Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 500.000 euro bideratuko ditu haurren, nerabeen eta gazteen arloak sustatzera

Aldundiak 500.000 euro bideratuko ditu haurren, nerabeen eta gazteen arloak sustatzera

Diputatuen kontseiluak bihar onartuko du haur, nerabe eta gazteen arloak sustatzeko diru laguntzen 2018ko deialdia, «Gaztematika» Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapenerako Sistemaren esparruari dagokiona.

Diputatuen kontseiluak bihar onartuko du haur, nerabe eta gazteen arloak sustatzeko diru laguntzen 2018ko deialdia, «Gaztematika» Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapenerako Sistemaren esparruari dagokiona. Horretarako, Kultura eta Gazteria Departamentuak 500.000 euroko partida bideratu du.

Diru laguntza horien xedea da udalekuak eta udako kanpamentuak egitea; urteroko jarduera programa gauzatzea eta aisialdiko eskolen antolamendu egiturari eustea; haur eta/edo gazteen sustapenerako udalez gaindiko elkarteen antolamendu egiturari eustea; eta udalek haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendutako planak eta jarduerak garatzea.

 

Udalekuak eta udako kanpamentuak egitea

Laguntza hauen xedea da 3 eta 18 urte artekoentzat udalekuak eta udako kanpamentuak egitea; 5 eta 21 egun arteko iraupena eta gutxienez hamar parte-hartzaile izan beharko dituzte. Diru laguntza horiek jasotzeko aukera izango dute udal mailako antolaketa eta proiekzioa izanik aisialdi hezitzaileko programak garatzen dituzten gazte elkarteek; ikastetxeetako guraso elkarteek; ikastetxeek eta beste entitate sozial batzuek. Positiboki baloratuko da begirale taldean boluntarioak izatea, eta parte-hartzaileen artean % 3k, gutxienez, behar bereziak edukitzea, gizarte egoera ahulean dauden kolektiboren batekoak izatea edo desgaitasunen bat izatea, jarduera programan genero ikuspegia txertatua izatea, eta jardueren bidez euskararen erabilera sustatzea. Gehienez ere 5.000 euroko diru laguntza jaso ahal izango da.

 

Urteko jarduera programa gauzatzea eta aisialdiko eskolen antolamendu egiturari eustea

Diru laguntza hauen bidez, haur eta gazteen aisialdiko eskolen antolamendu egiturari eutsiko zaio, eta Gipuzkoako haur eta gazteen elkarteetako talde gidariak prestatzeko urteko programak lagunduko dira. Diru laguntza hauek jasotzeko aukera izango dute ofizialki aitortuak diren eta Gipuzkoan jarduten duten aisialdiko eskolek. Haur eta gazteen aisialdiko begirale ikastaro bakoitzak 150 ordu izan beharko ditu; haur eta gazteen aisialdiko zuzendari ikastaroak, berriz, 290. Begirale edo zuzendari ikastaro batean edo ikastaro monografiko batean izena eman duen ikasle kopurua gutxienez hamarrekoa eta gehienez hogeita hamarrekoa izango da.

Diru laguntzak emateko hainbat irizpide baloratuko dira, hala nola ikastaro kopurua eta mota (begiraleena, zuzendariena, monografikoa), ikastaro bakoitzeko ikasle kopurua, euskararen erabilera, inklusioa eta genero berdintasuna.

 

Udalez gaindiko elkarteen antolamendu egiturari eustea

Diru laguntza hauek jaso ahal izango dituzte haurren eta/edo gazteen elkarteen koordinakundeek edo federazioek, eta koordinakunde izan gabe ere gazteen aisialdiko elkarteen koordinazio lanaz arduratzen direnek; nolanahi ere, entitate horiek udalaz gaindiko izaera eduki beharko dute. Era berean, diru laguntzak lortzeko aukera izango dute gazte elkarteenak ez diren koordinakundeek, baldin eta beren lana egiteko egiaztatutako desgaitasunen bat duten pertsonak badituzte.

Gastu hauek jaso ahal izango dute diru laguntza: lokala (alokairua, argia, telefonoa), administrazio eta idazkaritza gastuak, aldizkako argitalpenen harpidetzak eta material bibliografikoa erostea; desplazamendu gastuak; federazioak edo koordinakundeak bultzatutako jarduerak egiteko alokatutako instalazioen gastuak; federazioko edo koordinakundeko kideentzat prestakuntza ikastaroak antolatzeak sortutako gastuak.

