Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak partaidetza sustatzeko estrategiak partekatu ditu Madrilgo Udalarekin

Aldundiak partaidetza sustatzeko estrategiak partekatu ditu Madrilgo Udalarekin

Imanol Lasa gaur elkartu da Partaidetza, Gardentasun eta Gobernu Irekiaren arduradun den Pablo Sotorekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Madrilgo Udalak herritarren partaidetza sustatzeko abian dituzten proiektu nagusiak partekatu dituzte gaur, Madrilgo udaletxean egin duten lansaioan. Foru Aldundiko ordezkariak, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatu Imanol Lasa eta Herritarren Partaidetzarako zuzendari Joseba Muxika, "Ahora Madrid" alderdiko zinegotzi eta Partaidetza, Gardentasun eta Gobernu Irekiaren arduradun Pablo Sotorekin elkartu dira. Halaber, bilera izan dute Herritarren Partaidetzako zuzendari nagusi Gregorio Planchuelo jaunarekin, Herritarren Partaidetza eta Boluntariotzako zuzendariorde Lucrecia Adeva andrearekin, eta Udaleko beste teknikari batzuekin.

Bi erakundeek beraien aurrekontu irekiak kontrastatu dituzte eta, halaber, berretsi dute proiektuak, jakintza eta jardunbide onak kontrastatzen jarraituko dutela aurrerantzean ere. Zehazki, Lasak jakin nahi izan du nola erabiltzen dituen Udalak aplikazio teknologikoak; izan ere, bere ustez, herritarrek gutxi erabiltzen dute internet partaidetza prozesuetan, eta Aldundiaren zeregina da egoera hori aldatzea:  "Ikusten dugu aurrez aurreko formatuek pisu handia dutela oraindik, eta horren adibide argia aurrekontu irekiak dira, parte hartzaile gehienen ekarpenak herriz herri jartzen dugun karpan eta egiten ditugun bileretan jasotzen baitira".

Foru erakundeak internet bidezko partaidetzarako baliabideak hobetu nahi ditu eta, horretarako, plataforma teknologiko bat jarri nahi du abian, aurrekontuetan "modu erraz eta arinean" parte hartu ahal izateko, urtero antolatzen diren eztabaida eta partaidetza prozesuen bitartez. Bestalde, Madrilgo Udaleko arduradunek interes handia erakutsi dute Aldundiak 2010eko martxoan abian jarri  zuen Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Arauaren inguruan, eta laster aurkeztuko duen Gobernu Irekiaren Foru Arauaren inguruan.

Aldundiaren helburua da nazioarte mailako eredu aurreratuenen informazioa eskuratzea, horien artean Madrilgo ereduari buruzkoa -Madrilek bakarrik aurkeztu du, mundu mailan, bere proiektua NBEn, eta bere plataforma teknologikoa munduko 30 hiritara zabaldu da, besteak beste Paris, Turin, Buenos Aires…-, herritarrak gehiago inplikatu daitezen alor publikoaren kudeaketan, betiere "konfiantzan, gardentasunean eta bi norabideetan" oinarritutako harremana eraikitzeko asmoz. "Bi erakundeek argi ikusten dugu gauzak egiteko eta interakzioan jarduteko beste modu bat eskatzen diela gizarteak arduradun politikoei. Hori da gobernantza berria".  

Medialab Prado

Arratsaldean, Lasak Etorkizuna Eraikiz ekimena partekatu zuen Medialab Prado-ko koordinatzaile nagusi eta proiektu koordinatzaile diren Marcos García eta Yago Bermejorekin; Medialab Prado herritarren laborategi bat da, sare digitaletatik ateratako elkarlaneko esperimentazio eta ikaskuntza moduak arakatzen dituzten proiektu kulturalak ekoiztu, ikertu eta zabaltzera bideratutakoa. Proiektu hori 2000. urtean jarri zen martxan Madrilgo Udaleko Kultura eta Kiroletako Gobernu Alorraren barruan.

Proiektu horrek helburu hauek ditu, besteak beste: plataforma ireki bat prestatzea, erabiltzaileek aukera izan dezaten ikerketa eta produkzio prozesuak konfiguratu eta aldatzeko; erabiltzaileen komunitate aktibo bat mantentzea elkarlaneko proiektu horien bitartez; eta partaidetzarako modu ezberdinak eskaintzea, elkarlanean aritzeko aukera emanez profil desberdinetako pertsonei (arte, zientzia, teknika), espezializazio maila desberdinak dituztenei (adituak eta hasiberriak) eta inplikazio maila desberdinekoei. Hauek dira gune horren lan-ildo nagusiak: elektronikaren eta programazioaren sormenezko erabilerak; sareen kulturari lotutako ikerketa eta hausnarketa; informazioa bistaratzeko estrategiak eta tresnak; guztion onuren gaineko diziplinaz gaindiko eztabaida; eta soinu eta ikus-entzunezko sorkuntza.

Lasak adierazi du Etorkizuna Eraikiz ekimenak ikuspegi orokorragoa duela eta erakundeen ekintzara bideratuta dagoela, baina, hala ere, bi ekimenek hainbat ezaugarri partekatzen dituztela, hauek besteak beste: lankidetza, esperimentazioa eta talentuaren batura proiektu eraldatzaileetan,  ondare publikoan nahiz garapen sozial eta ekonomikoa lortzeko aukera berrietan eragina izango duten proiektuetan, hain zuzen.  Gainera, jakinarazi du laster inauguratuko dela "Leihatila bakarra", herritarrei arreta emateko Aldundiaren zerbitzu fisikoa berregituratzeko esparruaren barruan.  Aldi berean, elkarlanean aritzeko lan gune bat irekiko da, Etorkizuna Eraikiz ekimeneko proiektuak sustatzera eta beste batzuk abian jartzera bideratutakoa, eta, gune horretan, herritarrek eta elkarte-sareak "funtsezko protagonismoa" izango dute: "Medialab-ekin gaur egin dugun bilera oso emankorra izan da gune berri horren dinamika eta edukiak zehaztu ahal izateko".

  

1460