Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak Barcelona Turismoren eskualdeko informazio bulegoen sarea izan du inspirazio iturri

Gipuzkoak Barcelona Turismoren eskualdeko informazio bulegoen sarea izan du inspirazio iturri

Aldundiak turismo produktuen merkaturatzearekin eta etorkizunerako informazio estatistikoa jasotzearekin loturiko esperientziak bildu ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza batek Bartzelona probintzia osoko erakargarri turistikoen berri ematen duten hainbat informazio bulego bisitatuko ditu gaur eta bihar. Denis Itxaso foru diputatuak, Maite Cruzado Turismoko zuzendariak eta Explore San Sebastian Region turismo bulegoko zuzendari Cristina Iturriagagoitiak osatutako ordezkaritza horrek bilera egin du gaur goizean Bartzelonako turismo diputatuarekin, eta zuzenean turismoaren kudeaketaz arduratzen diren udaletxeko eta Aldundiko zuzendariekin.

«Bartzelona estrategia oso burutsuak ari da garatzen, hiriburuko metaketa arintzeko eta turismo fluxuak probintzia osoan hobeto banatzeko; handik kanpo ere bisitarientzat interes handiko erakargarriak daude. Bistakoa da estrategia horrek lagundu egiten duela egonaldien batez bestekoa luzatzen eta turismo industriak sortzen duen aberastasuna hobeto banatzen», baieztatu du Itxasok.

Bilera horietan landu den beste alderdi bat informazio bilketari dagokiona izan da; izan ere, estatistikak osatzea lagungarri izan daiteke turismo arloan erabaki egokiagoak hartzeko. «Estrategia ororen oinarri izan behar dute lurralde osoko datu bilketek, turisten asebetetze inkestek eta turismo produktu desberdinen errentagarritasunaren inguruko neurketek, horien bidez ezagutzen baitira sektoreak aberastasuna sortzeko duen benetako eragina eta eraginkortasuna».

Itxasok jakinarazi du bere Departamentuak borondatea duela 2017 urtean Turismoaren Behatoki bat osatzeko, hain zuzen, turismo jasangarriaren mundu mailako urtea izango den honetan. «Gure norakoak jasangarria izan behar du, ala ez da izango. Ihes egin behar diogu masifikazioari, arrunt bilakatzeari, eta balio erantsiaren eta jasangarritasunaren alde egin behar dugu. Estrategia horren ildoan, Boulevardeko Explore San Sebastian Region bulego berriak funtsezko egitekoa du, hura baita gure lurraldera –barnealdera zein kostaldera– turismo fluxu handiagoak ekarriko dituzten produktuak merkaturatzeko tresna nagusia», adierazi du. 

  

1576