Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak biharko erronkei aurre hartu eta etorkizuneko Gipuzkoa eraiki nahi du lurraldeko eragileekin elkarlanean

Aldundiak biharko erronkei aurre hartu eta etorkizuneko Gipuzkoa eraiki nahi du lurraldeko eragileekin elkarlanean

Diputatu nagusiak gidatzen duen ‘Etorkizuna eraikiz’ proiektuak esperientzia pilotuak jarriko ditu abian, arrakasta dutenak politika errealean txertatzeko

Esperientzia pilotuak martxan jarri, ebaluatu eta, ostera, ondorioak politika publikoetan txertatu. Eskema honi jarraiki landu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeak etorkizunera begira dituen erronka nagusiak. Hori da, hain zuzen ere, Etorkizuna eraikiz egitasmoan jaso duen estrategia, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, gidatzen duen programa. Ekimenak gobernantza eredu ireki eta parte hartzailea du ardatz, eta prozesu guztia gizarte antolatuko eta unibertsitate sistemako eragileekin partekatu eta kontrastatzea aurreikusten du. Hau da, egunerokotasunetik begirada altxatu, epe ertain-luzera begiratu eta geroari aurre hartzen saiatu.

            Diputatu nagusiak berak eman die gaur lurraldeko hedabideei ekimenaren lan lerro adierazgarrienen berri, egitasmoa aurkezteko Aldundian bertan egin den topaketaren baitan. “Etorkizunak dakarrenari aurre egin beharrean, geroa eraiki eta hobetu nahi dugu, jarrera ireki eta proaktibo batetik”, esan du Olanok. Diputatu nagusiak proiektuaren iraunkortasunaren alde egin du apustu, eta epe motzeko eztabaida eta alderdikerietatik salbu mantentzearen garrantzia nabarmendu du: “Ez du iraungitze eperik, denen ekarpenak jaso eta denboran iraunkor egin nahi du Etorkizuna Eraikiz”.

Egitasmoa bi zutabe nagusiren gainean eraiki da: alde batetik, GipuzkoaLab deritzona, ekonomia, gizarte eta kultura arloetan esperientzia pilotuak martxan jarriko dituena, hauek ebaluatu ostean eraginkor eta erabilgarri agertu direnak politika publikoetan txertatzeko. Epe motzera begira, 2016an bertan, lau proiektu nagusitan sakondu nahi da. Horietako bi enpresen arloan gauzatuko dira: partaidetza, batetik, eta genero berdintasuna eta kontziliazioa sustatzea, bestetik. Horretarako, hamarna esperientzia pilotu jarriko dira martxan beste hainbeste konpainia ezberdinetan, 500 pertsonen partaidetzarekin. Guztira, beraz, 20 enpresa eta mila lagunen parte-hartzea aurreikusten da hasiera honetan. Hirugarren proiektua Gizarte politikaren arloan gauzatuko da, adinduen arretarako erreferentziazko zentro baten garapena landuz eta hirugarren sektorea bultzatzeko beste lau esperientzia abian jarriz. Laugarren ekimenak euskararen arloa jorratuko du, ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategia sustatuz.

Bigarren ardatza Gipuzkoa Taldean litzateke, gizarte antolatuarekin elkarlanean eta etengabeko elkarrizketan oinarrituta, Gipuzkoa 2026 Plan Estrategikoa osatzea helburu izango duena. Hau da, lurralde gisara Gipuzkoa eta gipuzkoarrok non gauden zehaztu, norabidea adostu eta nola egin aurrerapauso hori gauzatu eta aplikatzen hasteko. “Hausnarketa eta ikerketa pausu bat haratago eraman eta biharko galderei erantzunak ematen lagunduko diguten aplikazio praktiko berritzaileak abian jarri nahi ditugu”, azaldu du Olanok. Gizarteko hainbat arlotako 60 ordezkarik osatuko dute gogoeta eta gobernantza organo hau.

Diputatu nagusiak gogoratu duenez, Gipuzkoak lurralde aurreratu, jasangarri eta integratzailea izaterainoko bidea egin du azken bi hamarkadetan, baina krisi ekonomikoak sistemaren indargune eta ahuleziak agerian utzi ditu. “Geldialditik nola irteten garen giltzarri izango da etorkizuneko gure eredu sozial eta ekonomikoa zehazterako orduan” eta, hain zuzen, prozesu horretan aurrea hartu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez. Jasotako ekarpenek eta programa honetan identifikatutako aurrerakuntzek legealdi honetan indarrean dagoen Kudeaketa Plan Estrategikoa eguneratuko dute.

 

Hiru zeharkako ardatz

Bi zutabe nagusi hauek osatzeko asmoz, Etorkizuna eraikiz egitasmoak beste hiru zeharkako ekimen aurreikusten ditu. Lehen ekimenak, nazioartekotze sareak, proiektua mundura ireki, kontrastea egin eta kanpoko esperientzia aberasgarriekin elikatzea bilatzen du. Hau da, atzerrira irten, proiektu interesgarri eta arrakastatsuak aurkitu eta, lurraldearen errealitatera egokitu ostean, inportatu. Aldi berean, Gipuzkoa nazioarteko topagune eta sareekin konektatu eta eragile aktibo bilakatzearen alde lan egingo da, mundu mailako think tank nabarmenenekin zubiak eraikiz.

Ikergunek, bere aldetik, lurraldeko ekosistema akademikoaren aktibazioa izango du xede, Etorkizuna eraikiz osatzen duten programa ezberdinei babesa eta sostengua emateko. Lurraldean egoitza duten lau unibertsitateek hartuko dute parte eta euren ekarpena esperientzia pilotuen azterketa eta proiektuen ebaluazioa, emaitzen hedapena eta Etorkizuna eraikiz proiektuaren inguruan sortutako eztabaidetan hitza hartuz gauzatuko da. Hirugarren zeharkako ardatza gizarteratze prozesua litzateke, lurraldearen erronkak eta proiektuaren ondorioak gizartean hedatu, eztabaidatu eta partekatzeko helburua duena.

 

Gizarteko ordezkarien aurreko aurkezpena

Diputatu Nagusiak bihar bertan aurkeztuko du Etorkizuna Eraikiz programa, gizarteko eta ekonomiaren arloko 300 bat ordezkariren aurrean. Ekitaldia Donostiako Tabakalera zentroan izango da, goizeko 11:00etan, eta, besteak beste, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitateko ordezkari nagusiek hartuko dute bertan parte.

Eranskinak:

  

1435