Atzealdea

Aldundiak eta gizarte zibilaren ordezkariek etorkizuneko Gipuzkoa elkarrekin diseinatuko dute

Foto Aldundiak eta gizarte zibilaren ordezkariek etorkizuneko Gipuzkoa elkarrekin diseinatuko dute

Aldundiak eta gizarte zibilaren ordezkariek etorkizuneko Gipuzkoa elkarrekin diseinatuko dute

Etorkizuna Eraikiz-en hiru proiektu berri gehitu dituzte, talentua erakartzeko, zailtasunak dituzten gazteak lan munduan sartzeko, eta etxean bizi diren adineko pertsonen arreta bermatzeko

Berrogeita hamarretik gora lagunek, gizarte zibilaren ordezkari kualifikatu direnek, parte hartu dute gaur arratsaldean Gipuzkoa Taldean-en bileran. Urtebete daramate ekimen horretan lanean lurraldearen etorkizuna elkarrekin diseinatzeko. Topaketa Etorkizuna Eraikiz hausnarketa estrategiko prozesuaren baitan egin da, Markel Olano diputatu nagusia buru izan delarik. Egitasmo honen “garrantzia” nabarmendu du Olanok, esanez tresna “partekatu” bat dela, politika egiteko modu “berri bat”, gobernantza eredu ireki eta parte hartzailea, gipuzkoarrek gure hemendik hogei urtera bitarteko etorkizuna “eraiki dezagun”, beti ere “kezkatzen gaituzten arduren inguruan (lana, familia, arreta, ekonomia….). Izan ere, “herritarron eta gizarte antolatuaren etorkizun hurbileko beharrei erantzuteko gai garen heinean biharko Gipuzkoak izango dituen erronkei aurre hartzeko gai izango gara”, adierazi du diputatu nagusiak.

Gaurko biltzarrean hiru proiektu berri aurkeztu dituzte, dagoeneko martxan dauden bost proiektuen osagarri modura. Lehenak, Gipuzkoa Talent-ek, talentua erakartzea eta atxikitzea izango du helburu. Bigarrena Etxean Bizi da eta egoitza-plaza eskatu duten pertsonei dago zuzendua, eta helburu du mendekotasun arriskuan edo mendekotasuna duten pertsonek arreta egokia izatea, beraien etxean bizi daitezen hobetsita. Hirugarren proiektua GazteOn sareLAN izango da eta 16 eta 23 urte bitarteko gazteen lan-munduratzea du xede.

Diputatu nagusiak azaldu du aipatu hiru proiektuak 183 ekimenen artean izan direla hautatuak, aurkeztu ziren 20 esku-hartze arloen baitan. “Guztiak ziren interesgarriak eta heldu beharrekoak, 2026rako nahi dugun Gipuzkoa horrentzat”, azpimarratu du.

Diputatuak oroitarazi duenez, orain arte 5 proiektu abiarazi dituzte helburu desberdinekin, hala nola, lan- eta familia-kontziliazioa gauzatzeko; langileen parte-hartzea enpresetan sustatzeko; Pasaian erreferentziazko egoitza berritzaile bat sortzeko; auzokoen elkartasuna bultzatzeko, eta euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko.   

Ondoren, Gipuzkoako Taldeanetik abian jarriko diren hiru proiektu berriak zehazten dira:

Gipuzkoa Talent

Lehiakortasunaren alorrean, Gipuzkoarako talentuaren inguruko estrategia bateratu eta elkarbanatu bat diseinatzeko beharra ikusi da. Horregatik, talentua erakarri eta mantentzeko helburuarekin, beharren eta profil profesionalen diagnosia egingo da, ondoren Gipuzkoa Talent plataforma aktibatu beharrak eta aukerak ikustarazteko.

Proiektu pilotu honetan, epe labur eta epe erdi/luzerako ekintzak definituko dira, dauden beharrei erantzuteko, enplegutasun baxua eta ikaskuntza aukera duten perfilak birziklatzeko, edo prestakuntza duala ereduetan partaidetza sustatzeko, talentua erakarri eta trebakuntza erreminta gisa.

Etxean bizi

Gizarte ongizateari dagokionez, lehen proiektu pilotuak adineko pertsonen bizitza kalitatea bermatzea du helburu. Etxean bizi izeneko programa egoitza-plaza eskatzaileei dago zuzenduta eta baztertze arriskuan edo mendekotasuna dutenei kalitatezko arreta eskaintzea du helburu, bizi nahi duten tokia lehenetsiz.

Gaur egungo egoera balioztatuko duen beharren inkesta bat egingo da. Emaitzen arabera, hirugarren sektoreko kideekin eta beste erakundeekin elkarlanean, erantzunak eta zerbitzu eskaintza bat diseinatu eta mahai gaineratuko dira. 

GazteON sareLAN

Azkenik, GazteON sareLAN programa aktibatuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapeko gazteei bideratuta,  parte-hartze beharrizanen analisi bat egiteko zenbait sistematan (soziala, formakuntza, enplegua, etab.). Ikerketa egin ondoren, orientazio prozesu bat egingo da bai formaziorako bai enplegurako 16 eta 23 urte bitarteko gazteentzat.

Epe laburrerako helburua da Gipuzkoako gazteei zuzendutako orientazio sistema bat zehaztea, pertsona guztien enplegutasuna hobetzeko xedez.

 

Bestetik, diputatu nagusiak 2017ko Etorkizuna Eraikizeko deialdiaren inguruko xehetasunak eskaini ditu, 725.000 euroko diru-poltsa duena. Programa bi interbentzio eremu ezberdinetan banatuta dago. Alde batetik, 600.000 eurorekin, arlo estrategikoak diren interbentzioak sustatuko dira, elkarlana eta berrikuntza ezaugarriak garatu daitezen. Besteak beste, gobernantza eredu berriak, ezagutza eta enpresen inpaktu sozialaren difusioa, hezkuntza eta kirolaren bitartez balioen sustatzea edota hezkuntza eskaintza enpresara gerturatzea diruz lagunduko dira. Azkenik, 125.000 euroko aurrekontuarekin, gizarte-ekimenetik eta sozialak diren iniziatibak bultzatuko dira: adineko pertsonei babesa, kalteberatasun egoeran dauden pertsonei lagundu edota haur eta nerabeak babesteko ekimenak.