Atzealdea

Aldundia Mariela Castrorekin bildu da

Foto Aldundia Mariela Castrorekin bildu da

Aldundia Mariela Castrorekin bildu da

Mriela Castro LGTB kolektiboaren babeserako Zentro Nazionaleko (CENESEX) zuzendaria da

Denis Itxaso junto a Mariela Castro y Fernando San Martín

Gaur goizean, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatu Denis Itxaso Kubako Sexu Hezkuntzako Zentro Nazionaleko (CENESEX) zuzendari Mariela Castrorekin —Kubako presidente Raul Castroren alaba eta Fidel Castroren iloba— bildu da. Erakunde honek, besteak beste, LGTB kolektiboaren eskubideak babesten ditu Kuban. Itxasok eta Garapenerako Lankidetzarako foru-zuzendari Fernando San Martinek, Castrorekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kubako elkarte honen arteko lankidetzarako bideak aztertu dituzte, Kuban LGTB kolektiboak dituen eskubide zibilei ekiteko helburuarekin.

Horren haritik, Denis Itxasok honakoa azpimarratu nahi izan du: “alderdi hau garapenerako lankidetzaren arloan Gipuzkoako Foru Aldundiaren esparru estrategikoaren barne kokatzen da, pertsona bereziki kalteberen giza eskubideetan arreta jarriz”.

Elkarrizketa horretan, aipatutako kolektibo horrek Kuban bizi duen errealitatea helarazi dio Castrok Itxasori. Horrela, biok aztertu dituzten aukeren artean daude Kubako LGTB komunitatea babesteko eta defendatzeko politikak sustatzea eta lanerako bideak bilatzea. Bertan, besteak beste, herrialde horretan gazteenen artean ematen den homofobiaren aurkako bullying-aren arazoa arintzeko bidea aipa daiteke.

Sexu Hezkuntzako Zentro Nazionala (CENESEX) giza sexualitatearen arloan diharduen irakaskuntza- eta ikerketa-erakunde bat da. 

CENESEX zentroak Sexu Hezkuntzaren politika kubatarraren aplikazioa kudeatzeko eginkizuna dauka. Komunikazio sozialez, lan komunitarioz, sexuaren arloko terapiaz, orientazioz eta hezkuntzaz arduratzen diren entitateen eta erakundeen parte-hartzea koordinatzen baitu, gizakiak bere sexualitatea modu osasuntsuan, osoan, atseginean eta arduratsuan bizi dezan laguntzeko. Halaber, Medikuntza Zientzien Unibertsitateetako ikasketetan generoaren eta giza eskubideen ikuspegitik, sexualitatearen eta sexu-osasunaren hezkuntzaren proposamenak diseinatu eta aholkuak ematen ditu. Gainera, osasunean, hezkuntzan eta beste arlo batzuetan giza baliabideen prestakuntzan zuzenean parte hartzen du.

Gaur egun CENESEX zentroa 5 sare sozial komunitarioz arduratzen da zuzenean: Osasunaren eta sexu eskubideen aldeko gazteen sareaz, Transgenero pertsonen sareaz (TransCuba), Emakume lesbianen eta bisexualen sareaz, Dibertsitatearen aldeko gizateria (HxD) eta Sexu-eskubideen aldeko juristen sareaz. Herrialdeko probintzietan egoitzak dituenez, adituak lurraldeetara etengabe joaten dira, bertan planifikatzen diren ekintzak gaitzeko, irakasteko eta ebaluatzeko.

Zentroak nazioarteko harreman-prozesu zabala burutzen du, 9 herrialde baino gehiagorekin lankidetza-hitzarmenak gauzatuz. Erakundea atzerriko ordezkaritzek eta pertsona ospetsuek bisitatu dute, mundu osoko ministroek, lehen ministroek, senatuko presidenteek, politikari ospetsuek, Nazio Batuen goi funtzionarioek, gobernuko funtzionarioek, eta artearen eta kulturaren arloetako pertsona ospetsuek.

CENESEXek nazioarteko ikastaro, ekitaldi eta biltzarrak antolatzen ditu.  Tailerrak eta diplomaturak bezalako bestelako zientzia-ekitaldiez gain, lau jardunaldi nazional burutzen dira: Homofobiaren aurkako jardunaldi kubatarra, Sexu-osasunaren mundu-eguna, Emakumearen aurkako indarkeria-ezaren jardunaldia eta GIBaren aurkako mundu-eguna.