Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Portuko Agintaritzak bat egin dute Pasaian gorantz doan gurutzaontzi txikien merkatuari etekin handiena ateratzeko

Aldundiak eta Portuko Agintaritzak bat egin dute Pasaian gorantz doan gurutzaontzi txikien merkatuari etekin handiena ateratzeko

Estrategia komertzial bateratua diseinatzen dute eta goi mailako ontzi-enpresen zirkuituetan sartzeko portu aliatuak bilatzen dituzte, turismo gorenaren itsas ibilbideen barruan Gipuzkoa kokatzeko.

2017/07/28

Promozio-bideo bat aurkeztu da, ‘San Sebastian Region’ lurraldearen erakargarritasunak eta Pasaiako portuaren ezaugarri teknikoak konpainiei azaltzeko.

 

Lehen diputatu nagusiorde eta Turismoko arduradun Denis Itxasok, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak eta Pasaiako Portuko Agintaritzako presidente Ricardo Peñak, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Pasaiako Portuaren arteko ituna aurkeztu dute ‘San Sebastian Region’ lurraldearen turismoko estrategia berria prestatzeko. Estrategia horren bitartez, turismoa aberastasun, enplegu eta kultur proiekzio iturri bihurtu nahi da, Gipuzkoa osoan jardueraren garapen orekatu eta iraunkorra burutuz.

Pasaia ‘San Sebastian Region’ lurraldeko portua eta gurutzaontzien merkatura zabaldutako leihoa da. Bertan bada merkatu-hobi interesgarri bat, aukera paregabea eskaintzen duen gurutzaontzi "berezien" hobia hain zuzen ere. Estrategia horren bitartez Gipuzkoa kalitatezko gurutzaontzien merkatuan kokatu nahi da, eta ekonomia eta enplegua sustatu nahi dira, bereziki Pasaialdea inguruan.

Gurutzaontziena da gaur egun turismo arloan gehien hazten ari den merkatuetako bat. 2007. urteaz geroztik 10 milioitik 25 milioi bidaiaritara hazi da.  Horregatik, Denis Itxaso diputatuak esan du “Pasaia gurutzaontzi berezietan bidaiatzen duen turismo iraunkorrari eta kalitatezkoari irekita dagoen leihoa dela, eta San Sebastian Region lurraldearen portu natural honek aukera paregabea eskaintzen digula bertara iristen diren turistek lurraldearen beste txoko batzuk ezagutzeko; hortaz, portua kalitatezko turismoa erakartzen duten gurutzaontzi txikientzako gune bikain gisa aprobetxa dezakegu eta turista horiek Gipuzkoako beste toki batzuetara hurbil ditzakegu”. 2017an 10 gurutzaontzi berezi eta, guztira, 1.558 bidaiari hartuko dituela aurreikusten da. Datozen urteetarako helburua gurutzaontzien eta pertsonen kopurua bikoiztea da: 20 gurutzaontzi eta 3.000 bidaiari.

“Foru Aldundiko Turismo Departamentuak Pasaiako Portuarekin elkarlanean diseinatu du estrategia, turismoarekin lotutako portuko trafikoak etorkizunean Portuarentzako benetako aukera ekonomikoa eskaini dezakeela ziur dagoelako. Pasaiako kai-barrena lurraldearentzako aktibo ekonomiko nagusia izan da, gaur egun hala da eta etorkizunean izaten jarraitu behar du, eta erabilera eta trafiko berrietan lan eginez haren bideragarritasuna babestea guztion zeregina da.

Gurutzaontzien bidez bidaiari gehien hartzen dituen bigarren herrialdea izanda (5,93 milioi bidaiari urtean), Espainian gurutzaontzien merkatuak 1.323 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eduki zuen. Aurreko urtearekin alderatuta % 9,5 hazi zen. Pasaiak —Europa eta Espainia arteko itsas-trafikoan puntu estrategikoa eta Gipuzkoaren garapen ekonomikoan gune nagusia— 2008. urteaz geroztik hartzen ditu gurutzaontziak. Edertasun natural handiko portua da eta Kantauri itsasoan porturatu nahi duten gurutzaontzientzako babesleku segurua da. Bere ezaugarri naturalen ondorioz (bokalea eta sakonera), gurutzaontzi handiek ez dute lekurik bertan eta bere estrategia gurutzaontzi “berezi” finagoetara bideratzen da, mota horretako ontzientzako kalitatezko helmuga bihurtuz.

Marisol Garmendia diputatuak aipatzen zuenez, “beste erakunde publiko batzuekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundia buru duen Pasaialdearen berroneratze integraleko proiektu estrategikoan ere turismoarentzako erakargarritasunak, eta itsasoari lotutako ekonomia-jarduera eta kultur jarduera berrien sorrera sustatu behar dira. Trafiko berri horietara zuzendutako merkataritza-estrategia propioa badugu, erabilera berri horien eta portuaren jardueran nagusi diren merkataritzako erabileren arteko bateragarritasuna behar bezala planifikatzeko aukera izango dugu”.

Gurutzaontzi horiek Pasaiara heltzea oso interesgarria da Gipuzkoarentzat, helmuga nazioartean proiektatzen dutelako eta turismoa urte-sasoi guztietara zabaltzen laguntzen dutelako.  Kultura eta Turismo Departamentuaren eta Portuko Agintaritzaren estrategia bateratua oso garrantzitsua da, gainera, Portuaren eta bere ingurune osoaren ekonomia-jarduera sustatzeko.

Posizionamenduaren, eta gurutzaontzi- eta bidaiari-kopuruaren helburua lortzeko, honako ekintza hauek planifikatu dira:

• Portu aliatuak; gurutzaontziak erakartzea bilatuko duten Pasaiaren antzeko beste eskala-portu batzuekin elkarlana bilatzea, estrategia eta eskaintza bateratuak prestatzeko. Bide horretan, harremanak hasi dira Vigoko portuarekin.

• Sustapena eta hedapena; San Sebastian Region kokatuko duen eta portua helmuga esklusibo bihurtuko duen materiala prestatzea ontzi-enpresentzat (bideoa, dosierra).

• Bilerak ontzi-enpresekin; Portuaren proposamena Kantauriko portu nagusitan diharduten ontzi-enpresa nagusiei aurkeztuko zaie, Pasaian jada lan egin dutenetatik hasita eta esklusiboenak barne hartuta.

• Azoketan parte hartzea (2017); Kultura eta Turismo Departamentua eta Portuko Agintaritza elkarrekin Seatrade Europe (Hanburgo) eta International Cruise Summit (Madril) azoketan.

 

  

1758