Atzealdea

Aldundiak 15 plaza berri hitzartu ditu Beasaingo Arangoiti egoitza zentroan

Foto Aldundiak 15 plaza berri hitzartu ditu Beasaingo Arangoiti egoitza zentroan

Aldundiak 15 plaza berri hitzartu ditu Beasaingo Arangoiti egoitza zentroan

Solairu bat egokitu eta gero, adinekoentzako 92 plaza izatera pasako da, eskualdeko arreta hobetzeko.

Aldundiak 15 plaza berri hitzartu ditu Beasaingo Arangoiti egoitza zentroan

Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoentzako 15 plaza berri hitzartu ditu Beasaingo Arangoiti egoitza zentroan, betako solairu bat egokitu eta gero; eta plaza horiei esker “eskualdeko arreta zerbitzua hobetuko dugu”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak, gaur goizean, egoitza ikusten egon denean Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin, Aitor Aldasoro Beasaingo alkatearekin eta Amaia Arri zentroko zuzendariarekin batera. 15 plaza hitzartu berri horiei esker, Biharko enpresak kudeatzen duen Arangoiti egoitzak 92 plaza izango ditu egoiliarrentzat, horietatik 15 psikogeriatriako unitaterako.

Diputatu nagusiak gogorarazi du gaur egun Gipuzkoan 80 urtetik gorako 50.000 lagun baino gehiago daudela (Eustat), “2000. urtean zeudenen bikoitza. Eta 2031n 68.000 izango dira; hau da, gaur baino % 36 gehiago”. Eta gaineratu du, horietatik 25.800 mendekotasuna duten adinekoak izango liratekeela, “gaur egun baino % 49 gehiago”, bizi itxaropena luzatu egin delako. Olanok esan du Gipuzkoako 88 udalerrietatik, 38tan biztanleriaren % 20 baino gehiago dela 65 urtetik gorakoa; aldi berean, azpimarratu du zerrenda horretan herri txikiak daudela, baina baita herrigune handienak ere, esaterako Donostia, non 65 urtetik gorakoak ia 15 urtetik beherakoen bikoitza baitira.

Diputatu nagusiaren esanetan, “datu horiek kontuan hartuta, Foru Aldundiak ibilbide-orri bat prestatu du zahartzearen erronkari aurre egiteko, Gipuzkoako arreta ereduaren barruan. “Horrek eskatzen du prebentzio ikuspegia duten neurriak bultzatzea, zahartze aktiboa lortzeko eta mendekotasunaren arretak benetan balio izateko autonomia pertsonala sustatzeko”.

“Era berean, adinekoen % 80ak baino gehiagok etxean zaindua izatea nahi du, eta hori Foru Aldundiaren lehentasunezko helburu bilakatu da” adierazi du Olanok, eta gaineratu du hori lortzeko beharrezkoak diren zerbitzuak bultzatzen eta indartzen ari direla adinekoei kalitatezko arreta eskaintzeko etxean, eta ahalik eta denbora gehien jarraitu ahal izateko bertan. Neurri horien artean aipatu du “Etxean bizi” programa pilotua, esperimentu modura Elgoibarren, Pasaian eta Errenterian abiarazi dena.

Alabaina, mendekotasuna duten adinekoak etxean jarraitzea ahalbidetzen duen arreta soziosanitarioko eredu horrekin batera, eta osasun arazoen ondorioz etxean jarraitu ezin dutenerako, Olanok azpimarratu du beharrezkoa dela adinekoentzako egoitza plazen kopurua handitzea. “Asmo horrekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazi duen estrategia integralari esker, legealdiaren amaiera bitartean 300 plaza berri sortuko dira adinekoen egoitzetan, modu progresiboan. Horrela, egoitza plaza bat eskatu dutenen itxaron zerrenda murriztuko baitugu”, nabarmendu du diputatu nagusiak.

Bere aldetik, Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak esan du “hamaika bileratan” egindako kudeaketa eta negoziazioari esker gauzatu ahal izan dela “lorpen hori”, Beasaingo Udalak bai Aldundiarekin bai Osakidetzako osasun mentaleko arduradunekin batzartuta. Zehaztu duenez, aipatu plazen hitzarmena lortzeko, Udalak Arangoiti egoitzan “beharrezkoak ziren” berriztapenak egin ditu, erabiltzen ez zen solairu batean “egokitzapenak eginda”, honek suposatu duen “inbertsioarekin”. Aldasorok gaineratu du, bere ustetan, Beasainek plaza horien konzertazioa lortu izana azken batean egindako “lan txukunaren emaitza izan dela”. Horren harira, eta amaitzeko, diputatu nagusiak azpimarratu du egoitza plaza berri horiek “lurralde oreka” errespetatuz sortzen ari dela Aldundia; horrela, lurraldeko adineko mendekoek aukera izango baitute bere “ingurunetik gertu” dagoen plaza bat lortzeko, kasu honetan “Goierrin bertan”.