Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 3 milioi euro adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako tarifen eguneratzeari aurre egiteko

3 milioi euro adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako tarifen eguneratzeari aurre egiteko

Hirugarren sektoreko entitateen zentroetako zerbitzuak eta baldintzak hobetzeko foru planaren barruan kokatzen da neurria

2017/04/27

Gizarte Politikako Departamentuak sektoreko hainbat erakunderekin sinatutako lankidetza hitzarmenen eta kontratu-programen bitartez ematen dituen mendeko adinekoentzako pertsonentzako egoitza eta eguneko zentroen zerbitzuak finantzatzeko, gehienezko erreferentzia tarifak onartu ditu aste honetan Gobernu Kontseiluak. Aldundiak entitate hauek ordaintzen dien tarifa %2,2 haziko da, eta horri esker Gipuzkoako egoitza zentroetako eta eguneko zentroetako zerbitzuen eta lan baldintzen hobekuntzari aurre egingo zaio.

Imanol Lasa foru bozeramaileak jakinarazi duenez, Aldundia izango da igoerari aurre egingo diona. Horretarako, 3.031.109,56 euroko dotazioa onartu du Kontseiluak, 2017an izango diren adineko mendeko pertsonen  egonaldiak direla-eta Gizarte Politikako departamentuak edukiko dituen betebehar ekonomikoei erantzuteko. Horietatik, 2.602.034,05 egoitza zentroetara bideratuko dira, eta 429.075,51 eguneko zentroetara. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzera eraginarekin onartuko da igoera. Modu horretan, hainbat baliabide kudeatzen dituzten entitateen egonkortasun ekonomikoa bermatuko da.

Gizarte Politikako Departamentuak egoitza zentroen eta adinekoentzako eguneko zentroen kudeaketa eta baldintzak hobetzeko 2016-2019 aldirako onartutako plangintzan kokatzen da neurria. Proposamen hori da mugarri nagusia departamentuarentzat mendekotasunaren arloko proiektu eta zerbitzuen definizioan, denboraldiko lan-esparrua, aukerak, lan-ildoak eta legealdi osoko foru-finantziazio aurreikuspenak finkatzen baititu.

Lasak nabarmendu duenez, finkatutako bide orria betetzen ari da Aldundia, bai plaza kopuruaren hazkundeari -300 gehiago eskainiko dira legealdi honetan, itxarote zerrendak murriztuz-, eta baita tarifen eguneratzeari dagokionez ere. Neurri horiek ezinbestekoak dira Gipuzkoako biztanleon zahartze prozesuari aurre egiteko, egoitza eskaintza nahikoa eta lurraldeka orekatua bermatzeko, eta arretaren kalitatea zein erabiltzaileen eta haien familien gogobetetzea ziurtatzeko: “Gure adinekoei geroz eta arreta zabalagoa eta hobea eskaintzeko konpromiso irmoa daukagu”.

  

1220