Atzealdea

Aldundiak 35 milioi aurreztuko ditu banka komertzialarekin Bidegiren kontratua berrituta

Foto Aldundiak 35 milioi aurreztuko ditu banka komertzialarekin Bidegiren kontratua berrituta

Aldundiak 35 milioi aurreztuko ditu banka komertzialarekin Bidegiren kontratua berrituta

Baldintza berriak askoz ere onuragarriagoak izateari esker, mailegua aurreko kontratuan aurreikusitakoa baino lehen kitatuko da, eta inbertsio berriak egin ahal izango dira.

Aldundiak 35 milioi aurreztuko ditu banka komertzialarekin Bidegiren kontratua berrituta

Hiru hilabetez negoziatzen jardun ondoren, Bidegik mailegua berritu du banka komertzialarekin, eta hobekuntza handiak lortu ditu. Horrela, aurreikusitakoa baino lau urte lehenago kitatuko du zorra, eta orain arteko baldintzek onartzen ez zituzten inbertsioak egin ahal izango ditu. Berritze horri esker, Bidegik Antzuola-Bergara errepide zatia eraikitzeko gastua bere gain hartuko du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 35 milioi aurreztuko ditu.

          Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek eta Bidegiko zuzendari nagusi Alfredo Etxeberriak gaur aurkeztu dituzte, prentsaurrekoan, banka komertzialarekin berritutako mailegu kontratuari esker lortu diren baldintza berriak, aurrekoak baino askoz ere onuragarriagoak. “Bidegiren gaur egungo egoera sendoa delako negoziatu ahal izan dira maileguaren baldintzak. Hasteko, gaur egun ordaintzen den 3,49ko interes tasa batez beste 1,57 murriztuko da hurrengo urteetan”, azaldu du Oiarbidek. “Baldintza berriek badituzte beste alderdi garrantzitsu batzuk ere. Esaterako, Bidegik kutxako soberakina erabili ahal izango du kreditua lehenago amortizatzeko, eta eskumen osoa izango du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatzen dizkion inbertsioak egiteko. Bidegik egingo duen inbertsio garrantzitsuetako bat GI-632 errepideko Antzuola-Bergara bide zatiaren obrak izango dira. Izan ere, irailetik aurrera, Bidegik osorik hartuko ditu bere gain, eta dituen baliabideekin, azpiegitura hori egiteko kostuak, orain arte Aldundiak bere gain hartuko zituenak”, gehitu du Bide Azpiegituretako diputatuak. 

Bidegiko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, egoera berri horri esker, Foru Sozietate Publikoak 120 milioi euro aurreztuko ditu 2011ko jatorrizko kontratuko interes tasak zituen aurreko ereduaren aldean. “Baldintza berri horietan, kendu egin da bankak kutxa eskuratzeko zuen eskubidea. Horrela, Bidegik erabakiko du kutxako soberakinari zer erabilera emango zaion, eta erabili ahal izango du borondatezko amortizazio aurreratuak egiteko edo bestelako xedeetarako, hala nola inbertsioak egiteko edo borondatezko erreserba funts gehigarrietarako”, jakinarazi du Etxeberriak.

          Kutxako soberakina erabiltzeko aukerari esker, Bidegik 50 milioi inguruko ezohiko inbertsioak egin ahal izango ditu legealdi honetan bertan. Inbertsio horien artean, Antzuola-Bergarako lanez gain, diru partida bat bideratuko da Astigarragan kokatuko den Garraioaren Zentro Integrala eraikitzeko, zeinak mesede handia egingo dion garraio sektoreari; eta, gainera, Foru Sozietatea lantzen ari den eta datozen hilabeteetan jakitera emango diren beste hainbat inbertsio ere egingo dira. “Garraioaren Zentro Integrala sektorearen erreklamazio historiko bat da. Azken urteetan, aldatuz joan dira baldintzak eta beharrak, eta, horregatik, sektorearen beharrekin bat etorriko den lizitazio bat egitea ahalbidetzeko asmoz, azterketa xehe bat egiten ari gara”, adierazi du Oiarbidek.

Bide Azpiegituretako diputatuak nabarmendu nahi izan du banka komertzialarekin kontratua berritzeak argi eta garbi uzten duela Bidegiren sendotasun ekonomiko-finantzarioa: “Duela bi urte benetan zaila zitzaigun horrelako negoziazioak egitea, urtez urte sortua baitzen Bidegiren egoera ekonomiko-finantzarioaren inguruko mesfidantza. Egiteko zail eta nekeza izan bada ere, kontratu berritze honen baldintzak lortu izanak erakusten du ezin dela zalantzan jarri Bidegiren sendotasuna. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere Sozietate Publikoari esker, inbertsio handiak egin ahal izango ditu autobideetan, eta aurrekontua libratu ahal izango du baliabideak gizarte zerbitzuetara eta sustapen ekonomikora bideratzeko, eta, horrela, Gipuzkoako aurrekontuen iraunkortasunari mesede egiteko”, azpimarratu du Aintzane Oiarbidek.