Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Orioko Udalak hitzarmen bat izenpetu dute udalak Mutiozabal ontziola eskura dezan

Aldundiak eta Orioko Udalak hitzarmen bat izenpetu dute udalak Mutiozabal ontziola eskura dezan

Denis Itxaso, Kulturako diputatuak eta José Angel Zaldua, Orioko alkateak hitzarmen bat izenpetu dute Udalak Mutiozabal ontziola eros dezan. Horretarako Aldundiak 47.981 euroko dirulaguntza emango dio.

2016/01/27
Denis Itxaso eta José Angel Zaldua Orioko portuan


Denis Itxaso, Kulturako diputatuak eta José Angel Zaldua, Orioko alkateak hitzarmen bat izenpetu dute Udalak Mutiozabal ontziola eros dezan. Horretarako Aldundiak 47.981 euroko dirulaguntza emango dio.
 
Denis Itxasok ontziola hau berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du. “Euskal ontzigintzaren tradizioaren erakusle bikaina baita eta guri dagokigu memoria bizirik mantentzea eta horretarako ezinezkoa da gure ondarea babestea”, esan du.

Itxasok gogora ekarri du Gipuzkoak itsasoarekin eta ontzigintzarekin izan duen lotura. Lotura horrek emakume eta gizonen bizimodua baldintzatu du. “itsasoa gure nortasuna da eta Aldundiatik ahalegin berezia egiten dugu ondare hori bizirik mantentzeko. Horregatik babesten ditugu gizon eta emakume haien bizimodua gogora ekartzen digun Donostiako Untzi museoa  edota XVI. Mendeko San Juan baleontziaren erreplika eraikitzen ari den Albaola Museoa.

“Baina ondarea babestea eta ezagutzera emateaz gain, Aldundian jakin badakigu itsasoak duen balio kultural eta turistikoa. Gipuzkoak kalitatezko turismoa eskeintzen du, besteak beste,  kultura eskeintzen duelako. Eta lehen aipatu ditudan museoak oso erakargarriak dira. Horregatik ontziola honek gure iragana erakusteaz gain, Oriora bisitariak erakartzea espero dut. Gainera, bisitari horiek xarma handia duen herria ezagutzeko aukera izango dute”, adierazi du Itxasok.

Alkateak adierazi duenez, ontziola erosi ondoren, Udalak berreskuratze eta kontsolidazio lanak egingo ditu eraikinaren sendotasuna eta egonkortasuna bermatzeko.

“Baina, eraikinaren berreskuratzea ez ezik, ontziolan gune bizi bat sortu nahi dugu. Espazio horretan ontziak konponduko dira, eta itsasoarekin lotutako hainbat ekintza antolatuko dira”, esan du  Zalduak.

Oriok itsasoarekin lotura handia izan du betidanik. Arrantza eta kirol arraunketaz aparte, Oriok badu ontzigintzarekin erlazionatutako tradizio garrantzitsu bat. Herri gunean 8 ontziolatik gora egon izan dira historian zehar, eta horietatik Mutiozabalgo ontziola da gaur egun arte iritsi den bakarra.

Udaletxe parean, kostako errepidearen eta itsasadarraren artean aurkitzen da 1919an Antonio Mutiozabal lanean hasi zen ohiko ontziola. Ontziola habearte bakarreko nabea da, banaketarik gabe eta Orioko itsasadarrerako arrapalarekin. XX. mendean egurrezko ontzigintzan aritu ziren ontziolan, eta hemendik atera ziren baxurako arrantzako hainbat ontzi, Padre Lerchundi, San Antonio, San Nicolás eta Madre Guadalupe besteak beste

1990ean Untzi Museoak Francisco Carrera “Txanka”ri, garai hartako jabeari, erdi aroko ustezko baleontzi baten eraikuntza eskatu zion. 1991 eta 2007 artean Untzi Museoko erakusketa iraunkorrean egon zen, eta gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiaren biltegian gordeta dago.

Orioko ontziola historia eta ondarea aldetik balore handiko elementua da. Egurrezko ontziak egiten aritzen ziren erriberako ontziolak pixkanaka desagertzen joan dira, eta hau da Gipuzkoan mantentzen den ontziola bakarra. Euskal ontzigintzaren tradizioaren erakusle bikaina da. Euskal herriko beste ontziola tradicional garrantzitsua Lekeitioko Mendietako ontziola da, Kultur ondare izendapena duena.

 

  

1442