Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Idiazabalgo Igarondo kiroldegiaren berrikuntze-lanak

Idiazabalgo Igarondo kiroldegiaren berrikuntze-lanak

Denis Itxaso eta Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak, gaur goizean, hitzarmena sinatu dute kiroldegiko estalkia berritzeko eta bertako harmailetara igotzeko igogailua ipintzeko.

Alkatea eta diputatua Igarondo kiroldegira hurbildu dira gaur egun zein egoeran dagoen ezagutzeko eta 1981. urtean eraiki ziren kirol-instalazioak berritzeko proiektua bertatik bertara ikusteko. 2016. urtean jada egin ziren berrikuntza-lan batzuk instalazio hauetan, behe-solairua egokituz, eta sarrerak eta irisgarritasun-baldintzak hobetuz. Era berean, kiroldegiaren iparraldeko aldagelak berritu zituzten, eta, hegoaldean, komunak eta biltegiak egin zituzten.

Oraingo honetan, eraberritzea osatzeko, Igarondo kiroldegiko estalkia berrituko da eta harmailetara igotzeko igogailua ipiniko da. Lan horiek burutzeko Aldundiak, gehienez, 124.413,40 euro ipintzea aurreikusi du. Esku-hartze horren bitartez, herritar guztiek eremu hauek erabiltzeko eta bertara heltzeko baldintzak hobetu nahi dira.

Eraikuntza-lanak hasi baino lehen, gaur egun dagoen estalkia desmuntatu eta eraistea aurreikusi da. Horren aurretik euri-ura biltzeko erretenak eta bolatokiko metalezko estalkia desmuntatuko dira. Era berean, lehen solairuan, aurreikusitako igogailua ezartzeko egitura prestatu beharko da.

Halaber, behe-solairuan eta lehen solairuan, baoak ireki beharko dira fatxadan, igogailuan sartu ahal izateko. Azkenik, estalki berria ezartzea eta igogailua bera ipintzea aurreikusi da.

“Aldundiaren helburu da pertsona guztiek —adina, sexua eta jatorria edozein izanik— egoera onean dauden instalazioak erabiltzeko aukera izatea, eta euren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin bertan kirola egitea edo aisiako jarduerak burutzea. Igarondo kiroldegiaren eraberritze hau adibide bikaina da; herritarrek aprobetxatzen eta gozatzen jarraitu ahal izateko berritze-lanak behar dituen Idiazabalgo instalazio adierazgarria baita”, esan du Itxasok.

 

Laguntza 2017-2020 Kirol Ekipamenduen Planean —kirol-azpiegiturak birmoldatzeko, berritzeko eta lekualdatzeko eta ordezkatzeko— kokatzen da. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatzea aurreikusi da, lurralde honetan kirol-instalazio batzuk hobetzeko eta sendotzeko. Era horretan, pertsona guztiek kirola egiteko aukera izango dute, eta herritar guztiek baldintza eta aukera berdinetan jarduera fisikoa eta kirol-jarduera praktikatzea sustatuko da. Aldundiak, instalazio berriak eraiki aurretik gaur egungo ekipamenduak berritzea eta birmoldatzea lehenetsi du.

Gaur egungo eraikinaren instalazioak zaharkituak geratu dira eta ez dira nahikoak instalazio horiek erabiltzen dituzten talde guztien eskaerei erantzuteko, adibidez, eskualdeko eskola-kiroleko jarduerak burutzeko, eskualdeko hainbat kluben entrenamenduak egiteko eta mota honetako instalaziotan ohikoak diren beste diziplina batzuk praktikatzeko.

Esku-hartze horren bitartez, beraz, herritar guztiek eremu hauek erabil ditzaten baldintzak hobetu nahi dira. Lurraldean energia-baliabideak hobetzeko Aldundia jarraitzen ari den politiken bide beretik, Plan honen barne sartutako proiektutan garatuko diren eraikinetako jarduketa guztiek proiektuaren eta amaitutako eraikinaren Energia Eraginkortasuneko Ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

Bai Udalak bai Aldundiak lankidetza hau positiboa dela adierazi dute, eta bizi ditugun garai berrietan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta iraunkorrean erabiltzea esan dute, erakundeen arteko elkarlanean oinarrituta.

  

1466