 

Udalen planak eta jarduerak

Udalek Aldundiarekin lankidetzan egindako planak eta jarduerak, «Gaztematika» Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapenerako Sistemaren esparrukoak. Diru laguntza eskaerak modalitate hauetakoren batekoak izango dira:

a) Haur eta/edo gazteen sustapenerako unitateek zuzendutako proiektuak. Proiektu horiek estrategikoak eta erreferentziazkoak izan beharko dute Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, honako alderdi hauei dagokienez: proiektuaren eragina, garrantzia, berezitasuna, dimentsioa, berrikuntza eta/edo errepikagarritasuna (udalerri bateko proiektua garatu eta sistematizatu ondoren, etorkizunean beste udalerri batzuetan ezarri ahal izatea).

b) 1.000 biztanletik beherako hainbat udalerriren arteko lankidetza eskatuko duen proiektu bat egitea.

Bi modalitateetarako eta erreferentzia modura, hauek dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren intereseko arloak:

• Kultura, identitatea eta teknologia digitalen erabilera egokiaren sustapena.

• Gaueko eta/edo jai giroko aisialdi ohituren arriskuak kudeatzea.

• Gazteen kulturak sustatzeko proiektu espezifikoak.

• Gazteentzako zerbitzuak sortzeko eta/edo garatzeko proiektuak.

• Gazteen emantzipazio politikak sustatzeari lotutako proiektuak garatzea.

c) Hainbat urtetako edo urtebeteko kudeaketa planak egitea, edo haur eta gazteen sustapenerako programa orokorrak garatzea, Gaztematikaren ildo estrategikoak tokian tokian ezartzeko: 

Hiru urteko aurreikuspena izango duen plan bat egitea. Plan horretan, besteak beste, haur eta gazteen sustapenerako udal arloaren garapena aurreikusiko da, sustapenerako jarduerak eta zerbitzuak diseinatu eta abian jarriz.

Urteko kudeaketa plan bat egingo da. Plan horretan, haur eta gazteen sustapenerako udal arloaren garapena aurreikusiko da, xede honekin:

  • Udalerrian haurrek, nerabeek eta gazteek parte hartzeko egiturak sortzea, zerbitzuetatik abiatuz.
  • Haurtxokoak eta gaztelekuak hobetzeko proiektuak, Gaztematikako haur eta/edo nerabeen sustapenerako zerbitzuen estandar teknikoetara egokitzeko prozesuak martxan jarriz.
  • Europako mugikortasun proiektuak garatzea.
  • Udaleko beste atal batzuekin lan koordinatua eta zeharkakoa egitea ahalbidetuko duten jarduerak egitea.
  • Udalerrian gazteentzako zerbitzu bat sortzeko proposamena definitzeko urratsa ematen lagunduko duten jarduerak egitea.
  • Sustapen ataleko antolaketa, plangintza eta kudeaketa egiturak hobetzea.

Haur, nerabe eta gazteen sustapenerako programa orokor bat egitea, sustapen zerbitzurik ez duten 1.000 biztanletik beherako udalerrietarako, programa hori hobetzeko taldeko aholkularitza bileretan parte hartzeko konpromisoarekin.

 

Proiektu estrategikoen eta erreferentziazkoen kasuan, proiektu bakoitzak jaso dezakeen gehienezko diru laguntza 55.000,00 eurokoa izango da; 1.000 biztanletik beherako hainbat udalerriren arteko lankidetza dakarten proiektuen kasuan, proiektu bakoitzak jaso dezakeen gehienezko diru laguntza 20.000,00 eurokoa izango da, eta aurrekontu osoaren % 80koa gehienez ere; hainbat urtetako edo urtebeteko kudeaketa planenetarako edo haur eta nerabeen sustapenerako programa orokorrak garatzeko, berriz,  hauek izango dira diru laguntza modalitate honetarako zenbatekoak:

0 - 1.000 habitantes

1.000,00 euros

1.001 - 2.500 habitantes

2.500,00  euros

2.501 - 5.000 habitantes

4.300,00 euros

 5.001 - 10.000 habitantes

6.000,00  euros

10.001 - 150.000 habitantes

7.500,00 euros

más de 150.000 habitantes

24.500,00 euros

 

  

1265