Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak abian jarri du Etxean Bizi

Aldundiak abian jarri du Etxean Bizi

Mendekotasuna duten pertsonek beren etxeetan bizitzen jarrai dezaten. Elgoibarren egin dute lehendabizikoz programa pilotu hau, eta Errenterian eta Pasaian ere garatzen hasiak dira, udal gizarte zerbitzuen, Osasun Sailaren eta hirugarren sektoreko eragileen laguntzarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu du Etxean Bizi programa pilotua, mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei zuzendua, beren etxeetan bizitzen jarrai dezaten. Horretarako, osasun eta gizarte arloko arreta integratua bermatzen da, erabiltzaileen nahiz haiek zaintzeaz arduratzen direnen behar eta lehentasunen araberakoa. Etorkizuna Eraikiz foru ekimenaren barruan dagoela, Etxean Bizi programaren helburu nagusia da «hobetzea mendekotasun egoeran dauden eta beren ingurune familiar eta komunitarioan bizi diren adineko pertsonen bizi kalitatea», adierazi du aurkezpenean Markel Olano diputatu nagusiak, ondoan izan dituela Jon Etxeberria Osasun Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkaria, eta Mayte Sancho Matia Fundazioko Planifikazio zuzendaria. «Bestela esanda –gaineratu du Olanok-, Etxean biziren xedea da laguntza behar dugunean ere etxean bizitzen jarraitu ahal izatea. Izan ere, ez dugu ahantzi behar Gipuzkoako adineko pertsonen % 80 baino gehiagok jarraitu nahi dutela beren etxeetan bizitzen, baita laguntza behar badute ere. Horretarako sortu dugu programa hau, birformulatu egiten duena arreta eredu gipuzkoarra, laguntza eta arreta ematen diena ahulezia eta/edo mendekotasun egoeran dauden eta aukera hau baliatu nahi duten pertsonei».

Etxean bizi Matia Fundazioaren laguntza teknikoarekin gauzatzen ari da. Horretarako, ikerketa-ekintza bat diseinatu da, eredu desberdinen eraginkortasunari buruzko informazioarekin, erabiltzaileei eta haien zaintzaileei egokitutako zerbitzuen hornidurari dagokionez, bizi kalitatearen hobekuntzari dagokionez, eta baita beste hainbat aldagai soziosanitariori dagokionez ere. Esperientzia hau Elgoibarren abiarazi da, eta lehenengo urratsak ematen ari da Pasaian eta Errenterian. Mayte Sanchok azaldu duenez, urtebetez, «II graduko mendekotasuna duten 200 pertsonekin egingo dugu lan». Horietatik 100 «talde esperimentalean» egongo dira, eta era guztietako arretak bilduko dituen «arreta eredu bat» jasoko dute: gizarte arreta, osasun arreta, boluntario ekintza eta gertuko zerbitzuetatik eta inguru komunitariotik datozen beste hainbat. Beste 100 pertsonek (kontroleko taldea), aldiz, egun jasotzen duten «arreta jasotzen jarraituko dute, eta ondoren talde bateko kideen eta bestekoen arteko aldea aztertuko da, bizi kalitateari dagokionez».

Horrela, Etxean Biziren bidez aipatutako herrien egungo egoera balioztatuko duen beharren «ebaluazio zorrotza egiten ari gara», azaldu du diputatu nagusiak. Emaitza horien arabera, «erantzun bat eta zerbitzuen zorro bat» eskainiko da. Zerbitzuen zorro hori tokiko administrazioen, osasun sistemaren eta hirugarren sektoreko eragileen laguntzarekin definituko da, eta «arreta guztiak integratu eta koordinatuko ditu». Eta gaineratu du kostuen azterketan Deustuko Unibertsitateak parte hartuko duela, Orkestraren bidez, ereduaren jasangarritasuna aztertzeko xedez.

Jon Etxeberriak, bere aldetik, bere «poza» adierazi du erakunde arteko lankidetzagatik – Osasun sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta gizarte zerbitzuen artekoa-, zerbitzu soziosanitarioetan «aurrera egiteko». Eta horien artean Etxean bizi dago, «oso programa interesgarria», proiektu honek «pertsonak jartzen dituelako erdigunean: mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonak eta haiek zaintzen dituzten pertsonak, bat etorrita Eusko Jaurlaritzarekin lehendabiziko estrategia ildoarekin, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren bidez gauzatua».

