Atzealdea

Aldundiak bere egin du etorkizuneko hizkuntza politikei buruzko ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua

Foto Aldundiak bere egin du etorkizuneko hizkuntza politikei buruzko ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua

Aldundiak bere egin du etorkizuneko hizkuntza politikei buruzko ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua

Euskararen biziberritze prozesuari buruzko gogoetan “erreferentzia sendoa” izango da Euskararen Aholku Batzordeak adostutako hausnarketa

Aldundiak bere egin du etorkizuneko hizkuntza politikei buruzko ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere egin du Euskararen Aholku Batzordeak adostu eta plazaratutako Eta hemendik aurrera zer? dokumentua, euskararen biziberritze prozesuari buruzko gogoeta eta eztabaidan “erreferentzia sendoa” eskaintzen duelako. Foru gobernuak aho batez onartu du hausnarketa hori, berriki izandako gobernu kontseiluetako batean.

Urtebete iraun duen gogoeta eta ekarpen prozesu baten ondoren, Eta hemendik aurrera zer? behin betiko dokumentua onartu zuen, aho batez, Euskararen Aholku Batzordearen osoko bilkurak maiatzaren 11n. Kontsentsuzko dokumentua da eta kontsentsurako egina, askotarikoen arteko eztabaidari eta askotarikoen ekarpen eta eskuzabaltasunari esker. Politika publikoen arrakastarako oro har, eta bereziki hizkuntza politikaren zilegitasun eta eraginkortasunerako pisuzko bermea adostasun sozial eta politiko zabala den konbikzioa dago Eta hemendik aurrera zer? dokumentuaren abiaburuan. Bertan jasotzen baitira 2016-2036 epealdirako hizkuntza politikaren oinarriak eta lehentasunen markoa.

Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Mikel Irizarren iritziz, aipatutako dokumentua “erreferentzia sendoa” izango da “euskararen biziberritze prozesuari buruzko gogoeta pil-pilean dagoen momentu honetan”. “Izan ere, dokumentuaren izenburuko galderak berak adierazten duen bezala, euskararen biziberritze prozesua bidegurutze batean dago eta begirada luzatzen ari gara aurrerabidearekin ere asmatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundian egiten ari garen ekarpena da gizarte eragileekin lankidetzan aztertzea galdera honen erantzuna: Zer egin behar dugu ezberdin eraginkorrago izateko? Izen horrekin parte hartze prozesua abian du Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak, legealdian zehar sakontzeko asmoarekin”, azaldu du Irizarrek.

Irizarrek dioenez “osagarritasun erabatekoa” du gure prozesuak Euskararen Aholku Batzordearen dokumentuarekin. “Han ezarritako markoari erantsi nahi dizkiogu ekintzarako palanka berritzaileak. Horregatik nahi izan dugu Aldundiak bere egitea dokumentu hura, gure lanaren oinarria izan dadin”, gaineratu du.