Atzealdea

Apustu estrategikoak trakzio ahalmena duten etorkizuneko sektoreetan

Foto Apustu estrategikoak trakzio ahalmena duten etorkizuneko sektoreetan

Apustu estrategikoak trakzio ahalmena duten etorkizuneko sektoreetan

Ekonomia Suspertzeko Planak 5 milioi bideratuko ditu Biozientziak, Fabrikazio Aurreratua, eta Energia eta Elektromugikortasun alorretara

Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, gaur aurkeztu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko 2015-2019 Ekonomia Suspertzeko Planean 2017ra begira industria sustatzeko aurtengo neurriak. Ekimen hauek zazpi alor ezberdinetan gauzatuko dira eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna “indartu eta handitzea” dute helburu. Era berean, Gipuzkoako  industriaren “garapen ardatz” bihurtu daitezkeen “etorkizuneko sektoreen” aldeko apustu “irmoa” adierazi dute.  
 
Diputatu nagusiak, Markel Olanok, industriak Gipuzkoako ekonomian betetzen duen eginkizun garrantzitsua gogorarazi du. Horregatik, Ekonomia Suspertzeko Planaren “ezinbesteko oinarria” industria dela adierazi du. Urtero planera bideratzen diren 50 milioietatik 27 industrian gauzatzeko programa eta iniziatibetara bideratuko dira.
 
“Alde batetik, ekonomia suspertzen jarraitu behar dugu gure industria ehunerako lehiakorrak diran eredu eta jokaerak sustatuz; besteak beste, berrikuntzan, nazioartekotzean, elkarlanean, ekintzailetasun eta kudeaketa eredu aurreratuetan sakonduz. Bestetik, industria ehunari etorkizuneko ekonomiarako prestatzen lagundu behar diogu. Soilik horrela sendotu ahal izango da ekonomiaren sustapena eta eutsi ahal izango diogu, berdintasunaren bidean, ongizatea eta kalitatezko enplegua sortzen duen eredu sozio-ekonomikoari”, azpimarratu du Olanok.
 
Diputatu nagusiak azaldu duenez, aurten, Ekonomia Suspertzeko Planak RIS-3 Euskadi espezializazio adimentsurako estrategiak zehaztutako sektore estrategikoetan eragingo du bereziki. Aurten, Biozientziak, Fabrikazio Aurreratua eta Energia eta Elektromugikortasun alorrek 5 milioi euroko diru poltsa izango dute esparru hauetan programak gauzatzeko eta baita alor horietan Gipuzkoa “erreferente” bihurtuko diren egitasmoetarako. “Helburu jakin bat daukagu: Gipuzkoan, hiru sektoreetako bakoitzean erreferentziazko guneak izatea. Aldundiak lidergoa hartuko du eta bideratzaile lanak egingo ditu, garrantzitsuak diren apustu estrategikoak sustatuz”, baieztatu du.
 
Olanok adierazi duenez, Aldundia Biozientzia eta osasunaren alorrean Pasaiako zentro aurreratuaren proiektuan lanean ari da, berrikuntza oinarri izango duena eta adineko pertsonen arreta eta menpekotasunaren inguruko teknologiekin esperimentatzeko.  Alor honetan lurraldean dagoen ikerketa eta garapenaren ekosistema osatuko duen zentroa izango da. Fabrikazio Aurreratuaren inguruan, diputatu nagusiak azaldu duenez, Aldundia zibersegurtasunaren zentroaren proiektua lantzen ari da, Gipuzkoako enpresa eta industriari alerta goiztiar zerbitzuak eskainiko dizkiona. Azkenik, mugikortasun elektrikoari loturiko hirugarren berrikuntza zentro bat egiteko lanean ari direla iragarri du Olanok, alor horretan “industria garapen gunea” sortzeko helburuarekin.
 
Zazpi lan-ildo
Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamendua, Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan, zazpi lan-ildo nagusirekin lanean ari da. Ainhoa Aizpuruk zehahaztu duen bezala, “zeharkako” zortzigarren ildo bat ere gehituko zaie zazpi lan-ildoei.
 
  1. Gipuzkoako enpresen aliatu. 735.492,88 euro
  2. Parte-hartzea eta kalitatezko enplegua. 2.317.180 euro
  3. Enpresentzako talentua, Gipuzkoarako talentua. 703.158 euro
  4. Dimentsioa, lehiakortasuna eta nazioartetzea 7.697.250,13 euro
  5. Hazkunde adimentsua. 4.991.800 euro
  6. Ekonomia Aktibitate Berria. 5.230.000 euro
  7. Enpresa-inbertsioetarako testuinguru lehiakorra  . 400.000 euro
  8. Sektore estrategikoak 5.000.000 euros
Sektore estrategikoen aldeko apustua, Aizpuruk gaineratu duenez, ez da soilik islatuko egiten diren deialdietan –deialdiak egongo dira eta garrantzitsuak izango dira, diputatuaren esanetan–; zazpi lan lerroetan martxan jarriko diren programetan bere islan izango dute, bereaz, “eremu estrategikoetan lerrokatutako proiektuak lehenetsiz”. “Gainera, sektore bakoitzeko estrategia bat osatzen ari gara, eta horietako bakoitzak erreferentziazko zentro bat izango du mugarri nagusi gisa”, osatu du.
 
 “Azpimarratu nahiko nuke apustu estrategiko hauek eta horiei lotutako erreferentziazko zentro horiek garatzeko garaian, Europako erreferentzia aurreratuenak ari garela kontuan hartzen. Gipuzkoa indartzeko eta bertako indarguneak aprobetxatzeko ekimenak dira, baina adibide aurreratuenak kontuan izaten ari gara, bai gure programak, baita aipatutako erreferentziazko zentroak, garatzeko garaian”, osatu du Ainhoa Aizpuru diputatuak.
 
“Etorkizuneko ekonomiaren oinarriak jartzeko apustuak Ekonomia Suspertzeko Planaren lerro guztietan eragiten du. Enpresen arteko elkarlan egitasmoak indartuko ditugu, berrikuntza eta nazioartetze lerroak sendotuko ditugu, balio handiko ekonomia aktibitatea sortuko du, talentuaren alorrean estrategia plazaratuko dugu… programa horiek guztiek egungo eta etorkizuneko desafioei erantzuteko helburua dute”, laburbildu du diputatuak.