Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Añarbeko Urak-ek lankidetza-hitzarmen bat sinatzen dute, Errenterian, Oiartzun ibaiaren saneamendua hobetzeko

Aldundiak eta Añarbeko Urak-ek lankidetza-hitzarmen bat sinatzen dute, Errenterian, Oiartzun ibaiaren saneamendua hobetzeko

Hitzarmen honi esker, Errenterian Oiartzun ibaiaren esker aldean kolektore berri bat eta saneamendu-instalazioak eraikiko dira

Obren aurrekontua 2,9 milioi eurokoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Añarbeko Urak-ek %50ean finantzatuko dituzte

Kolektore berriak, 438 metroko luzerarekin eta barrutik 1,2 metroko diametroarekin,  Iztieta eta Errenteria ponpatze-estazioak lotuko ditu

Eragozpenak gutxi izango dira, zeren zulaketa-teknika erabiliko da eta ez dira zangak irekiko

Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Añarbeko Urak-ek gaur goizean lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Oiartzun ibaiaren saneamendua hobetzeko, eta Iztieta eta Errenteria ponpatze-estazioak lotuko dituen kolektore berriaren obrak erdibana finantzatuko dituzte (%50).

Honela, Errenteriako saneamenduko kolektore nagusiaren zati handi bat berritu egingo da, Oiartzun ibaiaren ezker aldetik igarotzen dena, eta Errenteriako, Oiartzungo eta Lezoko zati bateko hondakin-urak Pasaiako badian dagoen interzeptoreraino eramango ditu eta hemendik Loiolako araztegira eta azkenik itsasora.

Obrak jada lizitazio fasean aurkitzen dira, eta horien hasiera hurrengo hilabeteetarako aurreikusten da. Aurrekontua 2,9 milioi eurokoa da eta gauzatze-epea 12 hilabetekoa.

Kolektore berri honek (438 metroko luzera eta 1,2 metroko diametroarekin) orain arte erabiltzen zen kolektorea ordeztuko du, alegia, Iztietako ponpatze-estazioaren (izen berdina duen oinezkoentzako pasabidearen ondoan kokatua) eta Errenteriakoaren (Oiartzun ibaiaren bokalean dagoena) tartean dagoena.

Kolektore horri esker eta solidoen erretentziorako instalazio berriari esker, ibaira egiten diren isuriak erabat murriztuko dira eta Oiartzun ibaira hondakin solidorik  isurtzea saihestuko da.

Kolektore berri honen eraikuntzari esker, gaur egun sarearen ustiaketan dauden arazoak saihestuko dira, hau da, Iztietako ponpalekuan pilatzen diren hondakin-urak gelditu gabe ponpatu beharra. Kolektore berria zerbitzuan jartzen denean hobekuntza nabarmenak eragingo ditu bai ingurumenean bai urean.

  • Funtzionamendu hidraulikoa hobetu egingo da, bai Errenteriako udal saneamendu-sarearena (butxadurak direla-eta gaur egun arazo garrantzitsuak dituena) bai Añarberen titularitatekoa den goi-sarearena.
  • Euria indartsu egiten duenean, ibaira egiten diren isuriak murriztu egingo dira eta Oiartzun ibaira ez da inolako hondakin solidorik isuriko, Errenteriako HUPEn solidoen erretentziorako ekipo berri bat jarriko baita.
  • Iztietako hondakin-uren ponpatze-estazioa ezabatu egingo denez, energia elektrikoaren kontsumoa gutxitu egingo da, eta ondorioz hori ekoizteak suposatzen duen ingurumen-kostuak baita ere.



 

Zulaketaren teknikari esker zangak egin gabe gauzatuko da obra, ia-ia ez da ikusiko eta afekzioak gutxi izango dira

Kolektorearen sakontasunak eta izango duen 438 metroko luzera, gehienbat, maila freatikoaren azpitik joango denez, zulaketaren teknika erabiltzea da egokiena, 1.200 mm-ko diametroko ezkutu itxia izango duelarik; 5,6 metroko sakonera Iztietako HUPEaren sarreran eta 8,5 metrokoa Errenteriako HUPEaren irteeran.

Zulaketa teknikari esker kolektorearen eraikuntza egin ahal izango da lurrean zangarik ireki gabe, eta soilik putzu bertikal bat irekiko da Amasatarren kalearen bukaeran, lehen hiltegia zenaren aurrean. Putzu honetan bi zulaketa egingo dira (diametro berdinekoak) goian aipatu diren bi ponpatze-estazioetarantz.

Sistema honi esker, hiritarrei eragozpen eta afekzio ugari aurrezten zaizkio (eragozpenak oinezkoei, zola puskatzerakoan sortzen den zarata eta poluzioa, lurpean existitzen diren zerbitzuentzat arriskua, trafiko desbideraketak, zuhaitzen mozketa, lurrak eta materialen garraioa, eta abar); honela, kolektorearen trazaduratik igarotzen diren hiritarrek eta ibilgailuek ez dute jakingo euren oinazpian hondakin-urak garraiatuko dituen ubide garrantzitsu bat eraikitzen ari dela.

Kolektore berriaren eraikuntzak zenbait aldaketa eragingo ditu udal saneamendu-sarean: proiektuak aurreikusten du Amasa kaleko udal saneamendu-kolektorearen konexioa -lehen esan den bezala, malda ez izateagatik butxadura arazo ugari dituena-. Horretarako 25 metroko luzera eta 400 mm-ko diametroa izango dituen kolektore bat gauzatuko da, oraingoan bai, zangak irekiaz.

  

1284