Bigarrenik, Etxeberriak nabarmendu du proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren beste erronka estrategikoetako batean «bete-betean» sartzen dela. Zehazki, zahartzaroaren eta mendetasunaren egoerari «erantzuten jakitean; eta, gainera, berrikuntza-ikerketa proiektu batetik abiatuta egiten dugu; bertan, osasunaren eta gizartearen arloan lan egiten dugunok gure ezagutza erabiltzen dugu, konponbideak bilatzeko orduan, egiten dugun lana hobetzeko».

80 urtetik gorakoak: % 49 gehiago 2031n.

Gaur egun, 80 urtetik gorakoak 50.000 baino gehiago dira Gipuzkoan (EUSTAT), 2000. urtean zirenen bikoitza.  Eta 2026an 58.000 izango dira; hau da, gaur baino 8.000 gehiago. Eta 2031n 68.000 izango dira; hau da, gaur baino % 36 gehiago. Horietatik guztietatik, 25.800 mendekotasuna duten adinekoak izango lirateke, gaur egun baino %49 gehiago, bizi itxaropena handitzen ari baita. Horren harira, eta Eustatek emandako datuen arabera, azpimarratu du, gaur egun, gipuzkoarren batez besteko adina 44,69 urtekoa den bitartean, 2031rako batez besteko adina 47,19 urtekoa izango dela. Halaber, Olanok zehaztu du gaur egun, Gipuzkoako 88 udalerrietatik 38tan, biztanleriaren % 20 baino gehiago 65 urtetik gorakoa dela. Zerrenda horretan herri txikiak daude, baina baita herrigune handiagoak ere, hala nola Donostia (% 23,22), Irun (% 24,65), Eibar (% 21,02) edo Errenteria (% 23,15). Errenterian emango dira, hain zuzen, Etxean Bizi modu esperimentalean ezartzen hasteko lehenengo urratsak. 

«Datu horiek gogoan ditugula -adierazi du diputatu nagusiak-, Aldunditik bide orri bat prestatu dugu, zahartzearen erronkari aurre egiteko. Horretarako, «ikuspegi prebentiboa» duten neurriak bultzatuko dira, zahartze aktiboa lortzeko, eta mendekotasunari eskaintzen zaion arretak benetan autonomia pertsonala sustatzeko. Gainera, kontuan hartuta adineko pertsonen % 80 baino gehiagok beren etxeetan jaso nahi dutela arreta,  hori «lehentasunezko helburu» bilakatu da Aldundiarentzat. Xede horrekin, adineko pertsonei beren etxeetan «kalitatezko arreta» emateko aukera ematen duten zerbitzuak «sustatu eta indartu behar ditugu», beren etxeetan «ahalik eta denbora gehien» jarrai dezaten. Neurri horien artean dago Etxean Bizi, «aipatu herrietan modu esperimentalean abiarazi duguna».

Arreta eredu gipuzkoarra

Diputatu nagusiaren hitzetan, Etxean Bizi proiektuak, abiapuntutzat dituena Eusko Jaurlaritzak eta Matia Institutuak sustatutako Etxean Ondo esperientziaren emaitzak, aurrera egin nahi du «arreta eredu gipuzkoarraren» berrikuspenean, etxean «arreta integrala» emateko proposamen baten bidez, zeina arreta honetan inplikatuta dauden eragileen funtzioak «txertartu eta koordinatzeko» gai izango den: familiak; gizarte zerbitzuak, oro har eta etxeko arreta zerbitzua, bereziki; osasun arreta, lehen mailakoa eta espezializatua; etxeko eta zaintzako lan sektorea; laguntzaile pertsonalak; boluntarioak; gertuko zerbitzuak; eta partaidetza komunitarioko ekimenak, bereziki Lagunkoia mugimendua, gaur egun 52 udalerritara zabaltzen dena Gipuzkoan.

Orobat, Olanok aditzera eman du esperientzia honetan, kasuaren kudeatzaile funtzioa udal zerbitzuetako «gizarte langileek beteko badute ere», beste testuinguru batzuetan, lan hori «erizainek, psikologoek edota beste profesionalen egin lezaketela. Izan ere, zeregin konplexua da, karga emozional handikoa, konpetentzia profesionalak eta gaitasunak eskatzen dituena halako prozesuan laguntzeko».

Era berean, Aldundiko agintari gorenak esan du Etxean Bizi eredua «bat datorrela erabat» Euskadiko arreta soziosanitarioaren 2017-2020 lehentasun estrategikoekin, eta planifikazioaren «erdigunean» jartzen dituela zerbitzuen erabiltzailea eta hura zaintzen duten senitartekoak. Erabiltzaileen eta zaintzaileen beharretatik abiatzen da, baina, batez ere, haien eskubideak «bermatzen» ditu, eta haien nahiak eta lehentasunak «errespetatu», «bai arretan eta bai eguneroko bizitzan». Izan ere, «modu horretan lortuko dugu erabiltzailearen eta haren zaintzaileen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea».

