Atzealdea

Aldundiak eta Altzoko Udalak Handiak piztutatako interesari erantzuna eman nahi diote

Foto Aldundiak eta Altzoko Udalak Handiak piztutatako interesari erantzuna eman nahi diote

Aldundiak eta Altzoko Udalak Handiak piztutatako interesari erantzuna eman nahi diote

Lurralde osoko kultura eta turismo baliabideak indartu nahi ditugu

Aldundiak eta Altzoko Udalak Handiak piztutatako interesari erantzuna eman nahi diote

Denis Itxaso: “Lurralde osoko kultura eta turismo baliabideak indartu nahi ditugu turismo arloko produktuen aukera zabaltzeko eta Donostiara eta lurralde osora iristen diren bisitarien fluxuak orekatzeko barnekaldea indartuz”

Kultura eta Turismoko Dipututu den Denis Itxasok eta Joseba Elduaien Altzoko alkateak lankidetza hitzarmena izenpetu dute gaur turistei harrera egiteko eta arreta eskaintzeko espazio bat eraikitzeko eta Altzoko Handia pertsonaiak eragin duen interes turistikoari erantzuna emateko. Bulegoak 2018an zabalduko ditu ateak. Aldundiak 200.000 euro jarriko ditu.

Explore San Sebastián Region estrategiaren barruan, Kultura eta Turismo Departamentua modu aktiboan lanean ari da hiriburuaz haratago lurralde osoko kultura eta turismo baliabideak indartzeko eta turismo arloko produktuen aukera zabaltzeko, horrela orekatu ahal izango baitira urtero Donostiara eta lurralde osora iristen diren bisitarien fluxuak. “Horregatik, Altzoko Udalak aurkeztu digun proiektuari oso interesgarria deritzogu, bat egiten baitu aipatutako helburuekin. Izan ere, ezinbestekoa da Altzoko Handia pertsonaiak erakarrita Altzo ingurura hurbiltzen diren turista eta bisitariei behar bezalako arreta eskaintzeko espazio fisiko egoki bat izatea”, azaldu du Itxasok.

Azken urteetan nabarmen hazi da turismoa Altzon, Altzoko Handia pertsonaiak eragin duen interes turistikoa dela eta. Horregatik, Altzoko Udalak turismo plan bat egin du: “ALTZO - turismoaren sokari tiraka”, eta plan horri zor zaizkio 2016-2017 urteetarako aurreikusi diren hainbat inbertsio.

Hala, 2016. urtean, zenbait proiektu gauzatu ditu Altzoko Udalak: informazio panelak jarri ditu inguruko ibilbideetan, eta ikus-entzunezko areto bat egin du herriko Batzarremuño eraikinean.

2017. urteari dagokionez, Altzoko Udalak turistei eta bisitariei behar bezalako harrera egiteko eta arreta eskaintzeko espazio bat sortzeko asmoa du, eta, horretarako, turismo bulego bat eraiki nahi du Udalak eskuratu berri duen Segoretxe eraikinean. Orobat, Batzarremuño interpretazio zentroa egokitu nahi du, eta, halaber, Altzoko Handiari buruzko ikus-entzunezko dokumental bat egitea planteatzen du.

Irailean Jon Garaño eta Aitor Arregik zuzendutako Altzoko enaldoiari buruzko Haundia pelikula proiektatu zen Zinemaldian eta bihar bertan estreinatuko da. Ondorioz, turista kopuruak nabarmen gora egingo duela espero da. Ikustea besterik ez dago azkenaldian estreinatu diren hainbat pelikulek izan duten eragina. Kalitate handiko filma da Handia eta kritika oso onak jaso ditu eta horrek pertsonaiarekiko eta inguruarekiko interesa piztu eta areagotu egin du.

Kultura eta Turismo Departamentuak, lurraldeko eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan, ekarpena egin nahi du Gipuzkoako turismo jarduera garatzen, turismoa aberastasuna eta enplegua sortzeko sektore garrantzitsua baita. Eta laguntza hau, hain zuzen, helburu horren baitan dago.