Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Caritas Tolosaldeako boluntarioen proposamenak jaso ditu

Aldundiak Caritas Tolosaldeako boluntarioen proposamenak jaso ditu

Imanol Lasa diputatua atzo izan zen haiekin, Aurrekontu Irekiak osatzeko prozesuaren barruan

2017/06/23

Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasa eta Herritarren Partaidetzarako zuzendari Joseba Muxika Caritas Tolosaldeako boluntarioekin izan ziren atzo, Aldundiaren jardunaren eta proiektu nagusien berri emateko, eta haien proposamenak, kritikak eta ekarpenak entzuteko. Aurrekontu irekien prozesuaren barruko topaketa izan zen. Prozesu horri esker, gipuzkoarrek aukera dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2018ko aurrekontuak prestatzen parte hartzeko.  

Caritaseko kideek egiten dutenaren berri eman zioten diputatuari, eta adierazi zioten eskualdean gero eta handiagoa dela laguntza eskatzen dieten pertsonen kopurua. Tolosaldeak 47.000 biztanle ditu, eta 2016an 3.262 lagunen premiei erantzun zieten, 179.053 euroko inbertsioa eginez. 2012an, berriz, 725 laguni eman zieten arreta. Datu horiek erakusten dutenez, erabiltzaile kopurua krisialdiaren ondorioz areagotu da. Laguntza eske joaten diren pertsonen ohiko profilak hauek dira: guraso bakarreko familiak, seme-alabak dituzten bikote gazteak, diru sarrerarik ez duten pertsonak edo diru sarrera eskasak dituztenak, egoera administratibo irregularrean dauden migratzaileak, eta langabezia egoeran daudenak. Eskaera eta behar ohikoenak etxebizitzari (hornidurak eta alokairuen ordainketa) eta oinarrizko beharrei (elikagaiak, arropak, etxeko gauzak…) loturikoak izaten dira.  

Caritas Tolosaldeako kideek Euskadiko eta Gipuzkoako gizarte babeserako sistemaren balioa nabarmendu zuten, eta sistema horretan sakontzen jarraitzeko eskaera egin. Izan ere, ohartarazi zuten bereziki larria dela epe luzeko langabeen egoera –egiturazko pobrezia poltsa bat sorraraz dezake–, edo lan bat izan arren hilaren amaierara iristeko edo ezustekoei aurre egiteko laguntza puntuala behar izaten dutenena. Lasari hainbat eskari egin zizkioten, besteak beste, prestakuntzari, lanbideari, laneratu aurreko aldiari eta gizarteratzeko enpresei dagozkien baliabide sareak indartzea –espazio horiek duin bihurtzen baitute lan munduan sartzeko arazoak dituzten pertsonak gizarteratzeko prozesua–; Lanbiderekiko harremana arinagoa egitea; edo Tolosan hamar bat plazako eguneko eta gaueko zentro bat irekitzea. 

Diputatuak parte-hartzaileei beren jarrera ona eskertu zien eta topaketa “oso aberasgarritzat” jo zuen, bai erakundea eta haren jarduna eragile desberdinei gerturatzeko, bai eta “politika eta partida jakinak hobetuz eta doituz” 2018ko aurrekontuak aberasteko ere. Gogorarazi du Aldundiaren aurrekontuaren ia erdia gizarte politikara bideratzen dela, eta erakundeak lehentasunen artean duela desberdintasuna murriztea, Gipuzkoa legealdiaren amaieran Europa mailan desberdintasun sozial gutxien duen herrialdea izan dadin.

Orobat azpimarratu zuen laneko inklusioa Foru Aldundiaren lehentasunetako bat dela, eta 240 lagunek baino gehiagok lortu dutela lana iaz abian jarri zen Elkar-ekin planari esker. Gainera, 2017ko lehen hiru hilabeteetan, 925 lagunek hartu dute parte Aldundiaren enplegagarritasun programetan. Nolanahi ere, onartu zuen asko dagoela oraindik egiteko, gero eta baliabide gehiago beharko direla dauden behar guztiei aurre egiteko, eta aurrerantzean daukagun erronka gizarte arretako sistema jasangarri egitea dela, hirugarren sektorearekin lankidetzan: “Ez da erakunde mailako erronka bat, gizarte osoari dagokion erronka bat baizik; guztion konpromisoa eskatuko du”.

  

1319