Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Babes gabeko pertsonen arreta bultzatuko da diru-laguntzekin

Babes gabeko pertsonen arreta bultzatuko da diru-laguntzekin

Gipuzkoako irabazi asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntza deialdia onartu du Gobernu Kontseiluak, 850.000 eurokoa

2017/01/10
Imanol Lasa Gobernu Kontseilua Consejo de Gobierno

Gipuzkoan gizarte zerbitzuen eremuan diharduten irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateei zuzendutako diru laguntzen 2017ko deialdia onartu du Gobernu Kontseiluak. 850.000 euro bideratuko ditu guztira, honako lan ildoetan banatuta: gizarte esku hartzeko programak -720.000 euro-, prebentzioa eta sentsibilizazioa -110.000 euro- eta gizarte behar berrien eta gizarte arretaren inguruko ikerketa eta berrikuntza proiektuak -20.000 euro-.

Imanol Lasa foru bozeramaileak zehaztutakoaren arabera, babesgabetasun egoeran dauden pertsona eta kolektiboekin lan egiten duten elkarteen jarduna bultzatzea dute helburu dirulaguntzok: mendekotasuna edota desgaitasuna, babesik gabeko adin txikikoak, adinekoak, eta indarkeria matxistaren biktimak. Gizarteratze, familia edo boluntariotza arloetan lan egiten duten entitateak ere dira onuradun. 2016an, deialdi honen bidez, 240 programa jarri ziren martxan, Gipuzkoako 95 elkarteren eskutik.

Gizarte esku hartzeko programek osatzen dute lan ildo inportanteena, eta dotazio ekonomiko altuena duena.  Horien barruan, arreta integrala bultzatzen da pertsona eta kolektiboentzat, honako ekintzak aintzat hartuta: harrera, laguntza eta baliabideen inguruko orientazioa, arreta psikologikoa –norbanakoa eta taldekakoa-, aholkularitza juridikoa, gizarteratze komunitarioko jarduerak, autolaguntza taldeak, eta ikastaroen antolaketa elkarteetako bazkideentzat, kolaboratzaileentzat, eta boluntarioentzat.

Ikerketa proiektuak sustatzeko lan ildoari dagokionez, helburu bezala dauzka, besteak beste, gizarte zerbitzuek har ditzaketen gizarte behar berriak definitzea eta neurtzea, eta pertsonekin, familiekin eta taldeekin egin beharreko gizarte esku hartze berritzaileen emaitzak praktikan jartzea eta ebaluatzea. Aurten, gizarte inklusioari lotutako proiektuei eman nahi zaie lehentasuna. “Berrikuntza eta ikerketa ezin dira bakarrik arlo ekonomikora mugatu. Gizarte politiketan ere, ezinbestekoa da esperimentatzea eta etorkizunari aurre hartzea”, adierazi du Lasak. Ildo horretan, gogorarazi du Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren proiektu inportanteenetako bat, zahartzearen arretarako “erreferentziazko” zentro bat sortzea izango dela. 

Dirulaguntzen inguruko informazio guztia GAOn argitaratuko da laster, eta Aldundiaren egoitza elektronikoan (www.gfaegoitza.eus) ere egongo da eskuragarri. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, oinarrien publikaziotik hasita. Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, gizarte ekimeneko entitate eta elkarteak, “horietako asko tamaina txikikoak”, funtsezko partaideak dira gizarte babeserako sistemak behar bezala funtzionatzeko. “Erakundeok haien eskutik joan behar dugu, haien gertutasunagatik, askotan gu iristen ez garen tokira iristen direlako, kaleko errealitatea ezagutzen dutelako, eta badakitelako zeintzuk diren behar zehatzak”. 

Haren esanetan, Gipuzkoaren gizarte arretarako sistemak, bi ezaugarri nagusi eta bereizgarri dauzka, “eredu” bihurtzera eraman dutenak. “Alde batetik, hirugarren sektorearekiko elkarlana, etorkizunari modu kolektiboan aurre egiteko,eta gizarte ekonomikoki eta sozialki orekatua eraikitzeko oinarri gisa. Ezin da ekimen soziala ordezkatu; osatu behar dugu, guztioi eragiten diguten arazoei eta erronkei aurre egiteko modurik onena ahaleginak eta indarrak batzea delako, hain zuzen. Eta bestetik, pertsonengan, beraien bizi kalitatean eta duintasunean oinarritutako arreta, ezin dugulako inor atzean utzi”. 

Itsasoko batzorde kudeatzailearen izendapena

Halaber, Gobernu Kontseiluak onartu du Itsaso udalerrian eratu beharreko batzorde kudeatzaileko kideak izendatzea. Batzorde horrek zuzenduko du udalerria eta kudeatuko ditu haren gaiak hurrengo udal hauteskundeak egin eta dagozkion gobernu organoak eratu arte. Gorka Sasieta Barrenetxea, Jose Maria Barrenetxea Aldanondo, Anttoni Okariz Gorrotxategi, Maria Isabel Olanga Zabala eta Xabier Elgarresta Minteguik osatuko dute batzordea bokal gisa, eta guztien artean aukeratzen duten kideak egingo ditu presidente lanak.

Azken udal hauteskundeetan, 2015ekoetan, Itsasori dagokion mahaian izandako emaitzen arabera osatu da zerrenda. Hala, Aldundiak ontzat eman du Ezkio-Itsasokoak (EIK) hautesle elkarteak egindako proposamena –berak irabazi zituen hauteskundeak, baleko 321 botoetatik 277 eskuratuta-, dokumentazio guztia aurkeztu ondoren, proposatutako pertsonek legediak eskatzen dituen betekizunak betetzen dituztela iritzita. Batzorde osatu berriari “elkarlanerako borondate osoa” adierazi dio Lasak Aldundiaren izenean, bereizketa gauzatzeko foru erakundearen parte-hartzea eskatzen duten aktuazio guztiei begira. Helburu horrekin, Arbitraje Batzorde bat sortuko da bi aldeen parte-hartzearekin. 

  

1235