Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aktibazio linguistikoa izango da Udaltopeko gai nagusia

Aktibazio linguistikoa izango da Udaltopeko gai nagusia

X. edizioa izango da aurtengoa eta maiatzaren 17 eta 18an egindo dute Lasarte-Orian. Era berean, euskaraldia eta hizkuntza-ohituren aldaketari buruz arituko dira, nazioarteko hizlarien partaidetzarekin.

Udaltop Udaletako Euskara zerbitzuen Topaketak X. ediziora helduko da aurten, eta maiatzaren 17an eta 18an egingo dute Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur etxean. izen-emateak dagoeneko agortuta daudela. Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak lelopean, garrantzi berezia emango diote herritarren aktibazioari eta Euskaraldia bera ere oso present egongo da. Udaletako Euskara Zerbitzuetako langile eta euskalgintzan dabiltzan eragileei zuzenduriko topaketa da Udaltop, urterik urte arrakasta handia izaten duena.

Egitarau oparoa antolatu dute bi egunetarako eta hainbat esperientzia eta ikerketaren berri emango dute. Hala, maiatzaren 17an aktibazioaren inguruko zortzi hitzaldi izango dira eta, tartean, Galesen hizkuntza-ohituren aldaketari buruz egindako ahalegina eta ulermena aktibatzeko metodologia berrien prestakuntza aurkeztuko dituzte. Maiatzaren 18an, berriz, izango diren sei hitzaldietan Euskaraldiari emango diote protagonismoa eta zenbait proposamen egingo dituzte: hizkuntza-ohiturak plano pertsonaletik kolektibora nola pasa daitezkeen, Bergaran izandako esperientzia…

Aurtengoa pasa den edizioaren nolabaiteko jarraipena izango da, orduan ere Euskaraldiaren gaia aztertzen hasi baitiziren eta eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatu baitzuten. Oinarri hori, gainera, funtsezkoa izan da Euskaraldia hezurmamitzen hasteko, izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zuzendari Estitxu Alkortaren arabera, egitasmoa aurrera atera ahal izateko behar-beharrezkoa izan da eragile ezberdinen arteko lankidetza, eta aurtengo Udaltopek ere bide horretan ekarpenak egitea espero du. Zentzu horretan, Udaltopek jauzi kualitatiboa eman duela iritzi dio, esperientziak trukatzetik eta hausnarketa sustatzetik, esperientziak elkarrekin abiatzera pasa baitira.

Colin H. Williams Cambridgeko irakaslea

Hori horrela, Pilar Kaltzadak egingo ditu aurkezle lanak eta hizlariak, berriz, hizkuntzalaritzan adituak diren pertsonak eta Euskaraldiaren antolakuntzan dabiltzanak izango dira: esate baterako, Colin H Williams (Cardiff eta Cambridge unibertsitateetako irakasle eta ikerlaria), Eneritz Rekarte (Baztango Udaleko Euskara teknikaria), Imanol Larrea (Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria) edo Arrate Illaro (Euskalzaleen Topagunea), besteak beste.  

Erakunde publikoak eta elkarteak biltzen dira Udaltopen eta elkarlana bultzatzeko tresna bilakatu nahi du egitasmoak. Urterik urte guztien inplikazioa bultzatzen du proiektuak eta gaurkotasuneko gaiak aztertzen dituzte: aisialdia, familia transmisioa, udalen hizkuntza politika, erabilera planak, herritarren aktibazioa, udalen legea eta kirol jarduerak.

 

 

 

Besteak beste, Galesen hizkuntza-ohituren aldaketari buruz egindako ahalegina aurkeztuko dute
  

1361