Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Autobusetan geraldiak iragartzeko ahots-mezuak gehitu ditu Lurraldebusek

Autobusetan geraldiak iragartzeko ahots-mezuak gehitu ditu Lurraldebusek

Sentsibilizazio-kanpaina batek hedatuko du zerbitzu berria, ikusmen-zailtasunak eta beste desgaitasun batzuk dituzten pertsonen kolektiboek eskatuta. Urteak dira zerbitzu hau beste garraio-sistema batzuetan erabiltzen hasi zirenetik mundu osoan zehar

2017/10/11

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru departamentuak, Marisol Garmendia sozialistak zuzentzen duenak, ahots-mezuen zerbitzu bat jarri du abian Lurraldebuseko autobusetan, ibilaldiaren hurrengo geraldiaren berri emateko. Zerbitzu honek, duela egun batzuk abian jarriak, erantzun egiten die hainbat kolektibo soziali, ikusmen-zailtasunak eta beste zenbait zailtasun izan ohi dituzten pertsonen eguneroko bizitzan hobekuntzak aldarrikatzen dihardutenei. Sistema hau gehitzeko eskatu zioten haiek Aldundiari garraio publikoaren erabilera eta pertsonen mugikortasuna erraztearren.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiarekin batera hainbat kolektibok babestu dute Lurraldebuseko zerbitzu berriaren aurkezpena, besteren artean: Begiris (pertsona itsuen eta ikusmen-murriztasuna dutenen inklusioa sustatzeko elkartea), Begisare (erretinosi pigmentarioak Gipuzkoan eragindakoen elkartea), AGI (ikusmen-urritasuna dutenen Gipuzkoako elkartea), ELKARTU (Gipuzkoako gutxitasun fisikoa duten pertsonen federazio koordinatzailea), Nagusilan, ONCE edo Gurutze Gorria.

Garmendiak adierazi duenez, “Lurraldebusen flotako autobus guztietan dagoeneko instalatu den zerbitzu berri hau erabilerraztasun unibertsalari egindako ekarpen bat da; gainera, ikusmen-arazoak dituztenentzat ez ezik, onuragarria da garraio publikoaren erabiltzaile guztientzat ere, behar den aurrerapenarekin entzungo baitute zein den autobusaren hurrengo geraldia”.

Lurraldebusen zerbitzua egunero erabiltzean zailtasun jakin batzuk izan ohi zituzten pertsonen arazoak –kontua hartuta ez zegoela haien premietara egokituta– Aldundiari azaldu zizkioten kolektibo batzuen eta Gipuzkoako Batzar Nagusiaren eskakizun batek bermatutako eskaera izan da. Beste garraio-eredu publiko batzuek, Euskotrenek, Renfek edo Metroak, gehituta dute lehendik zerbitzu hau, baina aitzindari da Euskadiko autobusetan. Abian jartzea defendatu duten kolektiboek lurraldeko gainerako lekuek ere beren autobusetan ahots-mezu horiek gehitzea nahi dute.

Mezuak behar den aurrerapenarekin entzuten dira bai euskaraz bai gaztelaniaz. Zerbitzu berria saio modura erabiltzen ari dira egun hauetan, eta zaratei buruzko araudia betetzen du, eragozpena izan ez dadin autobusean doazen gainerako bidaiarientzat.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako departamentuak sentsibilizazio-kanpaina informatibo bat garatuko du zerbitzua herritarrei eta bereziki Lurraldebuseko erabiltzaileei aurkezteko. "Abantaila berri bat da gure ustez, gure zerbitzuaren hobekuntza bat, Lurraldebuseko erabiltzaileekin partekatu nahi duguna. Uste osoa dut zerbitzu honek hiritarren eta autobus-zerbitzuen erabiltzaileen babesa duela, berau eskatzen ziharduten pertsonentzako hobekuntza bat baitakar eta erabiltzaile guztiak izango dira onuradun", azpimarratu du foru diputatu Marisol Garmendiak.

Kanpainan, berau babesten duten kolektibo desberdinetako pertsonek foileto bana banatuko diete autobusetako erabiltzaileei, eta lortu nahi diren helburu guztiak zehazten dira bertan. Lurraldebusen lau lineetan egingo da, lau egunez, urriaren 17tik 20ra. Gainera, pegatinak ipiniko dira autobusen barnealdean zerbitzu berria ezagutzera emateko.

 

  

1617