Atzealdea

4.0 Industriaren potentziala eta erabilera praktikoak ezagutzeko aukera izango dute lurraldeko 400 ETEk

Foto 4.0 Industriaren potentziala eta erabilera praktikoak ezagutzeko aukera izango dute lurraldeko 400 ETEk

4.0 Industriaren potentziala eta erabilera praktikoak ezagutzeko aukera izango dute lurraldeko 400 ETEk

Abian da Gipuzkoa4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarea, enpresa txiki eta ertainak 4.0 Industriara gerturatzea helburu

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarea aurkeztu dute gaur Azkoitian. Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) 4.0 Industriarantz bideratzeko egin beharreko jauzi teknologikoa erraztea du helburu egitasmo aitzindari honek, lurraldeko ekonomia ehunaren baitako lankidetza oinarri hartuta. Alor honetan lidergoa duten enpresa eta teknologia zentroek beren ateak ireki eta gainontzeko enpresei erakutsiko diete 4.0 industriaren potentziala, onurak eta erabilera praktikoak.

Ibarmia enpresan aurkeztu dute programa hau gaur goizean, hain justu ere Azkoitiko firma hori baita ezagutza erakutsi eta zabaltzeko sortutako sare honen lehen partaideetako bat. Enpresako zuzendari nagusiak, Koldo Arandiak, gidatuta, Markel Olano eta Ainhoa Aizpuruk Ibarmiaren Fabrikazio Autonomoko Unitatea ezagutu dute –sarea osatuko duten lehen zazpi kasuetako bat, alegia–. Mekanizatu sistema horrek urtean 8.760 ordu lan egiteko ahalmena dauka modu autonomoan, hau da, 365 egunetan 24 orduz.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, gogorarazi duenez, Foru Aldundia lurraldeko ekonomia indartzeko lanean ari da buru-belarri, eta horretarako etorkizun handiko eremu estrategikoetan “apustu berriak” egin nahi ditu. “Adituek dagoeneko hala diote, industria laugarren iraultzan murgilduta dago, 4.0 industriaren eskutik datorren eraldatzean, hain zuzen ere. Enpresa txiki eta ertainek osatzen dute batez ere gure ekonomia ehuna, eta horrek indargune eta ahulguneak ditu. Azken horien artean dago 4.0 industriaren olatura igotzeko zailtasuna”, adierazi du.

Honetaz jakitun, Foru Aldundiak, Gipuzkoa4.0 Sarearen bitartez “enpresen arteko elkarlana indartu eta horrela 4.0 industriaren iraultza lurraldeko enpresa txiki eta ertainetara hedatzeko” lan egingo du. “Fabrikazio aurreratuan gure lurraldeak dituen Michelin izarrek 4.0 industriak eskaintzen dituen aukerak erakutsiko dizkiete enpresa txikiei, gero beren ekoizpen eta kudeaketa sistemetan txertatu ditzaten. Lankidetzan oinarritutako programa aitzindaria da hau, bakarra gure inguruan, eta Alemanian martxan jarritako antzeko egitasmoen bidea jarraitzen du. Elkarlana du oinarri eredu honek, gipuzkoar gizartean erabat errotua dagoen balioa. Aldundiak bidelagun eta dinamizatzaile papera hartzen du, elkarlanerako esparru bat sortuz, lurralde gisa guztiok elkarrekin aurrera egin dezagun”, azpimarratu du.

 

 

Ekonomia Suspertzeko Plana 2016-2019

Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetarako bere buruari ezarritako helburu estrategiko nagusia da ekonomiaren susperraldia finkatzea, lurraldeko enpresek lehiakortasunaren alde egiten ari diren esfortzua babesteko ahalegin guztiak eginez. Helburu horrekin jarri da martxan Ekonomia Suspertzeko Plana 2016-2019, lau urtetan 200 milioi euroko aurrekontuarekin, zeinetan Gipuzkoako industria bultzatu eta sendotzeko programek protagonismo berezia duten.

Testuinguru honetan, Ainhoa Aizpuruk gidatzen duen Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak enpresa ehunaren eraldaketari laguntzea du helburu, enpresa gipuzkoarraren eredu lehiakor eta dibertsifikatu baterantz jo dezan, presentzia global batez, enpresa-portaera lehiakorrak sustatuz (berrikuntza, internazionalizazioa eta elkarlana), kalitatezko enpleguaren eta pertsonek enpresa-proiektuaren protagonistatzat parte hartzearen alde eginez, eta gure politika industrial eta ekonomikoaren identitate ezaugarriak sendotuz, bai herrialde bai lurralde gisa.

Estrategia horretan, Ekonomia Sustapeneko departamentuaren jomuga nagusietako bat da apustu estrategikoak egitea etorkizun handiko eremuetan, Euskadiko RIS-3 estrategiak azpimarratzen dituen alorretan, alegia. Gipuzkoak aurrera egin nahi du biozientziak, energia eta mugikortasun jasangarria, eta fabrikazio aurreratuaren eremuetan, lurralde gisa erreferentzia bilakatzeko moduko alorrak baitira, guztiak ere.

Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarea Ekonomia Suspertzeko Planaren testuinguruan jaiotzen da, hain justu, fabrikazio aurreratuaren eremuan apustu estrategiko gisa. Gure lurraldeak, izan ere, mundu mailako erreferentzia diren enpresa eta teknologia zentroak ditu alor honetan ere.

Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarea

Lankidetza oinarri duen programa aitzindaria da Gipuzkoa 4.0. Laburbilduz, 4.0 Industriaren inguruko ezagutza erakutsi eta zabaltzeko sare bat da, enpresa txiki eta ertainei eremu honetako esperientzia arrakastatsuak gerturatzea helburu duena, beti ere 4.0 industria ekoizpenean lidergoa duten enpresa eta zentroen eskutik. 4.0 industriaren potentziala eta aplikazio praktikoak bertatik bertara ezagutu eta aztertzeko aukera emango du, gero norberaren ekoizpen esparruetan aplikatu ahal izateko.

Sare honen lehen aktibitate gisa, lurraldeko hainbat enpresa eta zentrok beren teknologia aurreratua erakutsiko diete Gipuzkoako ETEei. Instalazioetara egindako bisita gidatuen eta formazio ekintzen bitartez, fabrikazio aurreratuarekin zerikusia duten kontzeptuak zabalduko dira eta, ondoren, enpresa bakoitzarekin modu pertsonalizatuan lan egiteko aukera zabalduko da –formazio bideratua, diagnosia, aholkularitza, frogak eta prototipoak–.

Egitasmo aitzindaria da Euskadin, Alemanian abian jarritako egitasmo bat oinarri hartuta, Plattform Induestrie 4.0 delakoa, alegia.

Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, jakinarazi duenez, mundu mailan erreferentzia diren bost teknologia zentro eta hiru enpresek osatuko dute Gipuzkoa4.0 Sarea, abiapuntu gisa. Ibarmia, Goimek (Danobat Group) eta ITS (Egile), batetik; Tecnalia, IK4 Research Alliance (Tekniker, Lortek, Vicomtech) eta IMH-TKgune, bestetik. Aurten jardunaldietan landuko diren kontzeptuak izango dira mekanizatuko lantegien automatizazioa, zibersegurtasuna, data analytics, laser teknologian oinarritutako fabrikazio prozesuak, robotika, eta fabrikazio gehigarria, besteak beste.

Enpresa bakoitzak lau bisita-jardunaldi antolatuko ditu urtean zehar, bakoitzak 8-10 enpresentzako (bi ordu inguru), fabrikazio aurreratuko kontzeptuak ekoizpenera nola eramaten diren erakutsiko dutenak. Kasu dokumentatuak izango dira, proiektuaren arduradun diren arduradunen azalpenekin, beti ere ikuspegi praktiko bat eskainiz.

Zentro teknologikoek, berriz, gai bakoitzeko lau jardunaldi antolatuko dituzte baita ere, kasu honetan 20 lagunez osatutako taldeentzako. Fabrikazio aurreratuko kontzeptu garrantzitsuei buruzko jardunaldiak izango dira, eta azpiegitura bereziak ezagutzeko aukera eskainiko dute. Jardunaldi bakoitza amaitzean, parte-hartzaileei teknologia-bonuen programaren berri emango zaie; hilabete edukiko dute Foru Aldundiaren aurrean bonu bat jasotzeko eskaria egiteko, eta teknologia zentro batekin elkarlanean egin beharko dute.

Teknologia bonuak

“Ez gara soilik bisitez eta demostrazio jardunaldiez ari. Sareari esker, beren sistemak eraldatze digitalaren galbahetik pasa nahi dituzten ETEek teknologia-bonuak eskuratu ahalko dituzte horretarako”, azpimarratu du Aizpuruk. Gaineratu duenez, gehienez ere 10.000 euroko laguntzak izango dira. “Teknologia zentroekin elkarlanean 4.0 industriaren kontzeptuetan sakondu ahalko dute”, osatu du. 2017an 400.000 euro bideratuko ditu teknologia bonuetara Ekonomia Sustapeneko departamentuak.

“2016an, Ekonomia Sustapeneko departamentuak lehen aldiz diru-laguntza deialdia egin zuen 4.0 industriaren zabalkunderako. Hiru milioiko aurrekontua zuen. Orain pausu bat aurrera emna eta Gipuzkoa4.0 sarea sortu dugu. Etorkizunera begira programa honek bere hedapena izango duela aurreikusten dugu, hazten joan dadin eta erreferentzia bilakatu dadin aurrera begira, kudeaketa eta fabrikazioaren esparruko erreferentzia gisa”, aurreratu du diputatuak.

Ibarmiaren Fabrikazio Autonomoko Unitatea

Ibarmiaren Fabrikazio Autonomoko Unitatea modu autonomo eta automazitatuan urtean 8.760 ordu lan egiteko prest dago (365 ordutan zehar 24 orduz). Instalazioak bi mekanizazio gune ditu, modu horretan orain arteko bost makinak ordezkatuz. Ez dira makina sentsorizatuak soilik, modu autonomoan lan egitea ahalbidetzen duten elementu osagarriz osatua baitago.

Ibarmiako zuzendari nagusiak adierazi bezala, unitate honen onura nagusiak honako hauek dira: “produktibitatearen igoera nabarmena, paletizazio sistemen funtzionamendu automazitatua –distantziaz gaindiko ekoizpena, alarma deiak eta abar–, akatsen erabateko ausentzia, eta fabrikatutako piezen trazabilitatea.

Gipuzkoa4.0 Sareko kasuak

Fabrikazio Autonomoko Unitatea

Ibarmia

Goimek 4.0. Monitorizazioa eta makina eta ekipo guztien konexioa.

Goimek (Danobat Group)

Zibersegurtasuna

ITS (Egile Taldea)

Laser teknologia

IK4-Lortek / IK4-Tekniker

Robotika malgua eta Visual computing

Tecnalia / IK4-Vicomtech

Fabrikazio gehigarria

IMH-TKgune

Data Analytics

Tecnalia