Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aspargik “Salsa para tu coco” liburua aurkeztu du, garunerako osasungarriak diren Martin Berasategiren 86 errezetaz osatua

Aspargik “Salsa para tu coco” liburua aurkeztu du, garunerako osasungarriak diren Martin Berasategiren 86 errezetaz osatua

Gipuzkoako Parkinson Elkartearen argitalpena dagoeneko salgai dago liburu dendetan, eta errezetez gain Gurutz Linazasororen artikuluak, Miguel Larrarteren ilustrazioak eta Pascal Gaigneren musika CD bat biltzen ditu

Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Parkinson Elkarteak (Aspargi) “Salsa para tu coco. Alimentación y música para ser feliz” errezeta liburua aurkeztu dute gaur goizean, eta garunerako osasungarriak diren Martin Berasategi sukaldariaren 86 errezetaz gain, Gurutz Linazasoro neurologoak gaixotasun neurodegeneratiboen eta horien aurkako gaur egungo tratamenduen inguruan idatzitako artikuluak biltzen ditu. Liburuaren 6.000 ale atera dira eta dagoeneko salgai daude liburu dendetan. Lehen adierazitakoez aparte, liburuak Miguel Larrarteren ilustrazioak ditu eta Pascal Gaigneren musika CD bat dakar. Lau egileek modu altruistan lan egin dute argitalpen honetan, zeinaren helburua baita “dirua biltzea” Aspargi elkartearentzat eta Parkinsonen gaitzaren ikerketarako, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak aurkezpenean azaldu duenez. Diputatuarekin batera aurkezpenean izan dira Carmen de Olazabal Aspargiko lehendakaria eta liburuaren lau egileak: Martin Berasategi sukaldaria, Gurutz Linazasoro neurologoa, Miguel Larrarte ilustratzailea eta Pascal Gaigne musikaria.

Aspargiko lehendakariaren hitzetan “Martin Berasategiren errezetak erraz egitekoak eta gure garuna baldintza ezin hobean mantentzeko gomendagarriak dira. Gurutz Linazasororen artikuluek sentsibilitate handiz definitzen dituzte gaixotasun neurodegeneratiboak eta bere gaur egungo tratamenduak”. Era berean, gaineratu du Miguel Larrarte ilustratzailearen akuarelak “artez eta irudimenez” beteta daudela, eta azpimarratu du oso proposamen berritzailea dela gastronomia, zientzia eta arte liburu batek musika ere eranstea, kasu honetan Pascal Gaignek konposatutakoa, eta hainbat musikariren laguntzaz interpretatutakoa: Iñaki Salvador pianista, Javier Area  perkusionista eta Iñaki Dieguez akordeoilaria. “Ez dugu zalantzarik akonpainamendu paregabea izango dela musika Martinen errezeta bikainak prestatzeko garaian, eta Gurutzen artikulu sentikorrak irakurtzerakoan” nabarmendu du Olazabal andreak.

Gaitzaren datu orokorrei dagokienez, Gipuzkoan gaitza hori duten 1.600 pertsona inguru daude, eta emakumeen eta gizonen arteko proportzioa paretsua da, Aspargiko lehendakariak azaldu duenez. “Urtero Parkinsoneko 140 kasu berri diagnostikatzen dira, % 85a 55-65 urteko pertsonak dira, eta gizonen eta emakumeen kopurua antzekoa da. Gainerako % 15a, 40-45 urteko pertsonen artean diagnostikatzen da”. “Horregatik –gaineratu du-, elkartean saiatzen gara desmitifikatzen Parkinsona adinekoen gaitza dela, izan ere, gaur egun dugun bizi itxaropena kontuan hartuta,  pertsona horiek oraindik gazteak dira”.

Diputatuak azpimarratu duenez, “funtsezkoa da ikertzen jarraitzea, ez bakarrik sendabide bat aurkitzeko, baita Parkinsona duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko ere. Baina, horrekin batera, oso garrantzitsua da diagnostiko goiztiar bat egitea, gaixoen autonomia sustatzea eta narriadura fisikoa eta psikologikoa atzeratzea”. Zentzu horretan “funtsezkotzat” jo du Aspargik Gipuzkoan egiten duen lana, gaixotasun hori duten pertsonek osasun arretaz gain babes sozial eta psikologiko handia behar izaten baitute, eta hori elkartearen bitartez lortzen dute. Era horretan “askoz errazagoa izaten da” depresio, antsietate eta bakartze prozesuak saihestea.

Hori guztia kontuan hartuta, Peñak azaldu du Gizarte Politikako Departamentuak lankidetza ekonomikoko hitzarmen bat duela Aspargi elkartearekin, batetik, Parkinsona duten gaixoei eta beren familiei laguntza psikosoziala eskaintzeko eta, bestetik, zabalkundeko, sentsibilizazioko, boluntariotzako eta bestelako jarduerak burutzeko. 

  

1567