Bakarrik bizi diren pertsonak.

Bizikidetza ereduen bilakaerari dagokionez, Mayte Sanchok azpimarratu du «aldatzen ari direla, aurreikusita ez zegoen abiaduran». «1993an, adineko 100 pertsonetatik 15 baino gehixeago seme-alabekin bizitzera joaten ziren behar-egoerak sortzen zirenean; egun, zahartzaroa bizitzeko modu hori desagertzen ari da. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi baldintzei buruz egindako azken azterlanean (Eusko Jaurlaritza, 2015) ikusten da % 1,8ra jaitsi dela eredu hori aukeratzen duten adinekoen kopurua. Hau da, gero eta jende gehiago bakarrik bizi da, bi hamarkadatan ia 9 puntu igo baitira», gehitu du Sanchok, zeinaren ustez bizikidetza ereduen bilakaera horrek «zerbitzuak emateko eredua birformulatzera eramaten gaituen. Beharrak desberdinak dira, eta, ondorioz, erantzunek ere desberdinak izan behar dute».

Sanchok adierazi du, bestalde, generoa ere «faktore erabakigarria» dela zahartzaroaren ibilbidea konfiguratzerakoan eta laguntza beharra definitzerakoan, besteak beste emakumeen «biziraupena handiagoa delako»: «Horren ondorioz, emakumeek probabilitate handiagoa dute laguntza behar izateko, bakarrik bizitzeko, diru-sarrera gutxiago izateko, etxean eta inguruan oztopo eta irisgarritasun arazo gehiago izateko,... Baina generoa ere erabakigarria da senitarteko zaintzaileen kasuan. Izan ere, senitarteko zaintzaile horiek, batez ere alabak, lan munduan txertatuta daude gaur egun, eta, horregatik, zaintza lan horiek beste pertsona batzuk egiten dituzte, askotan lan eta prestakuntza baldintza kaxkarretan ari diren emakumeek normalean».

Laburbilduz, Etxeberriak oroitarazi du Etxean bizi proiektuak «aurrera egiten duela» integrazio asistentzialean, eta hori «gure estrategiaren beste ardatzetako bat dela», Osasun Sailaren eta Osakidetzaren estrategiaren oinarrietako bat. «Guk, Osasun arloan, badakigu osasun laguntzaren zenbait fasetan gure erantzukizuna gurea baino ez dela: ebakuntza kirurgiko baten aurrean gaudenean, erradioterapia tratamendua ematen ari garenean edo erresonantzia magnetikoa egiten dugunean. Baina ospitaleratze ohe batean gaudenean, kontsulta batean, etxean asistentzia eman nahi badugu, arreta integrala eskaini nahi badugu, kalitatezko zerbitzua eman nahi badugu, ez dago gure esku soilik; izan ere, pazientearekin eta haren familiarekin edo zaintzaileekin lan egin behar dugu, eta, horrekin batera, gizarte-zerbitzuekin, elkarteekin, eta paziente horren bizitzan esku hartu dezaketen eragile guztiekin. Eta badakigu, horrela, guk eman dezakegun zerbitzua kalitate handiagokoa izango dela».

Amaitzeko, foru arduradun nagusiak adierazi du Etxean Bizi programak aurrera egingo duela arretaren «eredu gipuzkoarrean», eta, horrez gain, ziur dagoela «kostu eraginkorra izango dela, enplegua sortuko duela eta laguntza behar duten pertsonen, familien eta bizi diren lurraldeen bizi-kalitatea hobetuko duela, eta herritarren eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen arteko adiskidetasun-mugimendu bat sustatuko duela». «Azken buruan -esan du Olanok-, Etxean biziren gakoa da erakunde arteko baliabideak koordinatu eta optimizatzea, pertsonak erdigunean jarrita». Eta ildo horretan,  Etxean bizi programak «modu berri bat» jarriko du abian, laguntzak eta arretak emateko, kostua/onura erlazioan «eraginkorragoak» direnak, eta «koherenteagoak» bere etxeetan bizi diren adinekoen «nahi eta lehentasunekin». «Frogatu nahi dugu gure nagusiek nahiago dutena egingarria dela, eta modu jasangarrian, gainera».

Frogatu nahi dugu gure nagusiek nahiago dutena egingarria dela, eta modu jasangarrian
  

2203