Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta EHUk berdintasuna, euskarazko edukiak eta prestakuntza duala sustatuzko dituzte elkarlanean

Aldundiak eta EHUk berdintasuna, euskarazko edukiak eta prestakuntza duala sustatuzko dituzte elkarlanean

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak lankidetza hitzarmena berritu dute

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza eta koordinazio hitzarmena berritu dute gaur Etorkizuna Eraikiz proiektuaren baitan, bi erakundeen arteko elkarlanarekin jarraitzeko helburuarekin. Erakunde akademikoak politika publikoen ikerketa, prestakuntza eta azterketa sustatu eta garatuko ditu. Aurten, hainbat jardun lerro garatuko dituzte elkarlanean, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren GipuzkoLab programaren barnean: genero berdintasuna eta kontziliazioa sustatzea enpresetan; euskararen presentzia Gipuzkoako nerabeek Interneteko ikus-entzunezko edukiak kontsumitu, sortu eta zabaltzeko dituzten ohituretan; eta unibertsitatea eta enpresen arteko prestakuntza duala garatzea.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gidatutako Etorkizuna Eraikiz gobernantza egitasmoaren baitan dagoen Gipuzkoa Taldean programa ere landuko du unibertsitate publikoak. EHUk babesa emango dio Gipuzkoako Plan Estrategikoaren eta Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan egin nahi den gogoetari, eta bere ikasleak bultzatuko ditu Altuning Pro Gipuzkoa programan parte hartzera. Programa hauen bitartez, Foru Aldundiaren helburu estrategikoei bultzada bat ematea espero da: ekonomiaren susperraldia finkatzea, gizarte ongizatea eta kohesio eredua sendotzea, lurraldea modernizatzeko gauzatzeke dauden proiektuei ekitea, Gipuzkoako gobernua atzera asmatzea, eta herritarren arteko elkarbizitza finkatzea.

Erakunde publiko eta unibertsitatearen arteko elkarlana ezinbestekotzat jo du Olanok,  “esparru akademikoak hezkuntzan eta ikerketan izan dituen funtzio tradizionalez gain, unibertsitateak lurraldearen garapenean paper garrantzitsua joka dezake eta jokatu behar du”. Diputatu nagusiarentzat garrantzitsua da unibertsitateak modu estrukturalean inplikatzea partekatutako hausnarketa prozesu horretan. Adierazi duenez, “guztion artean eraiki eta partekatu behar dugu Gipuzkoa berritu baten gaineko etorkizuneko ikuspegia”. Aldundiak etorkizuneko Gipuzkoaren ikuspegia Kudeaketa Plan Estrategikoan jasota du: “Gipuzkoa, lurralde lehiakorra, inteligentea, orekatua eta sortzailea, aberastasun sorrera iraunkorra, pertsonen ongizatea, herritarren arteko elkarbizitza eta hizkuntz eta genero berdintasuna bermatzen dituena bera, gizarte desberdintasunek hedapen txikiena hartzen duten Europako lurraldea bilakatua”.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak hitzarmen berri honen garrantzia nabarmendu nahi izan du izenpetze ekitaldian: “UPV/EHUren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko harremanak biziak eta estuak ziren lehendik ere, baina gaurko hitzarmenak ezartzen duen marko arauemaileak are gehiago indartuko ditu, eta elkarlanean aritzeko moduak zabalduko ditu. Gure ustez, Gipuzkoako Aldundiarekin dugun hartu-eman estu eta egonkorra ezinbesteko osagaia da Gipuzkoako Campusa eta unibertsitatea bere osotasunean garatzeko”.

  

1344