Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Gizarte Zerbitzuetako Europar kongresuan parte hartu du

Aldundiak Gizarte Zerbitzuetako Europar kongresuan parte hartu du

Maite Peña diputatuak adierazi du kongresua “aukera aparta” dela gaur egungo erronkei aurre egin eta “batez ere etorkizunekoei aurre hartzeko"

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak parte hartu du Europar Sare Sozialeko 26. Gizarte Zerbitzuetako Europar kongresuan, Sevillan. “Inbertitu, berritu, eraldatu” lemapean, egunotan gizarte zerbitzuetako ia 600 aditu bertaratu direlarik, Peñak, alde batetik Elkar-EKIN Gizarteratze Plana aurkeztu du; eta, bestetik, “Etxean bizi” proiektu pilotua, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barrukoa. Kongresuaren harira (Europako 35 herrialdetako 120 erakundek parte hartu dute) diputatuak nabarmendu du “aukera aparta” dela gaur egungo erronkei aurre egiteko eta batez ere “etorkizunekoei aurre hartzeko”, gizarte zerbitzuen arloko “praktika onenak partekatu baititugu, I+G+B barne, eta harremanak sakonduta “antzeko problematikak” dituzten Europako beste eskualdeetako kideekin.

Azpimarratu eta gero Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren aldeko apustu egin duela (“gobernantza eredu berri bat, denon partaidetza behar duena, baina ez etorkizuna irudikatuz, baizik eta eraikiz”), bere aurkezpenean Peñak esan du Gipuzkoan susperraldi ekonomiko baten aurrean gaudela. Baina ohartarazi du azken hamarkada hauetan eraikitako gizarte babeseko eredurik gabe, krisiaren eragina “askoz nabarmenagoa” izango litzatekeela, estatuko eta Europako beste leku batzuetan bezala, “eros-ahalmenaren galerari, lanaren behin-behinekotasunari, pobreziari eta desberdintasunari dagokionez”. Horren ildotik, oroitarazi du GINI indizea, alegia, desberdintasun maila neurtzen duena, “jaitsi egin dela” Gipuzkoan. “Zehazki, 2014an zituen 26,3 puntutik 25,8ra jaitsi zen iaz. Beraz, pozgarria da esatea Gipuzkoan Europako Batasuneko hamabosten 30,4ren eta Estatu espainiarreko 34,7ren azpitik gaudela”. Bestela esanda –gaineratu du- 11.200 gipuzkoar pobreziatik atera dira.

Hala ere, diputatuak esan du “lanean tinko jarraitu behar dugula”, izan ere, egia ere bada pobrezia larrieneko kasuak “kronifikatzen ari direla”. Bada, oztopo horri heldu nahi dio, hain zuzen, Elkar-EKIN planak, zeinaren helburua den gizarteratzeko eta lan merkaturatzeko aukerak ematea bazterketa egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei, pertsona bakoitzaren balorazio indibidualetik abiatuta, eta ibilbide pertsonalizatua diseinatuta egoera horretatik atera daitezen”.

Adibide modura, Gizarte Politikako foru arduradun nagusiak Elkar-EKIN-eko proiektu bat hartu du hizpide, “GazteOn SareLAN”: Heldu-bizitzarako trantsizioa, zailtasun pertsonal, familiar eta soziala duten gazteak gizarte eta lan munduan sartu daitezen. Proiektu pilotu bat da 16 eta 23 urte bitarteko gazteei zuzendua. Erantsi du proiektu “berritzailea” dela, Frantzia eta Kataluniako esperientzietan inspirazio iturri duena, baina “Gipuzkoako errealitatera egokituta”, eta posible egingo duena Aldundiaren tutoretzapeko adingabeak artatzea modu “ez paternalista batean”, baizik eta emantzipazioa sustatuz, gazte horiek gizarteratu, prestakuntza jaso eta ondoren lana lortu dezaten.

Amaitzeko, diputatuak parte hartu du “Etxean bizi” proiektu pilotuaren aurkezpenean. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan dagoela eta Matia Fundazioak kudeatua, proiektua modu esperimentalean abiarazi dute Gipuzkoako honako herrietan: Elgoibar, Errenteria eta Pasaia. Matia Fundazioak egindako aurkezpenean, kongresura etorritakoei azaldu zaie “Etxean bizi”  mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei zuzenduta dagoela, “beren etxeetan bizitzen jarrai dezaten”. Horretarako, osasun eta gizarte arloko arreta integratua bermatzen da, erabiltzaileen nahiz haiek zaintzeaz arduratzen direnen “behar eta lehentasunen araberakoa”. 

 

“Inbertitu, berritu, eraldatu” lemapean, gizarte zerbitzuetako ia 600 aditu bertaratu dira kongresura
  

1206