Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Gobernu Onari lotutako estrategiak partekatu ditu danimarkar Gobernuko Digitalizazio Agentziarekin

Aldundiak Gobernu Onari lotutako estrategiak partekatu ditu danimarkar Gobernuko Digitalizazio Agentziarekin

Foru erakundeak bertatik bertara ezagutu du Finantza Ministeritzaren ardurapean dagoen erakunde honek azken hamarkadetan egin duen lana, arlo honetan eredu izatera eraman duena

2016/11/20
Imanol Lasa Danimarkako ordezkariekin.

Danimarkako Finantza Ministeritzarekin ardurapean dagoen Digitalizazio Agentziako hainbat arduradunekin batzartu da gaur Aldundia. Agentzia honen egitekoa izan da, Danimarka mundu mailan Gobernu Oneko politiketan erreferente gisa kokatzeko gakoa izan den estrategia gauzatzea, azken urteotan. Herritarren artean konfiantza handiena pizten duen munduko gobernua da danimarkarra, International Transparency erakundearen arabera; Europako liderra da digitalizazioan, Europako Batzordearen sailkapenaren arabera; eta bigarren lekuan dago mundu mailan datu irekietan, Open Data Global Index-ak finkatutakoaren arabera.

Danimarkar Digitalizazio Agentziako nazioarteko arduradunak, Yih-Jeou Wangek, egin dio harrera gipuzkoar ordezkaritzari. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, Joseba Muxika Partaidetza zuzendariak, eta Iker Goiria Kanpo Harremanetako zuzendariak osatu dute ordezkarita. Hainbat arlotan egiten duten lanaren berri eman die Wangek, hala nola ordezkari publikoen jokabide etikoa –kargu publiko guztientzat, funtzionarioentzat barne, derrigorrezkoa den kodea onartu zuten 2008an-, administrazio elektronikoa, eta gizarte zibila eremu publikoan eta erabakietan ahalduntzea.

Beste hiru ordezkarirekin ere batzartu dira, gai zehatzak jorratzeko; Mathilde Illum borger.dk atariko arduraduna –zerbitzu eta tramite publiko desberdinak bateratzen ditu webgune honek, eta 2014an 28 milioi bisita jaso zituen-; Sektore Publikoko zuzendaritza arduradun Louise Friis-ekin, eta Digital Ongizaterako programaren arduradun Susane Duusekin. Osasun eta Hezkuntza sistemetan teknologia berriak txertatzea du xede programa honek.

Aldundiaren ordezkaritzak, berriz, arlo guzti horietan foru erakundea gauzatzen ari den proiektuak azaldu ditu. Hala, Lasak danimarkar ordezkariekin partekatu ditu Aldundiak legealdi honetan onartu duen Erakunde Zuzentasun Sistema; open data-ko Foru Arau berria osatzeko prozesua; administrazio elektronikoaren ezarpena, berriki lizitazio elektronikoa ezartzeko martxan jarritako proiektu pilotua barne hartuta; Gipuzkoako Kontratazio Zentrala; Kudeaketa Plan Estrategikoa, eta ohiko hainbat tramite arintzeko proiektua, desburokratizazioan sakonduz.

Diputatuak begi onez hartu du batzarra, Danimarka zein Gipuzkoa lehentasunetan “bat” datozela azpimarratuz: “Zerbitzu publiko eraginkor, garden, arin eta gertukoagoa lortzen ari gara, teknologia berriak dituzten potentziala aprobetxatuz, eta administrazioan eredugarritasuna bermatu nahi dugu, herritarrekiko konfiantzan oinarritutako sistema gauzatuz. Finean, persona erdigunean jarriko duen administrazioa nahi dugu”. Nabarmendu duenez, bisitak alor guzti hauetan aurrerapausoak ematen jarraitzea ahalbidetuko du: “Garbi daukagu gakoa onenengandik ikastea, eta praktika eta esperientzia egokiak partekatzea dela”.

Zerbitzu publikoen modernizazioagatik, eta teknologia berrien erabilera indize altuagatik nabarmentzen da Danimarka, hirugarren adinekoak barne. Ia herritarren %90k eta enpresa guztiek, on line bidez egiten dituzte administrazio publikoarekiko harreman, ordainketa eta kobraketa, eta tramite guztiak. Horri esker, kostuak murrizten dira, paperean esaterako, duplizitateak saihesten dira, eta gardentasun handiagoa eta zerbitzu arinagoa errazten dira. Pertsona bakoitzak modu autonomoan kudeatzen du identifikadore elektroniko bakar bati esker, zeinaren bitartez gestio guztiak sakeleko telefonoarekin egin ditzake.

Open datari dagokionez, gobernuak maneiatzen dituen datu horiek, zerbitzu digital berritzaileen garapenerako lehengaia izan daitezke, eta gizarte zibilak ere berrerabili ahal ditu. “Konbikzio orokortua dago gardentasunaren onuren inguruan. Denontzat ona dela uste dute, konfiantza eta sinesgarritasuna ekartzen dituelako, eta datuak eta ezagutza partekatzeak ekimen eta proiektu berritzaileen sorrera errazten duelako, aberastasuna ere sortuz. Oso barneratuta daukate, bai administrazio publikoek, bai enpresek, bai elkarteek eta baita herritarrek ere”, azaldu du Lasak.                                   

Ondorioztatu duenez, informazio fluxu oso hori modu errazean irisgarria eta batez ere “ulergarria” izatea da Aldundiaren erronketako bat, etorkizunari begira zerbitzu pertsonalizatuen eskaintzari aurre egin ahal izateko: “Zentzu honetan danimarkar esperientzia benetan interesgarria da, beharrei aurrea hartzen saiatzen direlako”. 

  

1465