 0,56 € ordaindu beharko da; Irun-Etzegarate ibilbide osoa egiteko, berriz, 6,89 €. Kanon tarifak abenduan onartuko dira, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 2018ko Aurrekontuen Foru Arauaren bidez. Aintzane Oiarbidek aurreratu duenez, kanona ez ordaintzea arau-haustea litzateke, eta, kasu horretan, isuna ordaindu beharko da. “Portikoak Via T sistemarekin bateragarri den gailurik gabe igarotzen badira, garraiolariak gehienez ere 24 ordu izango ditu erregistratzeko. Halakorik egin ezean, gehienez ere borondatezko 2 hilabeteko epea izango du. Epe hori igarotakoan, zigor espedientea irekiko zaio”.
Sistemaren kontrol zentroak eta back officeak errendimendu osoan funtzionatzen dute jada, eta martxan jarri aurretik egokitzapen batzuk egitea baino ez da falta. Oiarbide diputatuak ordainsarien sistema berria egokitzeko egindako aldaketak azaldu ditu. “AT sistema N-I errepidean instalatu ondoren, Bidegik berritu egin behar izan du AP-8ko kontrol gela; orain 8 pantaila gehiago ditu, eta bertan Irun, Andoain eta Etzegarateko portikoak ikus daitezke uneoro. Back officeari dagokionez, sistemako datu guztiak kudeatzen diren zentroa da. Matrikulak eta gailuak jaso eta balidatzen dira, eta kanonaren ordainketa kudeatzen da, egiaztapen guztiak egin ondoren; izan ere, kontratuaren zuzendariak azaldu duen bezala, batzuetan arazoak sortzen dira, baina azkar konpontzen dira. Une honetan, 25 pertsona bano gehiago ari dira lanean, ordainsarien AT sistema adimendun berria abian jartzen" jakinarazi du Bide Azpiegituretako foru diputatuak.
Une honetan martxa zuria egiten ari gara, hiru portikoetako datuak jaso, eta sistema probatu eta egokitze aldera, 2018ko urtarrilean benetan kobratzen hasteko. Emaitzen arabera, fidagarritasun altua duela egiaztatu dugu, eta horrek ahalbidetuko du urtarrilean indarrean sartzeko prest egotea, Diputatuen Kontseiluak abenduan kanon berria indarrean noiz sartuko den erabaki ondoren. 
Foru sozietateak kanpaina bat jarri du abian N-I errepideko kanonaren berri emateko. “Triptiko batzuk prestatu ditugu, eta, bertan, AT sistemaren helburuak eta funtzionamendua azaltzen dira. Laster gipuzkoar guztiek jasoko dute etxean. Horrez gain, beste triptiko bat prestatzen ari gara, bereziki garraio sektorearentzat; Irungo ordainlekuan banatuko da, eta, gainera, Europako hainbat herrialdetako garraio enpresei bidaliko zaie" azaldu du Oiarbide diputatuak. "Bidegik Aritzetan jarriko du jendearentzako informazio zentroa. Eraikinaren lanak oso aurreratuta daude, eta, urtarriletik aurrera, ordainsari berriaren erabiltzeek zein Abiatukoek egiten dituzten kontsulta guztiak bertan artatuko dira. Gainera, garraiolariak AT sisteman erregistratzeko kioskoetako bat han egongo da”, esan du bukatzeko Aintzane Oiarbidek.
  

1324