Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak bere gobernantza eredua azaldu du Pirinio Atlantikoetako Kontseiluaren aurrean

Aldundiak bere gobernantza eredua azaldu du Pirinio Atlantikoetako Kontseiluaren aurrean

Iparraldeko erakundeko ordezkariek eskaera egin zuten foru erakundearen hainbat proiekturen berri edukitzeko

2017/03/10

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gobernantza eredua aurkeztu du gaur goizean Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Departamentuako –CD64- 40 kargu eta ordezkariren aurrean. Iparraldeko erakundeko ordezkariek interesa erakutsi zuten foru erakundeak legealdi hasieratik estrategikotzat duen alor honetan hartzen ari den neurri eta proiektuen inguruan. Gipuzkoar ordezkaritza osatu dute Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko  diputatuak, Goizeder Manotas Modernizazio zuzendariak, eta Iker Goiria Kanpo Harremanetako zuzendariak.

CD 64ko presidente Jean Jacques Laserrek egin die harrera, eta betse hainbat karguk parte hartu dute gipuzkoar ordezkarien agerraldian, hala nola Max Brisson lehendakariordeak, Kotte Ezenarro Hendaiako alkateak, Isabelle Lahore funtzio publikoko arduradunak, edota Denise Saint-Pé Hezkuntzako arduradunak.

Aldundiak hainbat ekimenen inguruko xehetasunak eman dizkie Iparraldeko ordezkariei: Etorkizuna Eraikiz –kontziliazioa eta langileen partaidetza bereziki-, Zuzentasun Sistema, Aurrekontu Irekien prozesua, Gipuzkoako Kontratazioa –zeinaren bidez 20 milioi euro aurreztu diren-, Aldundiaren etorkizuneko perfil eta zerbitzuen diseinua, gardentasun eta desburokratizazio politika, tramite eta gestioak arintzeko, edota Aldundiak irekitako komunikazio kanal berriak, herritarrengandik gertu egoteko eta konfiantzan oinarritutako harremana finkatzeko.

“Uste dut albiste bikaina dela beste erakundeek zertan ari garen ezagutu nahi izatea. Horrek esan nahi du bide onetik goazela, gobernantza ona Gipuzkoaren nortasun ikur bilakatzeko prozesuan”, adierazi du Imanol Lasak. Gaineratu duenez, gaurko ekitaldiak mugaz gaindiko lankidetzan sakontzeko eta CD64rekin “dagoeneko oso onak diren harremanak hobetzeko” balio izan du: “Asko dugu besteengandik ikasteko, baina baita erakusteko ere”,

Foru ordezkariek hitzaldia amaitu ondoren, CD64ko ordezkariek galderak egin ahal izan dituzte, eta hainbat gairi buruzko interesa erakutsi dute. Arretarik handiena piztu duen gaietako bat, Aldundiaren belaunaldi aldaketa gauzatzeko prozesua izan da. Derrigor heldu beharreko kontua da, langileen erdiak erretiroa hartuko baitute datozen 8 urteetan. Funtzionarioen berrikuntza eta ezagutzaren transmisioa erronka da ere Iparraldeko administrazioarentzat. Aldundiaren kode etikoaren inguruko argibideak eskatu dituzte, halaber.

  

1370