Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Baliabideak udalentzako, Europara zabaltzen laguntzeko

Baliabideak udalentzako, Europara zabaltzen laguntzeko

Arrasateko Udalak 572.989,28 euro jasoko ditu EGFtik, gazteen artean enplegua sustatzeko

Gipuzkoako udal, mankomunitate eta garapen agentziek Europan duten parte-hartzea indartzeko abian jarri duen estrategiaren berri eman du gaur Foru Aldundiak  Foru erakundeak Europako Proiektuen Bulegoa edo leihatila europarra zabaldu du tokiko erakundeentzat. Bulego honek tokiko erakundeek dituzten aukeren inguruko aholkularitza emango die, bai proiektuak finantzatzeko, bai lankidetza sareetan parte hartzeko, bereziki interesekoak diren proiektuetan. Imanol Lasak, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua, agerraldia egin du gaur, Maria Ubarretxenarekin, Arrasateko alkatea. Izan ere, Arrasatekoa da zerbitzu hau erabili duen udaletako bat. Bertan, Gipuzkoako udalerriak Europara zabaltzera animatu ditu, «aukera handiak eskaintzen baititu». Lasak adierazi duenez, «erronka horri aurre egiteko, Aldundiaren laguntza eta baliabideak izango dituzte».

Leihatila europarraren bidez, proiektuak finantzatzeko (programak, funtsak,...) nahiz Europako beste lurraldeetako udalerri eta eskualdeekin aliantzak egiteko dauden aukerei, bideei eta erronkei buruzko informazioa eta aholkularitza eskaintzen die Aldundiak udal eta eskualdeei, dauden aukera guztiei ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko.  Bulegoak informazio pertsonalizatua ematen du programa, deialdi eta aplikazio arauei buruz. Gainera, aholkularitza teknikoa ematen du ekimenen bideragarritasunari buruz, aukerak identifikatzen laguntzen du,... Bestalde, udalek garatzen dituzten ekimenen jarraipena egingo du, zalantzak argituko ditu eta gomendioak emango ditu.  Bulegoaren telefono zenbakia 943112322 da, eta posta elektronikoa europa@gipuzkoa.eus.

Aldundiak, gainera, laguntza lerro berri bat ere onartu du, tokiko entitateei zuzendua, programa europarretara aurkeztu nahi dituzten proiektuak prestatzeko laguntza teknikoa eta aholkularitza jasotzeko. Lerro honen bidez kostuaren % 50 arteko diru laguntza jaso dezakete.  Deialdia 2018ko apirilaren 30ean argitaratu zen, dagokion informazio guztiarekin, eta eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da urte osoan -finantzatutako proiektuak 2018an zehar deialdi europarren batetara aurkeztuak izan behar dute.

Era berean, prestakuntzaren arloan, leihatila europarrak diseinu tailerrak jarri ditu abian, udaletako eta mankomunitateetako teknikarientzat. Tailer horien helburua da prestakuntza praktikoa eskaintzea, proiektuetan parte hartzea sustatzeko. Aurrez aurreko hiru lansaio egingo dira, ekainean. Bertan, gai hauetan espezialistak diren adituek deialdi europar batetarako proposamen bat diseinatzen eta prestatzen lagunduko diete entitate parte-hartzaileei; zehazki, hirien senidetze eta sareen deialdirako, Europa Hiritarrekin Programaren barruan. Horrela, tailerrak amaitzean, parte hartzaileak beren proiektua Europako Batzordera aurkezteko moduan egongo dira.

Lasak adierazi duenez, baliabide hauek beren fruituak ematen ari dira jada. Horrela, leihatila europarraren laguntzarekin, eta Maria Ubarretxenak jakinarazi duen bezala, Arrasateko Udalak proiektu bat aurkeztu du, Gaztelan izenekoa, Europako Gizarte Funtsaren 2017ko laguntzen bigarren deialdira. Laguntza horiek aurreikusita daude Gazte Enplegurako Programa Operatiboan, gazteak lan merkatuan era jasangarrian integra daitezen bultzatzeko. Proiektua onartua izan da, eta 572.989,28 euroko laguntza jasoko du Europatik. Gastua 623.560 eurokoa izango denez, finantzazioa % 91,89koa da.  Ubarretxenak nabarmendu duenez, “Arrasaterentzat oso garrantzitsua da udalerrian gazteen enplegua sustatzeko baliabide berriak edukitzea. Egitasmo honen eskutik, gure gazteei prestakuntza ekintzak, praktika profesionalak, orientazioa eta laguntza ekonomikoa eskaini ahal izango dizkiegu, sektore hauetara bideratuta: sistema elektromekanikoen muntaia eta konponketa, nekazaritza eta elikagai industria”.

Deialdi horretan bertan, Europak beste bi proiektu ere sustatu ditu gazteen enplegua bultzatzeko: bata Errenteriako Udalak aurkeztua -Errenterialan-, eta 267.738 euro jasoko dituena, eta bestea Eibarko Udalak aurkeztua -Ekin lanari-, 166.210 euroko laguntzaz hornitua. Gainera, leihatila europarraren bidez, Gipuzkoako beste hainbat udal eta eskualdeek programa europar hauetarako proiektuak aurkeztu dituzte, edo prestatzen ari dira: «Erasmus+», «Hiritarren Europa» eta «Europa sortzailea».

Lasak dei egin die lurraldeko udal guztiei, aipatutakoen eredua jarrai dezaten, eta Europako programa eta sareetan parte-hartze erregularragoa eta aktiboagoa eduki dezaten, Gipuzkoa Europarekin konektatuz. “Aberasgarria da lurraldearentzat eta herritarrentzat, ez bakarrik finantzaketa mailan, baita praktika ona partekatzeko ere. Badugu zer erakutsi, eta badugu ere zer ikasi. Behin baino gehiagotan esan dugu guretzat Europako herrialde aurreatuenak direla gure eredu. Ezinbestekoa da jakitea zertan ari diren, gure lurraldean modernizazioa, garapena eta kohesio soziala bultzatzen jarraitzeko, bereziki estrategikoak diren eta gure etorkizuneko erronkei erantzuten dieten arloetan, hala nola enplegua eta sustapen ekonomikoa, gizarte politika, gobernantza edo digitalizazioa”, azaldu du.

 Gipuzkoaren bokazio europazalea azpimarratu du. “EB, ororen gainetik, elkarbizitza eta lankidetza proiektua da, belaunaldi, herri eta eskualdeetako pertsona askoren ahaleginari esker aurrera egiten duena. Hori da batasun politiko, ekonomiko eta sozialaren funtsa, eta indargunea. Eta hala izango da aurrerantzean ere, bai une gozoetan, eta baita zailagoetan ere, orain bizi ditugunak bezala”.

Hori dela eta, aurreratu du Aldundiak elkarlanean jarraituko duela udalekin Gipuzkoaren nazioartekotzean partaide izaten jarrai dezaten. “Ezin dugu bigarren mailako aktorea izan Europako testuinguruan. Rol protagonista jokatu nahi dugu pertsonen Europa eraikitzerakoan, eta bide horretan, bazkide ditugu udalak. Horregatik jarri ditugu Aldundiaren baliabideak beraien eskura, bulegoarekin; Europaren inguruan duten ezagutza hobetzeko, uruntasun klitxeak apurtzeko, zalantzak argitzeko… Europar esparrura zabaltzerakoan duten baliabide eta denbora faltari ere aurre egin nahi diegu”, amaitu du.

  

1503