Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak think tank estatubatuar entzutetsuenetako baten ekarpenak jasoko ditu Gipuzkoaren etorkizuna diseinatzeko

Aldundiak think tank estatubatuar entzutetsuenetako baten ekarpenak jasoko ditu Gipuzkoaren etorkizuna diseinatzeko

Foru erakundeak lankidetza hitzarmena itxi du American Enterprise Institute hausnarketa talde estatubatuarrarekin, Etorkizuna Eraikiz programaren baitan

Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena itxi du American Enterprise Institute think tank estatubatuarrarekin, bi eragileen arteko elkarlana indartzea xede. Akordio honi esker foru erakundeak Estatu Batuetako eragile entzutetsuenetako baten ekarpenak izango lurraldearen etorkizuna eraikitzen jarraitzeko, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez gauzatzen ari den ekimena hain zuzen. “Asko dugu amankomunean bi eragileok. Esaterako, biok partekatzen dugu epe luzeko begirada, ezinbestekoa biharko Gipuzkoak izango dituen erronkei aurre hartu eta gaurtik konponbide bila hasteko”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak.

            Hitzarmena gaur arratsaldean itxi dute bi aldeek, Donostian egin den ekitaldi baten baitan. Olanok sinatu du Aldundiaren izenean eta erakundearen presidente den Arthur Brooksek American Enterprise Institutenean. Brooks New York Times egunkariaren ohiko kolaboratzailea da eta hamaika liburu idatzi ditu, berdintasuna eta aukera ekonomikoak, ekintzailetza gizarte arloan eta gobernuaren funtzioa bezalako gai mamitsuen inguruan.

Akordioan, bi eragileek Gipuzkoa guztiontzako aukerak eskaintzen dituen lurralde ekintzaile, solidario, parte hartzaile eta berritzailea eraikitzea jarri dute jomuga eta, horretarako, hainbat ekintza zehaztu dituzte, informazio trukaketa eta topaketa ezberdinak kasu. “Sektore publikoan ikerketa sustatzea adostu dugu, edota gizarte zibileko liderren inplikazioa lortzea, Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen gobernantza ereduarekin guztiz lerrokatuta dauden ekintzak”, azaldu du Olanok.

            Diputatu nagusiak erakunde estatubatuarrak duen entzute eta eragiteko gaitasunean jarri du azpimarra. “Estatu Batuetako gizarteak dituen erronka nagusien inguruko azterketak famatuak dira duten zehaztasun eta sakontasuna direla eta”, azaldu du. Hori dela eta, seguru agertu da eragile honek egingo dituen ekarpenen balioaz. “Etorkizuna Eraikizen baitan eraikitzen ari garen nazioarteko sareak helburu hori du: mundu mailan arrakastatsuak diren eragile eta norbanakoekin zubiak eraiki eta jakituria eta esperientzia aurreratuak gurera egokitu eta inportatzea”, nabarmendu du. Ahalegin hau guztia, gehitu du Olanok, funtsezkoa da gaurtik lurraldearen etorkizuna diseinatzen hasteko.

  

1282